Krisialdi baterako azalak

Mundu osoan zabaldu da COVID-19a, eta krisi horrek bete ditu munduko egunkarietako eta aldizkarietako azalak. Diseinu adituen arabera, ordea, gaur egungoa aro txarra da azalentzat. Kasu gutxitan eman die atentzioa azalen diseinuak; 'The New Yorker' aldizkariarena da salbuespenetako bat.

urtzi urkizu
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun

Azal baten argazkiak edo irudiak indarra badu, apenas hitzik behar duen, errealitatearen ispilu zuzena delako». Hala uste du Nagore Kochek, Gaztezulo aldizkariaren azalen diseinatzaileak. Baina azkeneko asteetan, koronabirusaren krisiarekin, azal esanguratsu gutxi argitaratu direla uste du Kochek. Baita Danel Agirre BERRIAren diseinu egileak eta Goio Arana Mondragon Unibertsitateko komunikazio arduradun eta diseinu adituak ere. Agirre ezkorra da gaur egungo azalen kalitateari dagokionez: «Oro har, uste dut aro txarrean gaudela azalei dagokienez. Azal onak egiteko, astia behar da, horretan bakarrik orduak pasatuko dituen talde bat. Ez dago garai bateko mimorik; ez, behintzat, egunkarietan eta informaziora emandako aldizkarietan».

Hala eta guztiz ere, azkeneko egunetan argitaratu dira zenbait azal ikusgarri. Horietako bat The New Yorker AEBetako aldizkariarena izan da: martxoaren amaierako zenbakian, tren geltoki baten marrazkia ageri da, eta bertan garbitzaile bat, bere bakardadean. Salbuespentzat jo du Agirrek: «Ale ederra da, baina beste modalitate bat da. Aldizkari horrek astero ilustratzaile ezberdin bati ematen dio azala, munduko onenetakoak izaten dira, eta azalak sarri jeniotsuak dira. Baina ez da agerkari gehienek imita dezaketen eredu bat, ez dute horrelako marrazkilaririk ordaindu ahal. Ohiko argitalpenetan, erredakzioetatik ateratzen dira azalak, kazetariek eta maketatzaileek sortuak». Koronabirusaren krisiaren lehen egunetan, ilustrazio gehiago eraman ziren azaletara, Aranaren arabera. «Hasieran, hedabideek ilustrazioetara jo dute baliabide informatibo-ilustratibo gisa —horretan, aldizkariak egunkariak baino gehiago—. Erredakziora argazki onak iritsi artean, eta bestela ere, ilustrazioek sekulako ahalmena dutelako giroa, sentipenak, eta sentsazioak transmititzeko; hori oso ondo baliatu dute zenbaitek. The New Yorker-en azalaren kasua da».

Denboran aurrera egin ahala, argazkiak joan dira nagusituz COVID-19aren argitalpenen azaletan. Nahiz eta egunotan ilustrazio esanguratsu batzuk ere argitaratu diren; adibidez, Goizalde Landabaso EITBko irratietako kazetari eta BERRIAko kolaboratzaileak «Buf... zein ona!» txiokatu du, The Economist aldizkariaren azken azala definitzeko. Bertan, esku handi batek soka batekin herritar bat du lotua, eta herritar horrek —maskara jarria du— txakur baten soka heltzen du. Everything's under control dio lerroburuak (Dena kontrolpean dago).

Kochi gustatu zaio The New Yorker-en azala, baina katalanezko Ara egunkariak argitaratu duen beste batek eman dio atentzioa. «Egunkari eta aldizkari gehienek osasun arloko langileak edo pertsona maskaradunak eramaten dituzte azalera. Sentsazionalismoarekin batzuetan... Beste batzuek, aldiz, umore apur bat ere erantsi diote presio kutsu batekin, Ara egunkariak, kasurako: kaletik doan pertsona bati atzean ageri de margolan maskaradun batek etxean egon behar dela gogorarazten dio». Dena den, Gaztezulo-ren azalen diseinatzaileari iruditzen zaio COVID-19aren krisian azaletatik kanpo gelditu direla zenbait gai: «Preso dauden pertsonak, autismoa, alzheimerra edo bestelako gaixotasunak pairatzen dituzten pertsona eta egoera ugari daude, lehendik ere bakardadean zeuden pertsonak... Horien falta sumatu dut azaletan».

Agirrek aipatu du Bloomberg Business aldizkariko azalak dituela gogoko. Toki esanguratsuak erabat hutsik islatu ditu aldizkariak azkeneko azaletan. «Aldizkari informatiboetan bera izan da azken urteetan grafikoki ekarpen interesgarriak egin dituen ia bakarra, bere ukitu punkarekin. Oraingoan, munduan dituen edizio ezberdinetan, plaza eta kale ospetsuak hutsik erakutsi ditu, modu elegantean, baina ezer berezirik gabe. Aldiz, munduko egunkarietan, gehienek amore eman dutela esango nuke, saiatu ere ez dira egiten azal onak egiten».

'Der Spiegel' gogor kritikatu dute

Koronabirusaren zabalpena Asiatik Europara joan ahala, Europako hedabideen azaletan zabaldu diren mezuak aldatuz joan dira. Era berean, azalen diseinuagatik baino gehiago, mezuetako lerro editorialek eman dute sarri zer esana; Alemaniako Der Spiegel aldizkariak, adibidez, otsailean Made in China lerroburuko azala argitaratu zuen. «Arrazakeria sustatzeagatik», makina bat kritika egin zioten, eta Txinak Berlinen duen enbaxadak salatu zuen halako azalek «izua» eta «arraza diskriminazioa» zabaldu baino ez dutela egiten. Agirreri azal «nazkagarria» iruditu zaio: «Aldizkari horrek arazo xelebre bat du: haren azalak edukia baino askoz txarragoak dira. Kanpoalde ia sentsazionalista begiratu, eta ia harritu egiten du gero gaiak sakon eta taxuz lantzen dituen aldizkaria dela egiaztatzea».Urtarrileko azken astean, Frantziako Courrier Picard egunkariak ere kritika mordoa jaso zituen sare sozialetan, Alerte jaune (Alerta horia) lerroburuko azala argitaratu zuenean. Pandemiak Mendebaldeko gizarteak jo dituen honetan, desagertu egin dira halako azal gehienak.

Kochen ustez, egunkarietako eta aldizkarietako azalek eragin handia izan dezakete herritarrengan. «Aurkezpena izateaz gain, azala amua da irakurlea zurera erakartzeko. Hedabide askok oso irudi gogorrak eta tristeak erabili izan dituzte salmentak areagotzeko. Jendea ohitu egin gara hilotzak ikusten eta besteen sufrimendua oso gertu ikusten, show bat balitz bezala». Fenomeno hori «pandemia larritzat» jo du Gaztezulo-ren diseinatzaileak. COVID-19arekin lotutako beste azal bat aipatu du,atentzioan eman diotenen artean: Poloniako Poliyka aldizkariarena. Izurri beltzaren pertsonaiaren ilustrazio koloretsu bat du, Izurria al dator? lerroburuarekin,

Ilustrazioak «sekulako tresna narratiboak» izan daitezkeela iruditzen zaio Aranari. Azkeneko egunetan, ordea, argazki «ikusgarriek» hartu dute indarra. «Etorri dira argazkilarien lanak. Dagoeneko hasi dira argitaratzen argazki indartsuak. Izan ere, dagoen egoera oso erakargarria izan behar du argazkilari baten begientzat: kaleak hutsik, ilara luze horiek espaloietan, jendea maskara eta eskularruekin kalean, ospitaleetako giroa eta abar». Itxialdietako argazkiak ere aurki iritsiko direla iruditzen zaio: «Familiak, telelana, umeak.... etxezuloko argazkien erreportaje bikainak ikusiko ditugu».

Agirrek oraindik ez du ikusi krisi honen azal ikonikorik. «Konfinamendua eta adinekoena iruditzen zaizkit interesgarrienak, editorial aldetik eta grafikoki. BERRIAk horri heldu zion martxoaren 22ko azalean». Edonola ere, haren ustez, azal batek hiru ezaugarri bete behar dituela perfektua izateko. «Tesi oso argi bat, batetik; tesi hori ekoizkin grafiko bilakatuko duen ideia on bat, bestetik. Eta ideia hori irakurleari modu ulerterrazean aurkeztuko dioten osagaiekin argazki, marrazki, grafiko, titular, testu eta behar direnak bakarrik erabilita bete-betean asmatu, eta xehetasunak behar den moduan zaintzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.