KRITIKA. Musika

Norabide garbia

2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun

Ensemble Siciliano

Musikariak: Julia Siciliano (pianoa), Irene Etxebeste (biolina), Juan Ignacio Emme (biolontxeloa), Delphine Dupuy (biola). Egitaraua: L. v. Beethovenen 1. sonata, op. 5, biolontxelo eta pianoarako; 4. sonata, op. 23, biolin eta pianorako; eta op. 16 pianorako laukotea. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Urriak 4.

Julia Siciliano pianista estatubatuarrak beste geldialdi bat egin du Ludwig van Beethovenen trio zein piano eta harientzako sonata guztiak biltzeko helburuz urte honen hasieran ireki zuen ibilbidean. Euskadiko Orkestrako hiru musikari izan ditu oraingoan bidaide: Irene Etxebeste biolinean, Juan Ignacio Emme biolontxeloan eta Delphine Dupuy biolan.

Op. 5 osatzen duten sonatak idatzi zituen urtean, 1796an, Beethovenek Praga, Dresden, Leipzig eta Berlin bisitatu zituen. Ulertzekoa da bidaia horretatik biolontxelo eta pianorako bi sonatekin atera izana, izan ere Bonneko jeinuak bere birtuosismoa erakusteko beharra zuen eta Duport anaiak —biolontxelo jotzaileak biak— Friedrich Wilhelm II.aren gortean lanean zeuden garai hartan. Lehen sonatak bi mugimendu ditu soilik, tempoaren bizitasunaren eta bi instrumentuen hartu-emanaren gainetik Sicilianok eta Emmek norabide garbiaz gidatu zituztenak. Gozatzekoa da azken honek nola zaintzen dituen fraseatzea eta instrumentuaren kolorea.

Ez da hain ezaguna biolina eta pianoarentzat 1800. urtean idatzitako 4. sonata, baina bada Beethovenek hartutako bide bereziaren erakusle garbia. Bukaera bizia eta sutsua dirudien lehen mugimenduan isiluneak eta gaien transformazioak dira nagusi, zeinean Etxebestek dinamika luze eta oparoak zabaldu zituen. Teklak eta hariak harrapaketan jolasten dabiltzala dirudi bigarren mugimenduan, Andante-aren eta scherzo-aren baturak inposatutako erritmoan, pianoa zehatz.

Kontzertua itxi zuen op. 16 obra jatorriz haize boskotearentzat idatzi bazuen ere, berehala moldatu zuen Beethovenek piano eta harientzat. Lehen mugimenduaren sarrera luzean laukoteak erakutsitako oreka obra guztian mantendu zen, Dupuyren biolaren presentzia apal, fin eta ziurraz hornituta. Andante cantabile-an Sicilianok maisuki marraztu zuen melodia, azken rondoaren garapenean energia nahikoa utziz.

Sicilianoren ahozko aurkezpena goraipatzekoa den arren, gutxienekoa litzateke entzuleei esku-programa landua eskaintzea. Musikak eta musikariek merezi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.