Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Heriotza, transistorearekin

2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Kepa Arroitajauregi. Afizionatuen mailako pilotaren sustapenari emana bizi zen 48 urteko gizona hil zen, ostegunean. Pilotari ohia, gaztetxoen prestatzailea eta zuzendari teknikoa, epailea, federazioko kudeatzailea... Komunikabideei dagokienez, Iurretakoak (Bizkaia) afizionatuen atala kronikekin eta emaitzekin jorratzen zuen Katedra saioan, EIn astelehen gauero (22:00-23:00), Iñaki Elortzarekin hamabost urtez, eta Kepa Iribarrekin egun. Pilotari profesionalen inguruko glamourrezko kazetaritzatik kanpo, profesionaltasunik handienarekin betetzen zuen zeregina irratian. Pilota unibertsoko zeruak izartsu jarrai dezan ezinbestekoak izan ohi diren inurri langile horietako bat izan zen.

Chema Candela. RN1eko kirol-esataria martxoaren 20an hil zen, xomorroak harrapatuta. Madrilen, etxeko ohean eta bakarrik. Hildako 62 pertsonaren inguruko erreportaje batean aipatu du El País egunkariak herenegun. Bakartasuna tristeziarekin identifikatu nahiko zuen erreportajeak, akaso. Candelaren kasuan, nobela bat idazteko moduko xehetasunak agertzen zaizkigu: suhiltzaileek, leihoa txikituta etxean sartu, eta irrati-transistore baten hotsari jarraituz lokalizatu zuten. Ohean, sei bat egun gaixorik eta beste sei hilik, transistorea aldamenean azken bidaide gisa. Baldin eta heriotza gozorik badago, horixe izan liteke haren bihotzeko Atletico Madrilekin zale suharren pare jokatzen zuen kazetariarentzat.

Angels Barcelo.Hoy por hoy goiz magazinean, osteguneko editorialean haizatutako mezuak (Sanchezen fidagarritasuna zalantzan jarriz) egundoko inpaktua eragin du. Harridura, sozialismo mediatikoaren ahotsik progresistenetakoa dela uste delako. Baina Kataluniako auzian argi utzi zuen barneratuta daukala Espainian kazetari influencer bat izateko zein den mandamentua: 78ko erregimenaren Espainia-bat-bakarra-ri amen egin. Bestetik, ez da ahantzi behar SEReko interesen defendatzaile fidela dela. Etxe hori ez dabil gozo: kolokan audientziaren lidergoa, iragarkien diru-iturria etenda... Ez du nahi Podemosen eskutik zabuka dabilen gobernua, faboreakalbisteen esklusibak, sosen eskupekoak... eskura jarriko dizkion gobernu otzana baizik. Errekadutzat ulertu beharko genuke, hortaz, Barceloren indar erakustaldia, Prisa enporio mediatiko ekonomikoaren ariete gisa egin duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.