Literatura. 'Maitasun keinu bat besterik ez'

Nazio kontakizun berria

Egilea: Hasier Arraiz. Argitaletxea: Erein.

2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hasier Arraizen Maitasun keinu bat besterik ez (Erein, 2019) saiakera bi zati nagusitan banatzen da. Lehen atalean idazle belaunaldi bat aurkezten digu Arraizek. Bigarrenean, ostera, hainbat gogoeta plazaratzen ditu, garaiaren egoera politikoaz eta honen baitan kontakizunek duten garrantzi politikoaz.

Erratuta egon naiteke, baina irudipena dut aspaldian ez dela belaunaldi berri bat modu ezaugarritu batean finkatu. Tropelaren edo belaunaldi galdu deritzonaren ostean zetorren belaunaldiaz hitz egin izan da, baina belaunaldi horretako idazleak ez dira liburu batean horrela aurkeztu, uste dut. Belaunaldien auzia lausoa eta eztabaidatu beharrekoa da, eta proposamen hau izan daiteke horretarako abiapuntu bat. Belaunaldi zatitua da, ordea, irakurleari aurkezten zaiona, narratibari behatu baitio gehienbat Arraizek egileen obra aztertzerakoan. Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Mikel Peruarena Ansa, Unai Elorriaga, Ixiar Rozas, Karmele Jaio, Ur Apalategi, Lander Garro, Uxue Alberdi eta Katixa Agirre hartzen ditu belaunaldi berriko idazleen erakusgarri gisa, eta Uribe kokatzen guztien buru, nolabait; iparrorratz, bederen.

Aipatu idazleen ibilbideak gainbegiratu ostean, Uriberen obra xeheago aztertzeari ekiten dio Arraizek, saiakerako gaietako bat den post-postmodernitate zantzuak topatzen dizkiolarik ondarroarraren azken eleberriari. Lehen zatian, normalizazioaren belaunaldi gisa definitu nahi duen honi buruz aritzean, hainbat alderdi gatazkatsu modu azalekoegian aipatzen dituela iruditu zait, balizko normalizazio hori zalantzan jarri gabe, adibidez.

Bigarren atala, filosofia politikoaren eta narratologiaren artean, beste bide batetik abiatzen da zeharo. Delako belaunaldi berriak orain arteko jarduna garatu duen garaian mendebaldeko egoera politikoak jasandako eraldaketa aztertzen du Arraizek, gaur egungo Euskal Herriraino helduz. «Ezkerreko anemia intelektualaren» aurrean proposamen argiekin dator Arraiz, betiereko diruditen eztabaidetara arnasa berria ekartzera, «kontakizunaren lehia» delakoaren inguruan, batez ere.

Liburu mardula da, ertz askotara heltzen dena, nahiz eta batzuetan, agian, azalekoegi. Eztabaidarako eta gogoetarako abiapuntu interesgarria izan daiteke, mahaigaineratzen dituen gaietako asko, presente eduki arren, patxadaz plazaratzeko ohitura handirik ez baitago. Hala eta guztiz ere, saiakera, oro har, gorabeheratsua iruditu zait; lantzen dituen gaien ugaritasunaren eta askotarikotasunaren ondorioz, ziurrenik. Era berean, bi atalen arteko loturak ere ez dira oso garbiak: gurari batek baino gutxi gehiagok elkartzen ditu askotan. Amaiera aldera itzultzen da belaunaldi berriko idazleengana, misio edo proposamen batekin: nazio kontakizun berriaren eraikuntzaren parte izan daitezela. Egitekoa jartzen die: euskal eleberri on pila bat. Zaila horren aurka lerratzea.

Maitasun keinu bat besterik ez saiakeraren alderdirik interesgarriena, zalantzarik gabe, liburua eta bertako gogoetak biribiltzen dituena, Arraizen zintzotasuna da, erakusten duen zintzotasun intelektuala eta emozionala, eta ikuspegi propioa plazaratzeko ausardia, soka luzea ekarriko duena, espero dezagun, bai ikuspegi literariotik, eta baita politikotik ere, bata eta bestea banatzerik balego.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.