Literatura. 'Tupust! Zu'

Ertzetatik bihotzetara

Egilea: Askoren artean. Argitaletxea: Autoedizioa.

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Ni-ak definitzen duzu-a, eta ez dagozu-rik ni-rik ez badago. Ez dut nik esaten, aspaldi adierazi zuen Simone de Beauvoirrek bere Bigarren sexua saiakera gogoangarrian, eta diskurtso beretik dirau Tupust! kolektiboak argitaratu berri duen Tupust! Zu komiki bildumak ere: Ā«Zu. Bestea. Ni ez den hori. Niaren ardatza, niaren etsaia, niaren osagarri. ZU. Eta hemen gatoz gu zuaren itzulinguruanĀ». Tupust! komikigileen kolektiboa 2016an jaio zen Donostian, eta komikigileek ez ezik, talde eragile batek, eta hainbat ilustratzailek eta artista gonbidatuk ere osatzen dute taldea. Ordudanik bi komiki argitaratu dituzte, 2019an ni-aren ingurukoa; oraingo honetan, zu-ari egin diote lekua. Bi-biak bat datoz perspektiban eta hautu ideologikoan: komikien mezua ez da debaldekoa, feminismoaren ingurumarian jositakoak dira hitzak, zizelkatutakoak ilustrazioak, eta genero berdintasunaren, askatasunaren eta aniztasunaren aldarria dakarte elementu guztiek, gorazarre gordina eta esplizitua, itzulingururik gabe.

Bigarren pertsona gramatikala, zu, beste hori, horkoa. Izenburuek iradokitzen dutenez, hori da pertsonaia nagusia liburua osatzen duten hamazazpi komiki pusketan. Baina, beste hori ez da erdigunean jaio, periferiakoak baitira erakusten diren errealitateak, ertzetatik dihardute, bi aldiz dira subalterno. Guztiak dira ezberdinak, gainera, kontakizun bakoitzak, ahots bakoitzak bere istorioa eta kolorea du; zenbat artista, hainbat errealitate eta aurpegi aurkituko ditu irakurleak. Laranjaz eta urdinez koloreztatutako unibertsoan, kutsu errealistako konposizioak nagusitzen dira, nahiz eta zientzia fikziozkoak ere agertzen diren. Gustu kontua da; niri neuri, adibidez, lehenengo multzokoak iruditu zaizkit indartsuenak, mezu eta hausnarketarako abstrakzio gutxiago eskatzen duten heinean.

Patriarkatuaren pertsonifikazioak irekitzen du obra; dena den, kontakizun erotikoak ere aurkituko ditu irakurleak, masturbazioak eta satisfyer-ak; ahizpatasuna eta familiaren indarra (odolekoa izan, zein ez) ere nahiko presente daude, eta ekofeminismoa eta naturarekiko atxikimendua (eta atxikimendu falta), kapitalismoa eta presio soziala, gorpuztasuna eta amatasuna bidaide izan ditut irakurketa osoan zehar. Guztiarekin ere, hausnarketa asko eta sakonak erator daitezke azalean horren laburrak diruditen konposizioetatik. Horra hor liburuaren meritu handiena: hitz gutxirekin, eta askotan hitzik gabe ere, marrazki mutuen bidez, egungo gizartearen kritika eta analisi zehatza eta gaiztoa egitea lortzen du.

Esango nuke aspaldi honetan, nazioartean, komikiak feminismoaren diskurtsoak eraikitzeko baliabide emankorrak ari direla izaten, eta euskal literaturan ere joera horrek bere bidea hasi duela; gogora dezagun iazko Elisabeth Casillas eta Higinia Garairen Emakume guztiok obra zoragarria, eta nola ez, Tupust! kolektiboa eta honek ereindako hazi biak. Hitzek boterea adierazten dutela esan ohi da, baina, gero eta gehiago sinesten dut diskurtso piktorikoak ere boterea duela akuilu; zer esanik ez biak batzen direnean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.