Literatura. 'John Berger'

Margotuz bezala

Itzultzailea: Iñigo Roque. Bilduma: Munduko Poesia Kaierak. Argitaletxea: Susa.

2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Udazkena bezalaxe, iritsi da Munduko Poesia Kaieren labealdi berria ere, beste bi izen eranstera pixkanaka gizenduz doan bilduma koloretsuari. Susa argitaletxeak morez jantzita ekarri digu John Berger poeta londrestarra, duela bi urte zendua eta makina bat diziplina artistikotan aritua, poesiaz gain, batik bat arte plastikoen alorrean.

Agian horregatik, badirudi koadroak pintatzen diren bezala idazten dituela Bergerrek poemak, oso irudi plastikoekin ehunduz poemaren haria. Ez du, halere, hitzen lilurarik galtzen plastikotasun horretan; izan ere, poemetan irudi eder, emankor eta ugariak landuagatik, irudiok ez zaizkio sekula gailentzen poemari berari, eta oreka fin bati eusten dio: «Ametsetan/ txori-arrautza zeru-urdin bat aurkitu nuen./ Urdina kaleko teilatuekin elkartzen den tokian/ atabal-joka aritzen da ez aditzeko maneran./ Nire begiek ikusten dute soinua». Nabari da, halaber, Berger jabetzen dela plastikotasuneranzko bere joera horretaz, beldurrik gabe egiten baitie erreferentzia, esplizituki, artearen historiako izen nabarmen ez gutxiri:«Giorgionek izen bat ematen zion argi honi», dio poema baten hasieran, adibidez: intertestu piktorikoa, literarioa baino gehiago.

Plastikotasunaren autokontzientzia hori nabarmentzen da irudion antolaketan ere, ia narratiboki baitaude elkarri lotuak, eta aurrerantz mugitzen dira beti, destolestuz bezala, sekula gehiegi zamatu gabe baina sakon barneratuz irudi bakoitzean: «Burruntzaliaren ilargi / maspildu eztainuzkoa/ altxatzen da mendiaren ostetik/ eta jaisten lapikora/ belaunaldiak zerbitzatuz/ lurruna dariola/ baratzean/ hazitik etorritakoa bilduz/ patatekin loditurik».

Halatan, nago Bergerren poesiak hainbat mailatako irakurketak ametitzen dituela, eta, ondorioz, hainbat modu erabat desberdinetan goza daitekeela, hala axaletik leituta (irudien bizitasunetik) nola lerro bakoitza bizpahiru bider irakurrita ere, Bergerren iruditeriak atzean duen lirismo sarkorra zukutze aldera. Iruzkin hori boutade bat izango da akaso, poesia ia guztiaz esan baitaiteke, ziur aski, hainbat mailatako irakurraldiak ametitzen dituela (adituek jakingo dute hobeto). Baina iruditzen zait Bergerri dagokionez behintzat badela ezaugarri funtsezko bat, bereziki nabarmendu beharrekoa, gainera, horrek hainbat irakurle desberdinenganako bidea zelaitzen baitio, berdin poesiazale porrokatuaren atera edo lerro etenik apenas irakurri duenarenera. Horrekin ez diot, noski, Berger didaktikaren eremura kondenatu beharrekoa denik, baina esango nuke kaier hau ale polita dugula hasiberriari emateko.

Horiek esanda, merezi du aipatzea kaiera bera prestatzeko lana, bai itzulpenari dagokionez, bai poemen hautaketari dagokionez ere, zeina ez baita itzultzea baino lan xamurragoa. Hirurogei orriko poema sortaren antolaketa, kasuan kasuko hautu lexikoak eta hoskidetasunak, Autopotreta 1914-1918 poema Iparraldeko hizkeretara hurbiltzeko erabaki ausarta, Bergerren euskararen lerroz lerroko kadentzia... Horiek guztiak ez dizkiogu Bergerri berari zor, baizik itzultzaileari, Iñigo Roqueri, zeinak ohi duen lan bikaina eman baitigu kaier honetan ere. Nor den egileago, ingelesez idatzi zuena edo euskaraz eman duena, irakurleak esan beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.