Literatura. 'VHS'

Etorkizuna egiteko, iraganari tira

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Idazlea: Oier Guillan. Argitaletxea: Susa.

Alberto Fuguet idazle txiletarrak identitatearen formazioa azaltzen dio irakurleari VHS: unas memorias liburuan, gaztaroko film gogoangarriekin memoria ariketa bat eginez; objektu berak gaztaro literarioa gogorarazten du Guillanen VHS eleberrian (Susa). Bi-biek poema futurista baten eguneratzea dirudite, objektuak ingurua iradokitzen ahal duelarik.

Aurten irakurri dudan eleberririk ausartena da Guillanena, izpiritu haustaile abangoardista horrek laguntzen baitu idazlea testu osoan zehar: esperimentazio interesgarria eskaintzen du; dagoeneko ohikoak diren nobelaren deseraikuntzatik haragoko saiakeran, ausartzen delako eraikitzen. Testua bi planotan banandua dagoela esan daiteke: batetik, orainaldian gertatzen dena, zeinetan detektibe emozional batek iraganean gertatutako hilketa baten ingurukoak argitzen dituen; eta, bestetik, idazlearen alter ego-a datekeen fikziozko pertsonaia batek Andaluziara iraganean eginiko bidaia bat kontatzen du.

Liburua, idazleak adierazi bezala, road-novel baten estiloan dago osatua; testua eleberri baten moduan irudikatua egonagatik, hala ere, post-nobela baten adibidetzat ere jo dezakegu, eleberriaren barrualdea osatzen duten elementuen aurka egiten delako (denbora, espazioa, bilbea, pertsonaia...), eta formatu asko biltzen eta tartekatzen dituelako (hainbat arte-diziplina, genero, testu-zati...).

Eta esan daiteke eleberriaren hilketaren izaera hori bere-berezkoa duela idazle donostiarrak; berak hainbatetan aitortu duen bezala, antzerkigiletzat duelako idazletzat baino gehiago bere burua, nahiz eta azkenaldian bi alde horiek geroz eta gertuago ikusten dituen bere baitan. Horrela, ugariak dira liburuan egilearen alter ego-a den narratzailearen bakarrizketa poetizatuak edota testuari izaera transtestuala ematen dioten poema zati tartekatuak, eta baita antzerkigilearengan tipikoak diren dialogo luzeen txandak, hainbat pertsonaiaren agerpenetik eratortzen diren tramak, azpi-tramak eta abar. Finean, artea arnasten da liburu honen orrialdeetan barrena. Horregatik, behar ditugun idazleen artean dago Oier Guillan, liburuan zehar idazlearen alter ego-a den pertsonaiak errepikatzen duen bezala, «poesiaz zure bizitza egin, eta bizitzaz poesia» egin egiten duelako.

Detektibe emozionalaren erreferentziak iradokitzen duen gisan, beraz, emozioen aipamena da diferentziala lan honetan, idazlearen hautu estetikoan barne-grinak direlako sorkuntzarako abiapuntua, idazketak egilearen bizipenekin eta haiekiko dituen bulkadekin eduki beharko baitu lotura derrigorrez. Bide beretik, idazleak usu aipatu du bere idazle-jardunaren jatorria: euskara ikasteko hasi omen zen euskaraz idazten, ez bizitzarako hautu bezala, nahiz eta gerora hala bilakatu zen. Hartara, antzematen da idazketak egile honentzat esangura berezia duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.