Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Soinuak axola du

2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ostegun goizean, Radio Euskadiko Boulevard irratsaioa piztu nuen, Juan Cuatrecasas, Gaztelueta Ikastetxean sexu abusuen biktima elkarrizketatuko zutela aurreratu baitzuten sare sozialen bidez. Radio Euskadik iragarri moduan, solasaldi esklusiboa izango zen, sufritutakoa irratian lehen aldiz kontatuko zuen. Bitxia benetan, batez ere, argazki bat erabili izana elkarrizketa egin zutela esateko. Argazkian, Maider Martin eta Ander Arzak esatariak, eta Cuatrecasas agertzen ziren kafetegi bateko mahai baten bueltan, hiru mikrofono zituztela. Zerbaitek kirrinka egin zidan, gertaera baten berri emateko irudi bat erabiltzeak soinua baliabide duen hedabide batean, hain zuzen. Irudia, zerbait gertatu dela frogatzeko tresna hegemonikoa.

Ordu erdiko elkarrizketa aditu ondoren, saio horren formak hausnartzeko eman zidan. Ez naiz edukian bete-betean murgilduko, izugarria iruditzen baitzait kontatutako testigantza, beharrezkoa ikusten dudalako haren mintzoa eta, modu berean, zinez ausarta baiteritzot Cuatrecasasek aurrerapauso hori eman izanari. Halere, hizketaldian zehar kazetariek egindako galdera batzuk beste era batean adieraz zitezkeelakoan nago, testigantzaren mesedetan betiere. Esan gabe doa, tankera horretako elkarrizketa bat prestatzeak izan baduela bere baitan zailtasunik. Erronka itzela kazetariarentzat, ezbairik gabe.

Lehen aipatu moduan, saioaren forma izan zen nire duda-muda guztien abiapuntua. Elkarrizketa entzun, eta atentzioa eman zidan soinuaren kalitateak. Horren aurrean, eta solasaldiaren hasieran, Arzakek barkamena eskatu zuen entzungo ziren zaratengatik (kafetegi batean entzun daitezkeen soinuez ari zen), baina gaineratu zuen horrek ez zuela eraginik izango gaztearen mintzoan. Bada, ez nator bat. Izan ere, irratian, beste ezeren gainetik protagonistaren —eta esatarien— ahotsa ondo entzun behar da. Soinua zaindu behar da.

Hedabide gisa elkarrizketa egin izana edukiaren aurkezteko moduari gailendu zitzaiola uste dut. Eta tratamendu hori bereziki deigarria iruditu zitzaidan, nire iritzian, testigantzak berak aparteko garrantzia zuelako. Irratiak darabilen baliabidea indartsua da; soinuak eta isiltasunak uhinetan barna bidaiatzen dute eta entzuleen belarrietan gorpuzten dira. Ez dezagun gutxietsi indar hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.