Euskaldunak eta euskal kultura. Egoera soziolinguistikoa

ZENBAT GARA? ZER EGITEN DUGU?

Euskaldun gehienek ez dute euskarazko kultura kontsumitzen. Ondorio nagusi hori eman du Elkar fundazioaren eta Siadeco ikerketa elkartearen inkesta batek. 200.000 lagunera ez da iristen kontsumoa, eta muinean 40.000 pertsona daude, euskaldunen %5. Kopuru apala da, baina abiapuntu gisara ikusten dute adituek.

ZENBAT GARA? ZER EGITEN DUGU?.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Neurria jarri diote euskal kulturaren kontsumoari: euskaldun gehienek ez dute euskarazko kultur edukietara jotzen. Ondorio nagusi hori dakar Elkar fundazioak eta Siadeco ikerketa elkarteak orain bi aste aurkeztutako inkestak. Aztertutako aldagaien artean, euskarazko musika emanaldiek dute kontsumorik handiena, baina ez dira euskaldunen erdietara iristen. Irakurketan, publikoa ez da euskaldunen laurdenera heltzen. Antzeko kopuruak kalkulatu dituzte beste azterketa batzuek ere. Kontsumitzaile masa horren azterketa xeheagoa egin du Siadecok BERRIArentzat. 40.000 euskaldun inguruk osatzen dute muina, euskaldunen %5ek; euskarazko prentsa irakurtzen dute, gutxienez euskarazko hiru liburu urtean, eta euskarazko disko bat erosi. Horien alboan badira bi periferia. Bat, 33.000 euskaldun ingurukoa (%4): euskarazko prentsa bai, baina euskarazko libururik apenas. Bestea, 115.000 euskaldun bueltakoa (%15): euskarazko libururen bat urtean, baina hedabiderik ez. Guztiak batuta, 200.000 lagun ere ez. Euskaldunen laurdenak ere ez.

Ekarri du soka Elkar fundazioaren eta Siadecoren ikerketak. Ez da, hala ere, ezusteko handia izan adituentzat. 16 urtetik gorako herritarrei galdetu diete beren kultur kontsumoaz: bai euskarazko kontsumoaz, eta bai erdarazkoaz.

Datuak aztertzean, aintzat hartu behar da herritar gehienek ez dakitela euskaraz. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, 16 urte baino gehiagoko herritarren %28 dira euskaldunak: 750.000 lagun. Hor dago lehen muga, beraz. Baina, datuen arabera, euskaraz badakiten herritarrek ere erdaraz kontsumitzen dute gehien.

Abiapuntu gisa

Gero eta herritar gehiagok dakite euskaraz. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, duela 25 urte baino 223.000 gehiagok. Alde horretatik, uste izatekoa da publiko potentzial handiagoa duela euskarazko kulturak. Ñabardura handiak dituzte kopuru horiek, ordea. Euskaldun gehiago dago, bai, baina beste gisa batekoa da euskaldunen soslaia: gehienek aiseago egiten dute erdaraz, eta euskaldun dentsitate txikiko lekuetan bizi dira. Giro erdaldunean asko.

Egoera soziolinguistikoa kontuan hartu behar da, beraz, kontsumoa aztertzean. «Kopuru txikia da, etorkizunean eduki beharko genukeena baino txikiagoa. Baina, aldi berean, abiapuntu itxaropentsua da; azken hamarkadetan egin den lanaren emaitza da hori. Kopuru hori hutsaren hurrengoa izan zitekeen, baina ez, txikia bada ere, benetan esanguratsua da». Harkaitz Zubiri mintzo da; EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, eta euskal kultur kontsumoari buruzko azterketa ugari egindakoa. Abiapuntu txarra ez dela uste du Kike Amonarriz soziolinguistak ere: «Kontuan izanik euskaraz dakien jende asko guztiz ingurune erdaldunetan bizi dela eta ia harremanik ez duela euskararekin, kontuan izanik askok ez duela apenas irakurtzen, euskarazko kultur ekoizpenaren sustapena mugatua dela eta erdarazkoak askoz bozgorailu mediatiko handiagoak dituela, eta kontuan izanik euskaldun gehienei errazago zaiela erdaraz irakurtzea, kopuru hori lorpen handitzat joko nuke. Eta horrekin batera esango nuke euskarazko irakurleen kopurua handitzeko aukera handia dagoela».

Badago tartea. Liburu irakurleak hartuta, esate baterako, ohiko irakurleak, noizean behingoak eta ikasketei lotutakoak batuta, 315.000 lagun dira. «Horixe euskarazko produkzio idatziaren sabairik altuena. Erdarazko liburuetan sabai hori sei edo zazpi bider altuagoa da», azaldu du Siadecoko arduradun Juanjo Allurrek. Alegia, Zubiriren hitzetan: «Publiko potentziala kontuan hartuta, jende gehiagorengana iristea lortzen du erdarazko kulturak».

Argigarria da elebidunen kultur kontsumoa aztertzea. Siadecoren ikerketak berak, adibidez, datu hauxe dakar: euskaldunen %23k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak, eta erdarazkoak, %54k. Kulturaren Euskal Behatokiak 2008an egindako azterketan ere antzeko datuak daude: %25ek diote euskarazko liburuak irakurtzen dituztela, eta erdarazkoak, %67k. Antzerkian ere badago aldea: %25ek erdaraz, %13k euskaraz. Bertso saioetara joaten direla diote %17 euskaldunek —kasu horretan, noski, denak euskaraz—.

Hala gertatzen da komunikabideekin ere: erdarazkoetara jotzen dute euskaldun gehienek. Siadecoren inkestaren arabera, prentsa erdaraz soilik irakurtzen dute bost euskaldunetik hiruk. Batere prentsarik ez du kontsumitzen bostetik batek, eta bostetik batek irakurtzen ditu euskarazkoak. Ez dira datu txarrak, Hekimen hedabideen elkarteko koordinatzaile Igor Astibiaren esanetan: «Prentsak orokorrean duen egoera eta Euskal Herriko hizkuntza egoera kontuan hartuta, espero zitekeena baino hobeak dira datuak». Eboluzioari erreparatzeko aukerarik apenas dagoen. «Ez dugu gure egoerara egokitutako neurketa sistema iraunkorrik». Hutsune bat dago hor, beraz. Antzeko mezua eman du Imanol Larreak, Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak: «ikergune indartsu bat» behar dela, halako azterketak «jarraitutasunez» egitea ziurtatzeko.

Atzerakada zantzuak

Euskarazko kultur kontsumoaren datuak eta euskararen erabilerari buruzkoak alderatuta, gertutasun nabarmenak ageri dira. Esate baterako, herritarren %11k diote euskarazko liburuak irakurtzen dituztela, kaleko erabileraren azken neurketan %13 entzun dituzte euskaraz, eta etxean euskaraz aritzen direla diote %16k.

Lotura daukate aldagai guztiek. «Erabilera ez da soilik hitz egitea; kultur kontsumoa ere erabilera mota bat da», azaldu du Soziolinguistika Klusterreko kide Asier Basurtok. Ahozko erabileran bezala, gaitasuna behar da, eta erabiltzeko aukera: «Ikusi behar da zer eskaintza dagoen, zer ikusgarritasun duen...». Alde soziala ere bai, Larrearen esanetan: «Bakarkako erabilera izan daiteke kultur kontsumoarena, baina osagai sozial indartsua du: gomendioak, kontzertuak...». Bide beretik aritu da Amonarriz: «Kontsumoa erabilera mota bat da. Euskaraz egiten baduzu, errazago kontsumituko duzu, euskaraz egiten ez baduzu baino. Euskararen erabilera sustatzeak hiztunak euskal munduan txertatzea esan nahi duen neurrian, euskarazko kultur kontsumoan ere eragingo du».

Euskararen erabilerarekin badago kezka, geldialdi bat ote dagoen. Aztertzekoa da kultur kontsumoaren norabidea ere. Siadecok berak kultur kontsumoaren inguruko beste azterketa bat egin zuen 1996an, Euskaldunon Egunkaria-k eskatuta. 20-39 urteko euskaldunak eta ia euskaldunak —euskara ulertzen dutenak— hartu zituzten aintzat. Ikerketa hura eta oraingo ikerketako euskaldunen emaitzak alderatu ditu Allurrek. Atzera egin du kontsumoak. 1996an, 20-39 urteko hiru euskaldunetik batek esan zuen aisian ez zuela euskarazko liburu bakar bat ere irakurtzen (%36), eta orain, hirutik bik (%64). «Irakurleak direnak hartuta ere, euskaraz irakurritako liburuen kopuruak behera egin du nabarmen». Erdarazko liburuekin ere areagotu da ez irakurtzeko ohitura, baina gutxiago: %18tik %29ra.

Euskaldun gehiago dago, baina kontsumoa ez da igo. «Adin tarte horretan hazi egin da euskaldunen kopurua, 100.000 inguru, baina euskaldun diren gazte gero eta gehiagok ez dutenez euskarazko libururik irakurtzen, euskarazko liburuen kontsumoan ez dago igoerarik». Diskoak erosteko ohitura «desagertzen» ari da.

Esatetik egitera dagoen jauziaz ohartarazi du Allurrek. Euskal kultura sustatzeari buruz galdetu dute inkestan. «Ia euskaldun guztiek adierazi digute garrantzitsua dela euskarazko kultur produktuak sustatzea; ordea, euskaldun gehienen aldeko jarrera horrek ez du bat egiten euskarazko kultura kontsumitzeko praktikarekin. Distantzia handiegia dago».

Erraztasuna eta ohitura

Euskal kulturara jotzen ez duten euskaldunei galdetu diete zergatik egiten duten hori. Erantzun ildo bat da nagusi: ez dutela ohiturarik edota erraztasunik. Siadecoren inkestan hori da liburuak ez irakurtzeko arrazoi nagusia, eta euskarazko hedabideetan ere bai —2007an Ikerfel etxeak egindako ikerketa batek hala dio—. Euskaraz egiteko erraztasunaren gaia ageri da inkesta soziolinguistikoan ere. Azkenekoan, euskaldunen %45ek esan dute errazago aritzen direla erdaraz; %26k, errazago euskaraz. Zenbat eta gazteago, gehiago moldatzen dira erdaraz aiseago —gehienek eskolan ikasi dute euskara—. Zenbakitan, 16 urtez gorako 195.000 herritarrek egiten dute euskaraz erdaraz baino aiseago. Herritarren %7,4k.

Perspektiba hori gogoan eduki behar da, Astibiaren esanetan. «Bestela, autoflagelazio ariketak nagusitzen dira. Eraginkorragoa litzateke euskararen erabileraren gaineko irakurketak euskaldun kopuru errealen gainean egingo balira, eta euskararen gaitz guztien ardura norbanakoen ustezko utzikerian ikusi beharrean, indarra egoera horiek iraultzera bideratuko balitz». Datuei alde horretatik erreparatu beharraz aritu da Basurto ere: «Euskaldun hitzaren atzean nor dago? Erdaraz errazago egiten dute gehienek. Alfabetatzearen gaia ere gogoan izan behar dugu: irakurtzeko gaitasuna».

Eustatek eman berri ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentsuko datuak, eta, haren arabera, euskaldunen %14k adierazi dute ez daudela alfabetatuta. Euskaraz irakurtzeko zailtasunak dituztenen portzentajea nabarmen handiagoa da. Adibide bat baino gehiago jar daitezke. Eusko Jaurlaritzak 2015ean euskarazko hedabideei buruz egindako ikerketa hartuta, hara: BERRIAren irakurleen %42k esan zuten euskaraz errazago hitz egiten dutela erdaraz baino, baina irakurri %25ek egiten dute euskaraz aiseago. Hori, BERRIAren irakurleekin. Euskadi Irratiaren entzuleen %54k diote erdaraz erosoago irakurtzen dutela —hitz egin, %23k—. Antzeko datuak dira ETB1 katearenak ere. Baita Gaztea irratiarenak ere: aiseago erdaraz irakurtzen dutela esan dute haren entzuleen %55ek.

Erraztasunarekin batera, ohituraren gaia ere badago. Siadecok 1996an egindako ikerketak hau dio: «Erdararako inertziak ito egiten du euskaraz irakurtzeko ahalmena». Inertziak apurtzeko helburua du, hain justu, Euskaraldiak —euskaraz egiteko ohiturak zabaltzea xede—, eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak proposamen osagarri bat egin du egun horietarako. Tartean da kultur kontsumoaren gaia.

Hautua elikatzen

Gai horri begira jarri da Amonarriz: «Hizkuntza portaerak eta ohiturak aldatzeko, norbanakoen hizkuntza hautua eta aktibazio kolektiboa behar dira». Urteetako ohiturak hautsi beharra eskatzen du horrek askotan. «Euskarazko eskaintza noiztik dago arlo askotan? Euskaldun askok sortzen ikusi dituzte eskaintza batzuk», dio Basurtok. Urteetako joeraren gaia ageri zen Egunkaria-k eskatutako ikerketan: «Beste egunkari bat irakurtzen ohituta nago», erantzun zuten askok. Ikerfelek 2007an egindako ikerketan hori da euskarazko prentsa ez kontsumitzeko arrazoi nagusia.

Hizkuntza gutxitua izatearen ondorioak nabari dira kontsumoan. Allur: «Euskaldunen kopurua hazten ari da; ez da lortzen, ordea, gazteak euskarazko produktu idatzien kontsumora integratzea». Datu bat: 40.000 laguneko nukleoan, %95ek euskara dute etxeko hizkuntza. «Euskara jakitea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Erdarazko kultura eta hedabideen eragina hain handia izanda, eta euskara hain egoera minorizatuan egonda, beste faktore batzuk ere kontuan hartu beharko lirateke merkatu potentziala zehaztasun handiagoz mugatzeko».

Egoera minorizatu hori gogoan izan behar da. «Hiztunen hautu kontzientea ezinbestekoa da aurrerantzean ere: erdarazkoa beti izango da handiagoa eta eskuragarriagoa», azaldu du Basurtok. Hautuak «erakundeen babes neurriak» behar ditu. Bide beretik jo du Amonarrizek: «Oso garrantzitsua da euskarazko ekoizpenak bozgorailu egokiak izatea eta dezente presentzia handiagoa izatea erdal hedabideetan; hasteko, publikoetan. Euskarazko ekoizpena guztiz periferikoa da oraindik». Euskarazko espazioen beharraz aritu da Astibia: «Egun erdarek bereganatua duten bizimodu sare oso hori euskaraz eta eskura beharko lukete herritarrek».

Harago jo behar dela uste du Zubirik: «Arazoa ez da soilik soziolinguistikoa». Haren esanetan, «kultur ohitura ahulak» dituzte euskal herritarrek, eta badago zer hobetu. «Proiektu soziokultural eraginkor bat eraikitzea da gakoa». Bertsolaritzan egindako bidea jarri du horren adibide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.