Izan zitekeena eta geratu dena

Zierbenak egin zuen denborarik onena, bigarren txandan Urdaibairi 0,28 ehunen aterata, baina Hondarribia da bigarren, 0,86 ehunenera, Bermeoko taldea zigortu egin baitzuten bi taldeen palek talka egiteagatik.
Zierbenako arraunlariak, joan den igandean, Kontxako Banderako lehen jardunaldia amaitu berritan.
Zierbenako arraunlariak, joan den igandean, Kontxako Banderako lehen jardunaldia amaitu berritan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Berria -

2018ko irailak 9
Polita dator Kontxako bigarren igandea, baina ez izan zitekeen bezain polita, erabat itsustu baitzen lehen igandean. Gauzak bere-berean joan izan balira, Zierbena, Urdaibai eta Hondarribia segundo baten barruan izango ziren gaurko, baina, ohiko bideetatik kanpo atera zirenez duela astebete, Zierbenaren eta Hondarribiaren arteko buruz buruko bilakatu da estropada preziatueneko bigarren jardunaldia, eta bandera bera irabazteko lehia. Bigarren izan zena, Urdaibai, azkena delako.

Horixe da lehen igandetik geratu den irudi ia bakarra: Zierbena eta Urdaibai palak jotzen galipoen kalean. Epaileek estropada amaitu ondoren hartu zuten erabakia: Bermeoko taldea azken lekura, eta azkenaren denborari 15 segundo gehituta, gainera —azkenean, azkenaren denbora eman dio Lehiaketa Batzordeak—. Bigarren txandako 15. minutua pasatuta gertatu zen. Elkarrengandik oso gertu zihoazen, berdinduak, eta hortik aurrera ere halatsu segitu zuten, talkak talka. Zierbenak lortu zuen muturra lehenago sartzea, 0,28 ehunengatik.

Bizkaiko bi talde horiek hobetu zuten Hondarribiak lehen txandan egindako denbora, baina oso gutxigatik. Zierbenak 0,86 ehunen bakarrik atera zizkion Gipuzkoako taldeari. Sekulako estropada egin zuen Mikel Orbañanosen taldeak, hasi eta buka. Laugarren kaletik, kanporantz, erdialdera jo zuen, ura behera emana zenez ur-lasterren indarra baliatzeko, eta ekialdeko haizearen joak kalte txikiagoa egin ziezaion. Santa Klara uhartea pasatu eta segituan hasi zen estropada hausten.

Txandako beste faboritoa Orio zen, baina hasieratik geratu zen atzean. Helmugan, Cabok ere aurrea hartu zion, eta baita bigarren txandako hirugarren sailkatuak ere: Santurtzik. Iazko garaileak, Jon Salsamendiren taldeak, seigarren denbora onena egin zuen. Atzerago geratu ziren San Pedro, lehen txandako azkena, eta Donostiarra, bigarren txandako traineru segidari akabera eman ziona eta hiriko ordezkaria. Beren txandetan azkenak izan arren, duina baino lan hobea egiteko gai izan ziren pasaitarrak eta donostiarrak.

Zierbena, Urdaibai, Hondarribia, Santurtzi, Cabo, Orio, San Pedro eta Donostiarra. Horra estropada bukatu eta segituan atera zitekeen argazkia, baina Urdaibairi jarritako zigorrak aldatu egin zituen lekuak. Gaurkoa jokatu aurretik, bermeotarrena jarria dago: azkenak dira; baina beste talde batzuetan ere eragin du aldaketarik igandeko eztabaidak. Cabo ohorezko txandan ariko da gaur, eta gainean du Santurtzi, hirugarren lekua eskuratzeko lehian. Orio ere bertan daukate bi horiek, bost eta hiru segundora, hurrenez hurren, baina oriotarrek lehen txandan egingo dute arraun. Hasierako lehia horretan, Oriorekin eta Urdaibairekin batera, Donostiarra eta San Pedro aterako dira. Horien artean ere ez dago tarte handirik, bi segundora ere ez baita iristen donostiarren aldeko tartea.

Lehen igandekoak erabat baldintzatu du gaurkoa, eta arraunzalea hiru talderen arteko lehia estua ikusteko gogoarekin geratuko da. Badu, baina, zeri heldu: zein postutan bukatuko du Urdaibaik?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria