Katalunia, U-1etik urtebetera. Aurrera begira

URTEBETE, UNEKA

QUIQUE GARCIA / EFE.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun

2017

1.

IRAILAREN 20A. Bartzelonako 13. Instrukzioko epaileak aginduta, Guardia Zibilak miaketak egin zituen Kataluniako Gobernuaren hainbat kontseilaritzatan, eta hamabost pertsona atxilotu zituen; tartean, Generalitateko goi kargudunak. Horrek mobilizazio masiboak eragin zituen herrialde osoan. Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren parean egindako elkarretaratzean 40.000 lagun batu ziren. Carles Puigdemont Generalitateko presidente zenak «salbuespen egoera» salatu zuen.

2.

URRIAREN 1A. Espainiako Estatua eskura zituen baliabide guztiak erabiliz ahalegindu zen erreferenduma bertan behera uzten, baina, azkenean, egin zuten galdeketa. Botoa ematera deitutako herritarretatik 2.286.217k hartu zuten parte (%42), eta horietatik %90ek independentziaren alde bozkatu zuten. Poliziak herritarrei oldartu zitzaizkien, zenbait bozkalekutara indarrez sartu ziren, eta 1.066 zauritu eragin zituzten; horietatik bost, larri.

3.

URRIAREN 16A. Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea kartzelatu zituen Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak. Irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren parean egindako elkarretaratzearen arduraduntzat jo zituen, eta Guardia Zibilaren aurkako «setio bat» hauspotzea egotzi zien bi elkarte subiranistetako liderrei, sedizio delitua leporatuz.

4.

URRIAREN 27A. Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen. Espainiako Senatuak, berriz, 155. artikuluaren ezarpena onartu zuen hiru ordu laurden geroago. Beraz, Kataluniako administrazioa eta Generalitatea Madrilen esku geratu ziren. Mariano Rajoy Espainiako presidente zenak adierazi zuen Kataluniako presidentea eta kontseilariak kargugabetuta zeudela, eta hauteskundeetara ere deitu zuen.

5.

URRIAREN 31. Sedizioa, matxinada eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatuta, Espainiako Estatuko Fiskaltzak kereila jarri zuen Generalitateko kontseilarien kontra. Urriaren 30a zen. Ordurako Belgikara erbesteratuta zeuden Puigdemont eta sei kontseilari —horietako hiru, Forn, Borras eta Bassa, Kataluniara itzuli ziren pare bat egun geroago—. Puigdemontek «bidezko» prozesu judiziala izateko «bermeak» eskatu zituen urriaren 31n.

6.

AZAROAREN 2A. Lamela epailearen aurrean deklaratu zuten Junqueras, Turull, Rull, Romeva, Forn, Mundo, Bassa, eta Borras Generalitateko kontseilariek, eta haiek kartzelatzea erabaki zuen. Erbesteratutakoak Espainiaratzeko agindua eman zuen fiskaltzak, gainera. Astebete geroago, Pablo Llarena Goreneko epailearen aurrean deklaratu zuten Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideek. Forcadell presidentea espetxeratu zuen, baina egun bat geroago aske geratu zen, bermea ordaindu eta gero. Kasu guztia gorenera pasatu zenean, abendu hasieran, Llarenak aske utzi zituen Turull, Rull, Romeva, Mundo, Bassa eta Borras, eta erbestean zeudenen kontrako euroaginduak bertan behera utzi zituen.

7.

ABENDUAREN 21A. Madrilek inposatutako hauteskunde «ez-legitimoetan» parte hartu zuten indar subiranistek. 155.aren ezarpenaren ondorioz, guztiz ezohikoa izan zen hauteskunde kanpaina, eta independentistek «baldintza beretan» parte hartzeko zailtasunak nabarmendu zituzten. Ciutadans eskuineko alderdi unionista liberalak irabazi zituen bozak —36 eserleku lortu zituen—, baina indar subiranistek parlamentuko gehiengoari eutsi ahal izan zioten, JxC Junts Per Catalunyaren, ERC Esquerra Republicanaren eta CUPen artean 70 diputatu lortuz. Parte hartzea historikoa izan zen, %80koa.

2018

8.

URTARRILAREN 30A. Puigdemont Generalitateko presidentetzarako hautagai proposatu zuen Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak. Hilaren 22a zen. Bost egun geroago, Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu zuen Espainiako Gobernuak pare bat egun lehenago jarritako helegitea, eta, hortaz, Puigdemont modu telematikoan inbestitzea debekatu zuen. Hilaren 30ean, inbestidura deituta zegoen egunean, Torrentek inbestidura saioa atzeratu zuen, horretarako «bermerik» ez zegoela argudiatuz. Subiranisten arteko desadostasunak bistaratu zituen erabakiak.

9.

MARTXOAREN 23A. Llarena epaileak Bassa, Forcadell, Rull, Romeva eta Turull kartzelatu zituen atzera. Bezperan Turull presidente inbestitzeko saioa egin zuten parlamentuan, baina ez zuen lortu nahikoa babesik. Llarenaren autoaren arabera, ihes egiteko eta matxinada delitua berriro egiteko arriskua zutelako espetxeratu zituen. Erreferendumaren harira matxinada egotzita, hamahiru pertsona auzipetu zituen. Bide batez, erbesteratutako agintarien kontrako Espainiaratze aginduak aktibatu zuen.

10.

APIRILAREN 5A. Finlandian hitzaldi bat eman ondoren Belgikarako bidean zela, Puigdemont atxilotu zuen Alemaniako Poliziak, herrialdearen iparraldean. Martxoaren 25a zen. Schleswig-Holstein landerreko Neumuenster hiriko lehen instrukzioko epaile batek galdekatu zuen hurrengo egunean, eta behin-behin kartzelatu. Landerreko Lurralde Auzitegiak behin-behinean aske utzi zuen apirilaren 5ean, 75.000 euroko bermea jarrita. Matxinada delitua ukatu zuen auzitegiak.

11.

MAIATZAREN 14A. Quim Torra JxCkoa Generalitateko presidente izendatzeko lehen saioa egin zuten bi egun lehenago, baina ez zuen bozketan gehiengo osorik lortu. Bi egun geroago, bigarren saioan, CUP berriro abstenitu zen, baina gehiengo soilarekin nahikoa izan zuen Torrak, presidente izendatua izateko. Bere diskurtsoan «katalan guztientzako» errepublika aldarrikatu zuen, eta elkarrizketa eskatu. Hurrengo egunean Puigdemontekin bildu zen Berlinen, eta agerraldia egin zuten elkarrekin.

12.

EKAINAREN 1A. Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioa onartu zuen Espainiako Kongresuak, eta Pedro Sanchez PSOEkoa bilakatu zen Espainiako presidente. Zentsura mozioa onartua izan ahal izateko, ezinbestekoak izan ziren PDeCATen eta ERCren bi indar subiranista nagusien botoak. Sanchezek «zubiak eraikitzera» deitu zituen independentistak. Uztailaren 9an Torrarekin bildu zen Moncloan, eta Katalunian inbertsioak egitea eta autogobernuan sakontzea proposatu zion.

13.

UZTAILAREN 4A. Prozesu subiranistaren harira behin-behinean espetxeratutako bederatzi buruzagi independentistak Kataluniako kartzeletara lekualdatzen hasi ziren. Junqueras, Romeva, Sanchez eta Cuixart Sant Joan de Villatorradako Lledoners espetxera (Bartzelona) eraman zituzten egun hartan; eta Forcadell eta Bassa, berriz, Figueresko Puig de les Basses kartzelara. Rull, Turull eta Forn hurrengo astean lekualdatu zituzten Lledonersera. Torrak nabarmendu nahi izan zuen Madrilen erabakiaren atzean ez zegoela «kontzesiorik», ez zela «keinu politiko bat», eta Espainiako Gobernuak hartutako erabakia «legezko betebehar bat» zela.

14.

UZTAILAREN 12A. Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak ukatu egin zuen Puigdemonti Llarena epaileak egotzitako matxinada delitua, eta erabaki zuen diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik Espainiaratzea. Alemania iparraldeko landerreko auzitegiak ebatzitakoak kolpea eman zion Llarenak instrukzio fasean egindako gertakarien kontakizunari, eta guztiz birrindu zuen kausa justifikatzeko magistratuak erabili izan duen lider independentisten «estrategia kriminalaren» ideia. Astebete geroago, gainera, uko egin zion Puigdemont eta beste erbesteratuak soilik diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik Espainiaratzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.