Indarkeria matxista

Amorrua karrikaratu da

Mugimendu feministak deituta, protesta jendetsuak egin dituzte dozenaka hiritan eta herritan. Iruñean, manifestazioan joan dira udaletxetik Auzitegi Nagusira, eta jende katea osatuta inguratu dute.

Auzitegiraino eraman zuten protesta.
Auzitegiraino eraman zuten protesta. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko ekainak 22

Hau ez da justizia! Hau kaka zaharra da!», oihu egin du adineko emakume batek Iruñeko Udaletxe plazan. Elkarretaratzea ez da hasi oraindik, baina andreak ezin izan dio amorruari eutsi. Sanferminetako talde bortxaketaren auzia hasi zenetik gori-gori zegoen giroa, baina errudun jotako bost erasotzaileak baldintzapean aske uzteko erabakiak are gehiago tenkatu du soka. Apurtzeraino. Mugimendu feministak deituta, hainbat protesta egin zituzten atzo Euskal Herriko dozenaka hiritan eta herritan.

Inprobisatuak izanagatik ere, oso jendetsuak izan ziren Donostiako, Bilboko, Gasteizko eta, batez ere, Iruñeko elkarretaratzeak. Donostiako Bulebarrean, lapiko jotzea egin zuten ehunka lagunek; eta Bilbon, berriz, Unamuno plaza bete zuten manifestariek. Arabako hiriburuan, bestalde, Azkena Rock jaialdiko kontzertua une batez isiltzea lortu zuten feministek.

Iruñean, lepo bete zen Udaletxe plaza. Ez dago gure hitza epaituko duenik leloa jarri zuten hainbat emakumek ateratako pankarta nagusian. Aurrealdean, Nafarroako Gobernuko, Iruñeko Udaleko eta legebiltzarreko ordezkari politiko ugari bildu ziren; besteak beste, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta Ezkerrako hautetsiak.

Protagonismo osoa, baina, herritarrena izan zen, eta batez ere, eragile feministena. Iruñerriko Mugimendu Feministaren izenean hitz egin zuten Amaia Zufiak eta Marta Molinerok. Plazan bildutako jendetzaren oihu eta txaloen gainetik irakurri behar izan zuten adierazpena, baina egoera baliatu zuten han bildutakoen amorrua bere egiteko: «Erabaki honek indartu egiten ditu gure haserrea eta sistema judizialarekiko nazka, zapaltzen gaituen sistema heteropatriarkalaren tresna hutsa baita». Are: epaileen ebazpena «emakume guztien aurkako iraina» dela nabarmendu zuten Zufiak eta Molinerok, «argi uzten baitu sistema judizialarentzat, emakumeon segurtasuna ez dela lehentasunezkoa, eta hainbat emakumeri eraso egin dieten horiek kalean jartzea ez dela zalantzan jarri ere egiten».

Nolanahi ere, sanferminetako talde bortxaketaren auzia «bataila bakar baten gisara» ikusten dute talde feministek, gerra handiago baten barruan: «Emakumeok egunero sufritzen ditugun indarkeria mota guztien aurkakoa, hori da gure borroka nagusia».

Horregatik, «konpromisoa» eskatu diete erakunde publikoei, «dena zeharkatzen duen sistema patriarkala hausteko». Hala ere, Iruñerriko Mugimendu Feministak ez du «diskurtso punitibistarik elikatu nahi». Hortaz, kartzelaldi luzeagoak ez, irtenbidea «prebentzioan sakontzea eta jendarte feminista bat eraikitzea» dela azpimarratu dute.

Auzitegia inguratzen

Adierazpena irakurri ostean, pankarta hartu, eta oinez joan ziren protestariak Iruñeko Udaletxe plazatik Nafarroako Auzitegi Nagusiraino, elkarretaratzea zena manifestazio bihurtuta. Ehunka lagun elkartu ziren: hasieratik plazan zirenak, eta bidean batu direnak. Nafarroako auzitegira iritsita, eskutik heldu eta jende katea egin zuten manifestariek, «gora borroka feminista», «hau ez da gure bakea» eta «matxiruloak sutara» oihukatzen zuten bitartean. Eraikin osoa inguratu zuten, eskuz esku, protesta bukatutzat eman aurretik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna