Koronabirusa

Maskaren BEZa %21etik %4ra jaitsiko dute Hego Euskal Herrian

Espainiako Ogasun ministroak esan du EBk ez diela isunik jarriko neurriagatik. Nafarroak maskarak doan emango dizkie 10.000 laguni

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa. MARISCAL / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Erabili eta botatzeko diren maskaren prezioa jaitsi egingo du Espainiako Gobernuak, Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak atzo iragarri zuenez. Hego Euskal Herrian %21eko BEZ zerga ezartzen zaie maskarei, baina azkenaldian ugaritu egin dira zerga hori kentzeko edo txikitzeko eskatzen duten ahotsak, eta Madrilek aintzat hartuko ditu eskaera horiek. Zerga guztiz ez du kenduko, baina BEZ supermurriztua ezarriko dio Espainiako Gobernuak, %4koa. BEZ hori ezartzen zaie gizakientzako botikei eta oinarrizko elikagai batzuei.

Espainiako Gobernuak argudiatu izan du Europako Batasuneko zuzentarau batek debekatzen ziola maskaren BEZa txikitzea. Zuzentarau horrek indarrean jarraitzen du, baina Europako Batzordea ez da betetzen ari, eta beste estatu kide batzuek ere jaitsi dute BEZa. Monterok atzo azaldu zuen, hain zuzen,gobernuak Europako Batzordeari galdetu diola isuna jarriko ote den zerga txikitzeagatik, eta ezezkoa erantzun diela. Datorren astearteko ministroen kontseiluan onartuko dute neurria; maskara kirurgikoen gehieneko prezioari ere helduko diote.

Espainiako Gobernuaren erabakia txalotu egin du EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak, baina ohartarazi du neurria «askoz lehenago» hartu beharra zegoela. Prezioa maskara guztiei jaisteko ere eskatu dio gobernuari, ez bakarrik kirurgikoei, eta errentarik apalena duten familiei debalde banatzeko ere galdegin dio.

Nafarroan, debalde

Nafarroan, hain justu, egoera ekonomikorik apalena duten familiek doan izango dituzte maskarak astelehenetik aurrera. Nafarroako Foru Gobernuak iragarri du Farmazialarien Elkargoarekin lankidetzari esker doako maskarak banatuko dizkiela, dohainik, 10.000 laguni baino gehiagori.

Maskara horiek egoera ekonomikoagatik sendagaiengatik koordainketarik ez duten pertsonentzat izango dira, eta horietatik, 45 urtetikgorakoentzat etakoordainketarik ez duten 45 urtetik beherako guraso bakarreko familientzat ere izango dira. Zehazki, 10 maskara emango zaizkio pertsona bakoitzari hilero, errezeta elektronikoaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.