Koronabirusa

Izurriak 125 pertsona hil ditu astebetean Hego Euskal Herrian

Pandemia hasi zenetik, 3.231 pertsona zendu dira Euskal Herrian. Positibo kopuruak gora egin du, proba gehiago egitearen ondorioz

Nafarroako Ospitaleko ZIUko langileak, gaixo bat artatzen. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Aste beltza izan zen azaroaren 9tik 15erakoa Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratutako txosten epidemiologikoari Nafarroko Gobernuaren datuak gehituz gero, 125 pertsona hil ziren aste horretan COVID-19aren ondorioz. Bigarren olatua hasi zenetik izandako asterik beltzenetan bigarrena da. Martxo hasieratik, gaitzak 3.231 lagun hil ditu Euskal Herrian, gutxienez —Ipar Euskal Herriko datuak urriaren 25 aldera eman ziren azkenekoz—.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du hiru pertsona hil zirela asteartean COVID-19ak jota: 75 urteko gizonezko bat, 91 urteko beste bat eta 78 urteko emakumezko bat. Horiez gain, aurreko egunetan gertatutako beste lau heriotzaren berri ere eman zuten: hiru emakume eta gizon bat, 85 eta 96 urte artekoak.

Birusaren transmisio kurbak, aldiz, oso bestelako irudia erakusten du Hegoaldean: kasu metatuen tasa apaltzen ari da egunez egun, eta baita positibo tasa neurtzen duen ehunekoa ere. Atzo, bezperan baino positibo gehiago azaleratu ziren, PCR proba gehiago egitearen ondorioz. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emaniko azken datuen arabera, 17.744 PCR eta antigeno proba egin ziren asteartean, astelehenean baino 4.750 gehiago. Ondorioz, positibo kopurua ere zertxobait igo zen: 1.208, bezperan baino 129 gehiago.

Araba izan zen positibo gutxiago erregistratu zituen herrialde bakarra: 122 kasu berri atzeman zituzten asteartean, bezperan baino 24 gutxiago. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, aurreko egunetan baino positibo gehiago detektatu zituzten: 459na. Nafarroan, 158 kasu positibo atzeman ziren, asteleheneko kontaketan baino hogei gehiago.

Positibo tasa behera

Kasu berriak gorabehera, positibo tasak apaltzera jo zuen: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ia bi puntu egin zuen behera, %7raino. Nafarroan ere eutsi egin zioten joerari, %5,6ko positibo tasa erregistratu baitzuten atzo.

Nafarroako Gobernuak erabaki du gripearen txertoaren kanpaina abenduaren 15era luzatzea, eta herritar guztiengana hedatuko du txertoa, dosiaren arabera eta gizarte talde jakinak lehenetsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.