ANALISIA

Presoak eta biktimak

Enekoitz Esnaola -

2018ko irailak 22
Harold Gooden mezu interesgarria Donostian: «Hau ez da presoak edo biktimak; presoak eta biktimak da hau».

Errenteriako gaur zortziko ekitaldia pauso berri bat izan zen norabide horretan: ETAren biktima bat Espainiako Polizia baten semea, Jose Miguel Cedillo— eta herriko alkatea —EH Bildukoa, Julen Mendoza—, elkarrekin, eta biak hizlari. Mendoza izaera irekiarekin dabil, baina Cedilloren jarreran dago ekitaldiren abiapuntuan —emaitza, bien fruitua—. Ez da ohikoa ETAren biktima batek halako jokabidea izan —Mendozarengana zuzendu zen— eta elkarbizitzarako mezua ematea; are gutxiago biktima hori Polizia baten semea bada eta ez euskal herritarra. Eta, guztia esatera, ezohikoa da EH Bilduk halako biktima bat hartzea, eta horrela.

Juan Mari Jauregi zenaren alaba Maria Jauregi Lasa ere atera berri da plaza publikora, hura ere elkarbizitzaren alde: PPren jokabidearen salaketa, presoen gerturatzea, biktima guztien aitortza...

Iraganarekiko eta etorkizunarekiko ikuspegiak ikuspegi, presoek eta ezker abertzaleak elkarbizitzaren alde egindako pausoak nolabaiteko lasaigarri izan ahal dira ETAren biktima asko eta askorentzat —oinarri garrantzitsua da ETAk eragindako kalteaz plazaratutako adierazpena—, eta ETAren biktima anitzen jokaera integratzailea puzgarri izan ahal da presoentzat eta ezker abertzalearentzat. Behar handia dago, eta urrats gutxitxo egin dira.

Presoak eta ETAren biktimak. Edo ETAren biktimak eta presoak. Uztartzea, aintzat hartuz tempusak direnak direla: biktimena erreparatuz joateko, borondate onaz gain, denbora beharko da; presoenak premia du, eta urriaren 20ko manifestazioan jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa emateko aukera bat izango da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna