Arrate Illaro. Euskaraldiko koordinatzailea

«Txapa jantzita elkar ikustean, ilusioa etorriko zaigu bueltan»

Gizartearen tenperatura emozionala beheratuta dagoen garaian hasi da gaur Euskaraldia. Hala ere, Illaroren ustez, beharrezkoa da oraindik euskarari buruzko gogoetak egiten jarraitzea.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Pandemiak baldintzatutako testuinguruan iritsi da Euskaraldiaren bigarren aldia. Arrate Illaro (Getxo, Bizkaia, 1989) bertako koordinatzailea da, eta emozionatuta dago azken hilabete hauetan ariketa soziala antolatzeko herri batzordeetatik egin den lanarekin: «Herrietatik argazkiak jaso ditugu azken egun hauetan, eta, egia esan, hunkitu ere egin naiz horietako batzuekin». Badaki aurtengo Euskaraldian ez direla aurreko datuak eta eragina lortuko, harreman sozialak mugatuta daudelako, baina euskararen biziberritzearen inguruko eztabaida plazaren erdira eramatea bera garrantzitsua dela dio.

Zer deritzozue urte zail honetan azaroaren 20a izatea eta Euskaraldia antolatuta edukitzeari?

Iritsi izana dagoeneko ondo baloratzen dugu. Oso urte zaila izan da, bai herritarrontzat orokorrean, baina baita Euskaraldia antolatzen ibili diren ehunka pertsona horientzat ere. Ikaragarrizko lana egin da herrietan eta koordinazio orokorrean, egoera berrira egokitzen behin eta berriro, baina betiere Euskaraldia mantentzeko asmoarekin. Orain oso garai delikatua da entitateentzat, eta herritarrengana iristeko ere zailtasun handiak izan ditugu, harreman sozialak mugatuta baititugu, eta kalean ikusgaitasuna lortzea ez da erraza. Baina, hala ere, oinarri sendoa dugula iruditzen zait, eta erakusten du badagoela gogoa eta beharra halakoak egiten jarraitzeko, baita garai zail hauetan ere.

Euskaraldia egin behar zen?

Bai, lehendik ere premia geneukan, eta pandemiak, izatekotan, premia hori areagotu du. Euskarak behar ditu halako arnasaldiak eta gizartearen zentrora ekartzeko halako proiektuak, euskarari buruz gogoeta egin eta hausnartzeko. Eguneroko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa bat da hau; nahiz eta harreman horiek baldintzatuta egon, eduki baditugu, eta hitz egiten jarraitzen dugu. Eta orain ditugun harreman mugatu horietan zentratuko da aurtengo ariketa soziala.

Ikastolen jaiak bertan behera, Korrika atzeratuta, bertso txapelketak berdin... Behar zuen euskalgintzak halako ekitaldi handi bat animoa goratzeko?

Nik uste dut baietz. Horiek dira, besteak beste, euskaltzaleentzako arnasgune, eta euskaraz bizitzeko gune funtzionalak, eta horietako asko galdu ditugu. Euskaraz aritzeko aukerak galdu ditugu, herritar guztiok ez baititugu inguruan euskaldunak. Horrez gain, behar dugu gizartean euskarari buruz gogoetatzen eta hitz egiten jarraitzea.

Duelako bi urteko ilusiorik ez da egon aurtengo Euskaraldiaren aurreko egunetan.

Gizarteko tenperatura emozionala neurtuko bagenu, esango nuke ez dagoela poz hori kalean. Baina, era berean, badut halako uste bat, txapa jantzita elkar ikusten dugunean, momentu batez bada ere, ilusio hori etorriko zaigula. Baina, noski, gizartean ikaragarri eragin duen faktore batean pean gaude, eta dena bere neurrian baloratu beharko dugu aurten, baita Euskaraldia bera ere. Ez da aitzakia jartzeagatik, baina Euskaraldiak aurtengo urte hasieran bazituen helburu batzuk, eta COVID-19arekin bestelako xedeak sortu behar izan dira.

Ipar Euskal Herrian itxialdian daude, Hegoaldean ostalaritza itxita, eta lurraldearen arabera egoera desberdinak daude. Nola eragingo du horrek guztiak?

Gure egunerokoa egiten jarraitzen dugu, eta modu batera edo bestera, jarraitzen dugu lanera joaten, unibertsitatera joaten, eta erosketak egiten. Saiatuko gara Euskaraldian hizkuntza ohituren aldaketa eragiten eta gogoeta bultzatzen beste modu batzuetan.

Aurtengo berritasuna ariguneak izango dira. Egungo egoeran zein garrantzi izango dute?

Alde batetik, ingurune digitalak pisu handiagoa hartuko du; hori argi ikusten dugu. Ariguneei dagokienez, merkataritzan edo lantokietan aritu ahal izango da, baina sortu diren hainbat ezingo dira erabili: kirol taldeetakoak, esaterako. Kasu batzuetan ariguneak indartuko dira, eta beste batzuetan, pena handiz, egindako lan horrek ezingo du ariketa praktikorako saltoa egin.

2018ko datuekin edo 2022koekin alderatu beharko dira aurtengoak?

Bai, uste dut aurtengo egitasmoaren balorazioa egiteko orduan ezingo garela zenbaki hutsetara joan, eta 2018koarekin alderaketa ezingo dugu egin munduan ezer gertatu izan ez balitz bezala. Horren jakitun izan beharko dugu, jakinda izen ematea txukuna izan dela. Pandemia gorabehera, Euskaraldiaren oinarrian dauden zenbait faktore indartzen ari gara, eta hori bera ere bada baloratzekoa. Hobetzeko bidea badugu oraindik: esaterako, rolen definizioa. Gizartean oraindik ondo txertatzea kostatzen ari zaigu jokabidea adierazten dutela, eta ez gaitasuna. Oraindik ere izango dugu horretan zeregina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.