Ezkutaketan jolasean ari den planeta

Eguzki sistemaren mugetan orain arte atzeman ez den planeta bat dagoela uste dute hainbat adituk. Hipotesia babesten duten froga berriak aurkeztu dituzte, eta lehian ari dira, aurkikuntza nork egingo.
Bederatzigarren planetaren irudikapen artistikoa.
Bederatzigarren planetaren irudikapen artistikoa. R.HURT / CALTECH

Juanma Gallego -

2017ko otsailak 26
Garai zirraragarrian dago astronomiaren alorra. Asteazkenean, Lurraren antzeko zazpi munduz osatutako eguzki sistema baten berri eman zuten Nature aldizkarian. 39 argi urtera dagoen eguzki sistema baten ezaugarriak zeintzuk diren zehaztea zaila bada ere, zientzialariek uste dute gutxienez hiru planetatan ur likidoa izateko moduko tenperatura egon daitekeela. Teorian, bederen, han bizia garatzeko aukera egon liteke. Exoplaneten kasuan —gure eguzki sistematik kanpoko planetak, alegia—, hain urrun dauden objektuak igartzeko gakoa argian datza. Izan ere, planetek inguratzen duten izarraren argian izaten diren aldaketak erabiltzen dira ikusgai ez diren objektu horiek topatzeko. Zer gertatzen da, ordea, planeta bat bere izarretik oso urrun dagoenean? Kasu horretan, askoz zailagoa da horiek igartzea, eta, izarraren argia erabili beharrean, bestelako bideak jorratu behar dira. Ikusgai diren beste objektuen orbitetan izaten diren aldaketak neurtzea da horietako bat. Erloju erraldoi baten modura funtzionatzen duen unibertsoan, neurketetan izaten diren «hutsegiteak» ezin dira kasualitate izan. Hainbat zientzialarien aburuz, hori da, hain zuzen, Lurretik askoz hurbilago egon daitekeen baina oraindik topatu ez den planetaren kasua.

Hipotesi horren arabera, gure eguzki sisteman bertan beste planeta bat egon liteke. Ustezko objektu horri X planeta edo bederatzigarren planeta deitzen zaio, eta, tantaka bada ere, haren existentziaren aldeko frogak pilatzen ari dira. Azken argudioa hilabete honetan jarri dute mahai gainean Espainiako astronomoek. Monthly Notices of the Royal Astronomical Society aldizkarian proposatu dutenez, Neptunotik harago dauden 2004 VN112 eta 2013 RF98 izeneko objektuen ezaugarriek hor kanpoan planeta erraldoi bat dagoeneko hipotesia babesten dute.

Las Palmasko (Kanaria uharteak, Espainia) Canarias teleskopio handiaren espektrografoa baliatu dute horretarako. Julia de Leon Kanaria uharteetako Astrofisika institutuko ikertzaileak nabarmendu duenez, bi objektu horien espektrografia zehaztu dute ikerketan, lehen aldiz. Espektrografiaren bitartez, astronomoek espaziotik datorren argia ikertu eta objektu bakoitzaren konposizioa zein den jakin dezakete. Horrela konturatu dira bi asteroideon osaketa oso antzekoa dela. Horien orbitak ia-ia berdinak omen dira. «Horregatik uste dugu iraganean objektu bikoitza zela, baina duela 5 eta 10 milioi urte arteko tartean Lurra baino 10 edo 20 aldiz masiboagoa den planeta ezezagun batek banatu zituela».

Lurralde ezezaguna

Neptunotik harago Kuiper gerrikoa dago, eta, han, tamaina askotako 1.500 bat objektu aurkitu dira orain arte. Horien artean badira batzuk bereziki bitxiak: Neptunotik haragoko muturreko objektu deritze horiei. Horien orbitak zeharo oblongoak dira —oso elipse «luzea» egiten dute—, eta haien grabitazioa puntua ere arraro samarra da, ez baitirudi Neptunoren eraginaren pean daudenik. Bitxikeria horien atzean oraindik topatzeko dagoen planeta bat ezkutatzen dela uste dute askok.

«Orain arte, halako 21 objektu baino ez dira atzeman, oso zaila baita horiek ikustea», azaldu du De Leonek. «Bi asteroide horiek aukeratu ditugu oso antzeko orbitak dituztelako. Hain argi urria jasotzen dugunez, horien konposizioaren inguruan informazio gutxi eskuratu dugu, baina esan daiteke oso antzekoak direla. Haien espektroek ia-ia kalkoa dirudite». Ustezko planeta hori noizbait topatuko ote den galdetuta, baikor azaldu da De Leon. «Eguzki sistemaren jaiotzaren inguruan dakigun guztia berriro ere berrikustera garamatzan arloa da honako hau».

Behaketari loturik mantenduko da De Leon, objektu horien argi urria deszifratu nahian. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Carlos eta Raul de la Fuente Marcos anaiek, berriz, horien orbita bitxia aztertzen jarraituko dute, duela milioika urte izandako gertaera batean oinarrituta, ezkutuan den mundu hori aurkitzeko asmoz. Neptunotik harago, beraz, topatzear dagoen mundu bitxi bat egon liteke, baina guztiz zaila da hori ikustea. Erronka zaila izan arren, planeta horren bila ari dira mundu osoko astronomoak, zientziaren garapena ahalbidetzen duten lasterketa horietako batean. Baina astronomoez gain, orain, nahi duen orok parte har dezake bilaketan. Izan ere, NASAk azaldu berri du zaleen laguntza nahi duela planeta bihurria bilatzeko. Norabide horretan, herritarren parte hartzean oinarritutako programa bat martxan jarri du espazioa ikertzen duen erakunde ezagunak. Backyard Worlds: Planet 9 izeneko webgunean planeta iheslaria «ehizatzeko» aukera dago.

Infrared Survey Explorer izeneko teleskopioaren bitartez eskuratutako datuak ematen dira webgune horretan. Teleskopio horrek argi infragorria atzematen du, eta argi mota horixe da, hain zuzen, planetak zein izar nano marroiak aurkitzeko erabiltzen den tresnetako bat. Pantailan agertzen diren animazioetan punturen bat mugitzen ote den ikusi behar dute proiektuan parte hartzea erabakitzen duten boluntarioek.

Itxaropentsu daude adituak

Topatuko al da laster planeta hori? Mike Brown astronomoarengana ere jo du BERRIAk, iritzi bila. Bederatzigarren planetaren teoriaren sustatzaile handienetakoa da Brown, eta, besteak beste, Makemake eta Eris planeta nanoak topatu ditu. Haren aurkikuntzek planeta zen Pluton planeta nano bihurtzea ekarri zuten. Astronomoen artean polemika eragiten duen pertsona da Brown; batez ere, estatubatuar batek topatutako planeta bakarra bigarren mailara eramateagatik. Halere, astronomoak umorez hartu zuen kontua: Twitter sare sozialean, adibidez, @plutokiller ezizena du Brownek.

«Bederatzigarren planeta hasieran uste genuen baino lehenago topatzeko aukera dago orain. Izan ere, mundu osoan talde askok bat egin dute bilaketarekin», nabarmendu du Brownek. Hala ere, ez du uste berak topatuko duenik planeta hori. «Lehengotik genituen datuekin zein datu berriekin bilatzen jarraitzen dugu, baina, egia esanda, uste dugu beste norbaitek lehenago aurkituko duela, beste zereginetan ere murgilduta baikaude. Baina, tira, beste norbaitek aurkituta ere, poztuko ginateke».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna