14 urteko zigorra akademiko uigur bati, «muturreko erlijioa» izatea egotzita

Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Txinako Xinjiang eskualdeko berreziketarako zentro batean bi urtez atxikita eduki ondoren, berriki hamalau urteko zigorra jarri diote Ahmetjan Juma akademiko eta itzultzaile uigurrari, RFA Radio Free Asia hedabideak asteon jakinarazi duenez. Hain justu, zigortu dutena komunikabide horren zuzendariorde Mamatjan Jumaren anaia dela azaldu zuen RFAk. «Muturreko erlijio baten» jarraitzaile izatea egotzi diote Jumari, zehaztu zuenez.

Toqquzaq herriko polizia agente batekin izandako elkarrizketan oinarrituta baieztatu zuen RFAk Jumaren aurkako zigorra. Agente horren arabera, Jumaren etxean aurkitu zuten liburu bat «muturrekotzat» hartuta egin zioten epaiketa, eta hamalau urteko kartzelaldira kondenatu. Halaber, zenbait erakunderekin parte hartzea ere egotzi zioten, polizia horrek erantsi zuenez: «Ez zuten ezer esan inongo gertakaritan parte hartzeaz, baina bai zenbait erakunderekin kolaboratzeaz».

Batez ere literatur itzultzaile moduan egindako lanagatik da ezaguna Juma, baina bigarren hezkuntzako irakaslea ere izandakoa da. Kashgar jaioterrian desagertu zen, 2017an, eta uigurren eskubideen aldeko Uyghuryar erakundeak intelektual uigur desagertuen zerrendan sartu zuen. RFAren arabera, Xinjiango agintariek uigurren aurkako oldarraldi masibo bat hasi zuten garai berean desagertu zen Juma. Abduweli Ayup erakunde horren fundatzaile eta ikertzailearen esanetan, agintariek «jomugan» izan zituzten lehenengoetakoa izan zen Juma, kanpaina horren barruan. Irakasle zen eskolan atzeman zuten Juma, eta, harekin batera, eskola horretako zuzendaria eta geografia irakasleak ere atxilotu zituzten.

Hedabide horrek kontsultaturiko polizia agenteak baieztatu zuen atxilotu egin zutela urte horretan, eta berreziketarako zentro batean sartu zutela.

RFAren arabera, «doktrinamendu politikoa» ematea da halako zentroen xedea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.