Galiziako bozak

Betiko eskuina edo ezkerreko aldaketa

PPGren gehiengo osoa eta hiruko koalizio gobernua jokoan daude Galizian gaur egingo dituzten hauteskundeetan. Koronabirusak ezohiko bilakatu du bozen eguna: ez dago argi azken agerraldiak zer eragin izango duen parte hartzean

Betiko eskuina edo ezkerreko aldaketa.
ander perez zala
Santiago
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Alderdi Popularraren (PPG) presidentegaiari gaurko hauteskunde egunak eman ditzakeen testuinguru guztiak okurritu zaizkio Galiziako Parlamenturako hauteskundeen kanpainan. Ikusi du bere burua inkestek aurreikusten dioten gehiengo osoa ospatzen—laugarrena litzateke jarraian—, 2016ko emaitzak hobetuta, baina baita boterea galtzen ere, koronabirusaren azken agerraldiaren eraginez. Horregatik handitu ditu, kanpainaren azken egunetan, parte hartzearen aldeko deiak: egoera «segurua» dela, eta botoa ematea ez dela osasunarentzat kaltegarria izango. «Ez dezagun jendea beldurtu bozkatzera joatea arriskutsua dela esanez», errepikatu du Feijook. Baina, aldi berean, koronabirusaz kutsaturikoei hauteslekuetatik pasatzea debekatu die, nahiz eta aitortu duen legearen ikuspuntutik zalantzak daudela inposaketa horren inguruan: «Logikoena da botoa ematera ez joatea. Osasun gomendio bat da». PPGren hautagaiak badaki parte hartze handia ezinbesteko duela garaipena errepikatzeko, hori gertatu ezean ezkerreko hiruko koalizio batek agintetik bota baitezake. Desmobilizaziorako arriskuak bere horretan jarraitzen du, eta Feijoori egingo lioke kalterik handiena.

Galizia Espainiako Estatuko lehen autonomia erkidegoa izan zen konfinamendua altxatzen, iragan ekainaren 15ean. PPGren presidentegaiak presa zuen horretarako, pandemiaren aurreko normaltasunera itzultzen saiatzeko; «kudeaketa onaren» argudioa erabili zuen erabakia azaltzeko. Hilabete lehenago, parlamenturako bozak gaur egingo zituztela jakinarazi zuen, oposizioko alderdien kontrako iritzia kontuan hartu gabe. Konfinamenduan presentzia mediatiko handia izan zuen, eta horretaz baliatu nahi zuen arrakasta elektorala ahalik eta azkarrena irits zedin; bien bitartean, Television de Galicia kate publikoko langileek bi urte bete dituzte protestan asteon, katea PPGren alde erabiltzen ari direla salatzeko.

Gaur gauerako bidean, iragan astean agertu zen paisaia politikoa erabat aldatu edo dena modu berean utz dezakeen gertakari bat: iparraldeko Lugo probintziako A Mariña eskualdean —hamalau herrik osatzen dute— koronabirus agerraldi bat dute. Atzorako, Galizian 256 positibo zituzten, eta horietako 182 A Mariñakoak ziren —gehienak Burela arrantzale herrian—; denera 70.000 lagun inguru egon dira konfinatuta iragan astelehenetik herenegun arte, eta soilik Burelan jarraituko dute egoera horretan.

Hain justu, Galizia iparraldeko agerraldia izan da kanpainako azken egunetako gai nagusia, batez ere oposizioko alderdien artean, oraindik ez baitago batere argi nola eragingo dien boto emaileei. Kanpaina hasi zenerako, inkestek aurreikusi zuten horien %30 zalantzati zeudela; A Mariñako koronabirus kasuak agertzen hasi zirenerako, inkestak argitaratzeko debekua indarrean sartu zen. Hortaz, ezinezkoa izan da erabat zehaztea gaurko emaitzetan izango duen efektua.

Gertakari arriskutsu batean, boto emaileek egonkortasunaren eta segurtasunaren aldeko apustua egin ohi dute; hori du aldeko Feijook. Ordea, gertakari horren kudeaketak zalantzak eta kritika negatiboak sortzen dituenean, herritarrek botoa erabiltzen dute agintean dagoena zigortzeko; hori dute aldeko oposizioko indarrek. Xuntak koronabirusaren auzian datuekin izan duen gardentasun faltak ere itxaropena sortu du Feijoo agintetik botatzeko; baina, finean, inork ez daki A Mariñan gertaturikoa erabakigarria izango den —Galiziako eta Espainiako hauteskunde batzordeek ebatzi dute botoa ematea segurua dela—.

Denen ahotan dago iragan hilean Frantziako herriko bozetako bigarren itzulian izandako abstentzio historikoa, %59koa. Berez, inkesten arabera, Feijook ez luke arazorik izango parte hartzea %55etik gorakoa balitz; aldiz, mobilizazioa kopuru hori baino txikiagoa bada, arriskuan izan lezake gehiengo osoa laugarrenez errepikatzea.

BNGren eta PSdeGren lehia

Eskuinean, PPGk jasoko luke boto emaile ia guztien babesa. Ezkerrean, aldiz, hiru indar ari dira lehian: Bloke Nazionalista Galiziarra (BNG), Galiziako Alderdi Sozialista (PSdeG) eta Galicia en Comun-Anova Mareas (GeC).

Batez ere BNGren eta PSdeGren artekoa da Feijooren aurrean aldaketaren buru izateko borroka. Kanpaina hasieran, bi indarrek gertutasuna islatu zuten, helburu komun bat dutela argudiatuta, baina azken egunetan BNG jarrera horretatik aldendu da, sozialistei eta GeCkoei egotziz Madrilen menpe daudela. Ana Ponton blokearen presidentegaiak gertu ikusten du PSdeGri aurrea hartzea, eta horrek azaltzen du estrategia aldaketa; inkesten arabera, oposizioko indar nagusi izateko aukera handiak ditu, eta 2016ko emaitza bikoiztu baino gehiago egingo luke. Sozialistak, aldiz, duela lau urteko kopuruaren inguruan ibiliko lirateke.

Beherakada ikaragarria GeCk izango luke. Barne zatiketek, iragan urteko udal bozetako porrotek eta siglak etengabe aldatzeak kalte egin dio Podemosen, Esquerda Unidaren, Anovaren eta Mareas mugimenduen koalizioari. Diputatu gutxi aurreikusi dizkiote, baina aldaketarako ezinbesteko aldagaia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.