Arrauna. Kontxako Bandera

Riveirak erakutsi du hautagai izan daitekeela bandera irabazteko

Galiziarrak, San Juan, Orio, Arraun, Kaiku, Hibaika eta Tolosaldea sailkatu dira Kontxarako

Riveirako arraunlariak, ahalegin batean, atzo, Kontxako Banderako sailkatze estropadan.
Aitor Manterola Garate.
<i>Donostia</i>
2018ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Riveirako arraunlariek eta gainerako kideek ez zuten hemengo taldeen erreferentzia zehatzik, ez direlako elkarren aurka aritu atzo arte. Hemengoek ere ez zuten galiziarren berri, arrazoi bera tarteko. Baina bazebilen hemengoen artean susmoa: «Riveira asko ibiltzen dela entzun dugu». Bati baino gehiagori entzun izan zaio azkenaldian. Ez zebiltzan oker, atzo behintzat asko ibili baitzen. Beharko ibili, Kontxarako sailkatzeko estropadan denbora onena egin zuen eta. Beste sei sailkatuak hauek izan ziren: San Juan, Orio, Arraun, Kaiku, Hibaika eta Tolosaldea. Kanpoan Hondarribia geratu zen, besteak beste.

Alexanda Lopez galiziarra irribarrea ezpainetatik kendu ezinda zebilen. «Gu ondo ari garela bagenekien, baina besteen alboan jarrita zenbatekoa den gure maila ezin jakin. Lan oso ona egin dugu, gustura ibili gara arraunean, eta honek guztiak konfiantza handia emango digu iganderako. Sailkatze estropadan aurrena egitea emaitza handia da». Orain, atzokoaren jiran, Riveira bandera irabazteko hautagai sendoa den jakiteko irrika dago. Lopezek erantzun irmoa eman zion balizko zalantzari: «Sailkatu gara; beraz, bagara bandera irabazteko hautagai, jakina».

San Juan ere bada, eta sendoena, udako emaitzak ikusita. Ez zeuden, baina, galiziarren indar berarekin atzoko lanak amaitu eta segituan. Sarai Lizaso arraunlariak garbi hitz egin zuen: «Oso gaizki ibili gara; arraunean ere ez dugu egin. Sailkatzea genuen helburu, eta barruan gara». Riveiraren inguruan, hauxe haren iritzia: «Nik neuk espero nuen ondo ibiliko zirela».

Orioko patroia, Nadeth Agirre, lasai zegoen lanak bukatu eta gero: «San Juanek lau segundo bakarrik atera dizkigu, eta ondo dago. Guk aldaketa batzuk egin ditugu taldean, eta pentsatzen dut haiek ere egingo zituztela». Oso garbi dauka atzoko emaitza ez dela ezeren adierazgarri: «Igandean hutsetik hasi beharko dugu guztiok».

Irteeran izango da Hibaika aurten ere, beste egitasmo bati hasiera eman dion urte honetan. Arraunlari gazteekin ere lortu du sailkatzea, eta haiekin batera tostetan dira Amaia Gezala eta Eli Pescador esperientziadunak ere. Aurtengo lanaren atzean dagoena islatzen zuten atzo Pescadorren malkoek, eta Gezala ere oso pozik zen: «Sailkatu nahi genuen, eta lortu dugu. Ez dugu estropada ona egin, ezta gutxiago ere. Urduri bezala aritu gara». Atzokoari esanahia bilatzen hasita, garbi asko esan zuen arraunlariak: «Denboraldi on horri ginda jartzea izan da».

Tolosaldeako arraunlariak eta kideak ere pozik zeuden. Haiena ere handia da, lehen aldia baitute uretan 2008az geroztik. «Ez dugu sinesten», zioen Malen Oiartzabalek. Naroa Becerrilek onartu zuen: «Ez genuen espero sailkatzea, eta ezuste handia izan da guretzat. Estropada ona egin dugu. Esperientzia ederra izan da, eta bi igandetakoa ere hala izango da. Gozatzera etorriko gara».

Deustu, gutxigatik kanpoan

Pozak tristura izaten du beste aldean. Atzo Deustuk jaso zuen muturrekoa, 2,08 segundo izan baitzituen sobran zazpigarren geratzeko. A Pobra-Cabo geratuko zen segundo batera sailkatzetik, baldin eta ez bazuen epaileen hamar segundoko zigorra jaso, irteeran behar zuen baino lehen ateratzeagatik.

Aiala Uribelarrea, Deustuko patroia, emaitza onartzen saiatzen ari zen: «Oso gogorra da hain gutxigatik kanpoan geratzea, baina bagenekien mugan ibiliko ginela. Ez dugu estropada txarra egin, baina posturik krudelena guretzat izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.