«Portua jarduera ekonomiko bat da; utzi politika alde batera!»

Lander Muñagorri Garmendia.
Santurtzi
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Portuen eskumenaren transferentziaren eskaera historikoa da, eta, aste honetan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak eskaera berretsi du. Trintxerpe (Pasaia) eta Herrera (Donostia) arteko igarobidea inauguratzeko ekitaldian, portuen transferentzia eskatu zion Espainiako Gobernuari.

Gaur egungo egoera politikoarekin, posible al da portuen eskumenaren transferentzia?

Tira, badirudi transferentziarik ez egitearen egoskorkeria apurtu dela, errepide eta trenbideen baten eskumenak bideratuta daudela esan baitute aste honetan. Hiru gutxiago dira. Portuak? Beste transferentzia posible bat da. Batzuek diote ezinezkoa dela, baina nola izango da ezinezkoa? Portuen egituraketa zentralizatzaile hori Espainiak bakarrik dauka! Alemanian eta Herbehereetan egitura deszentralizatua daukate. Eredu asko daude, eta, horregatik, ez dut onartzen esatea ezinezko eskumen bat dela.

Iritsiko dela espero duzu?

Nik uste dut ikuspegi sozial eta ekonomikotik bideragarria dela; baina irizpide politikoak sartzen badira, hori beste gauza bat da. Baina portua jarduera ekonomiko eta logistiko bat da. Utzi politika alde batera!

Lan egiteko garaian traba handia da zentralismo hori?

Eman behar dudan pauso bakoitzeko baimenak eskatzeak ez dit axola Madrilek eskaera hobetzen baldin badit. Baina beste modu batean ez dauka zentzurik. Oraintxe, interes orokorreko 40 portu daude, gehiegi. Portuen autonomia ez dugu nik edo Kataluniakoak bakarrik eskatzen. Ximo Puigek [Valentziako presidentea] ere gauza bera eskatu du, eta nik dakidala ez da abertzalea. Baina, tira, gaur egungo ezegonkortasunarekin zaila da halako erabakiak hartzea.

Alegia, ez duzula itxaropenik.

Madrilek boto abertzaleen beharra duen ala ez, tamalez, horren arabera mugitzen dira gauzak azkar. Eta ez logika industrial edo sozialen arabera...

Zamaketarien gatazka luzatzen ari da, eta itunik ez da lortzen. Nola espero duzu amaitzea?

Gauza bakarra nahi dut: amaitzea. Oraindik, gatazka ez da kaietara iritsi, eta enpresa eta langileak negoziatzen ari dira. Beste kontu bat da ea akordio hori nola ikusten duen lehiaren komisioak. Europako Batasuna estutzen ari den neurrian ari baita estutzen lehiaren komisioa.

CCOOk esana du gatazkara joateko prest dagoela berriz...

Liberalizazio haizeak dabiltza, eta, estatus bat aldatzen duzunean, beti dago erresistentzia bat.

Beste grebarik espero duzu?

Gatazka amaitzea nahi dut. Hemen interes asko daude, eta, baten bat erortzen bada, zerikusirik ez duenak ordaintzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.