Italiako Giroa

Ez etsitzeak garaipena eman dio Van der Breggeni

Van Vleuten izan da bigarren azken-aurreko etapan, eta aise eutsi dio lidergoari. Mitcheltonekoak bigarrenez irabaz dezake gaur Giroa

Ez etsitzeak garaipena eman dio Van der Breggeni.
ainara arratibel gascon
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Etapa amaiera bizia eta ikusgarria eskaini zuten atzo sailkapen nagusiko bi txirrindulari indartsuenek Italiako Giroan: Annemiek Van Vleutenek (Mithcleton Scott) eta Anna van Der Breggenek (Boles Dolmans). Montegoko azken kilometroetan —12,4 kilometro eta %7,3ko pendiza batez beste—, elkarri erasoka aritu ziren. Van der Breggenentzat izan zen etapa,eta Van Vleutenek estutasunik gabe eutsi zion elastiko arrosari. Ezusterik ezean, gaur bigarrenez irabaziko du lasterketa.

Eguneko ihesaldia zazpi txirrindularik osatu zuten: Nicole Steigengak (Bepink), Maaika Boogardek (BTC), Hannah Barnesek (Cayon), Kelly Van den Steenek (Lotto-Soudal), Malgorzata Jasinak (Movistar), eta Kseniya Dobrynina).

Baina helmugarako 20 kilometro falta zirela, harrapatu egin zituzten. Van Vleuten tropel buruan jarri zen. Zortzi kilometrora zegoen Montegoko tontorra. Amanda Spratt taldekideak, Van der Breggenek, Lucinda Brandek (Sunweb) eta Ashleigh Moolman Passiok (CCC)baino ez zioten eutsi. Azken bost kilometroak, ordea, Van Vleutenen etaVan der Breggenen arteko buruz buruko bat izan zen. Van der Breggen izan zen erasoa jotzen aurrena. Elastiko arrosa lortzeko azken aukeretako bat zen, nahiz eta bazekien ia ezinezkoa zela. Mitcheltonekoak ondo eutsi zion, eta, ondoren, hura izan zen aurtengo Giroko hirugarren garaipena lortzen ahalegindu zena, eraso gogor bat joz.

Errazena etsitzea zen. Baina Van der Breggenek, hortzak estutu, eta ez zuen amore eman. Helmugatik 200 metrora VanVleuten harrapatu, eta irabazi egin zuen. Giroa gaur amaituko da, San Vito al Tagliamento eta Udine arteko 120 kilometroko etaparekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.