Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Madrili begira

2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Madrilgo erkidegoko bozek ezohiko arreta bereganatu dute, baita Euskal Herrian ere. Ez da erraza han gertatzen denari ihes egitea, eta normalki eman ohi zaien baino garrantzi handiagoa eman zaie hauteskunde horiei. Euskal Herriaren—Hego Euskal Herriaren, esan nahi baita— etorkizunean ere eragina izan dezakete hauteskunde horietako emaitzek, giroa gaiztotu egingo baitute. Hori diote adituek, eta baita alderdiek ere.

Baina hauteskunde kanpainan atentziorik handiena eman duena haren espektakulu kutsua izan da. Ez dago egunik Madrildik irudi deigarri bezain tamalgarriren bat iristen ez dena. Mena deitzen dituzten gazteen inguruko afixa arrazistak; irrati kate bateko mahai inguruko liskarrak; auzo langile batean Vox alderdi faxistaren mitinaren harira sortutako istiluak; eta hori gutxi ez, eta alderdi politikoetako kideei postaz iritsitako heriotza mehatxuak eta ondorengo xextrak.

Eskuin muturrari hesia jarri behar zaiola esaten da, baina gertaera horiek guztiek eskuin muturra jartzen dute erdigunean. Eta horixe nahi izan du, mundu mailan ere, eskuin muturrak beti: protagonismoa. Okerreko protagonismoa izanagatik ere, arrantza oparoa ematen baitie horrek.

Ezkerraren aktibazioa izango da gakoa Madrilen, ezkerreko blokeak Ayusori eta Voxi aurrea hartzea. Ez dirudi erraza, Madrilen bi muturren arteko polarizazio horri eskuinak ateratzen baitio etekina. Astebete barru jakingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.