Saskibaloia. Baskonia Euroligako Lauko Finalean

Fenerbahceri, akaso; inauteriei, ezin irabazi

Nahiko oharkabean pasatuko dira Berlinen bai Lauko Finala eta bai bertaratutako Baskoniako 1.000 bat zaleak. Asteburuan, festa kutuna ospatuko du hiriburuak; milioi bat pertsona atera izan dira kalera.

Gasteiztik Berlinera joandako erraldoiak, atzo, Baskonia Etxean. DANEL AGIRRE.
Danel Agirre.
Berlin
2016ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Lausanan, 1994an, Europako Errekopako finala galdu berritan hiru mila lagun ordubete luzez kantari bere taldea kontsolatzen saiatu zirenetik, zaleak ekitaldi gorenetara egindako irtenaldiak Baskoniak bere nortasuna berresteko baliatzen dituen erritual bilakatu dira.

Berlingo Lauko Finalean beste indar erakustaldi bat ematea apur bat zailduko zaie gasteiztarrei. Zuzendaritzak jasotako sarrera kopuru ez hain eskuzabalak, birsalmentako merkatuko prezioek eta bidaia merkeak topatzeko zailtasunek eragin dute Alemaniako hiriburura bertaratzeko irrikan zeuden hainbatek aukera baztertu izana. Mila lagun pasa dira Mercedes Benz Arenan aulkia ziurtatuta bidaiatu dutenak. Finalerdiak hasi arte modu estraofizialean bere sarrera eskuratzeko itxaropenarekin jarraitzen duenik ere bada.

Multzo hori erdialdeko Alexanderplatzean biltzeko egitasmoa dago. Baskonia Etxea izenekoa atondu dute zuzendaritzak eta erakundeek Oase izeneko tabernan, Euroligak ere bertan paratu duen Fanzone karparen alboan. Aukera egokia da metroan bi geltoki eskaseko distantziara dagoen pabiloira joan baino lehenagoko orduak Gasteizko zaleekin eman nahi dituenarentzat. Sarrerarik gabekoentzat eta Berlinen bizi diren euskal herritarrentzat Neukoelln auzoko On Egin ostatuak (Wildenbruchstrasse 88) emanaldi bereziak prestatu ditu ostiral eta iganderako.

Berlinen aspaldi zegoen maiatzaren 15aren asteburu hau agendetan kolorez markatuta, baina ez da Lauko Finala erantzulea. Kulturen Inauteria biziki maite du hiriak, eta milioi bat lagun erakarri izan ditu Kreuzberg auzora. Ostiral eta larunbatez Mehringdamm eta Hallesches Tor metro geltokien arteko gunean mundu osoko doinuak ezagutzeko modua dago, lau agertokitan. Igandeko desfilea da festaren muina, eguerditik hasi eta gaueraino herrialde ezberdinetako musikari eta dantzariei bidea irekitzen dieten karrozekin. Euroligako finala ospatzen den orduan, inor gutxi egongo da hirian Mercedes Benz Arenari so. Berlingo Euskal Etxearen bitartez, antolakuntzari eskaera egin diote Gasteiztik iritsitako erraldoiek eta txarangak desfilean parte hartzeko. Baiezkoa lortu bai, baina, azkenenean, lau erregeak izan dira hordagoari paso egin diotenak, ibilbide luzearekiko errespetuagatik.

Pantailak Mendizorrotzan

Berlinen baina gutxiago kostako da giroa berotzen Gasteizen Lauko Finalaren aitzakian Mendizorrotzako kiroldegian antolatutako emanaldian. Lau pantaila erraldoiren bitartez ikusi ahal izango dute zaleek finalerdia. 3.000 ikusle ingururako tokia dago Mendizorrotzan, eta bertaratzen diren lehen mila lagunek, gainera, saria izango dute, Lauko Finalerako espresuki diseinatutako bufanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.