Eneko Pou eta Iker Pou. Eskalatzaileak

«Hasi ginenean baino motibatuago gaude orain»

'Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta' liburua aurkeztu zutenetik, orain dela ia hilabete, alde batera eta bestera dabiltza Eneko (Gasteiz, 1974) eta Iker (Gasteiz, 1977), Pou anaiak. Beren ibilbide oparoari buruz idatzi dute.

POU ANAIAK.
Unai Ugartemendia.
Gasteiz
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ez da erraza bi anaiak Gasteizen harrapatzea. Are zailagoa da eserita eta geldirik ikustea. Azken urteetan, maiz bidaiatzen dute Mallorcatik Gasteizera eta alderantziz. Berriro ere Mallorcara joan aurretik eta liburuaren aitzakiarekin, gaur egungo eskaladaz eta etorkizuneko erronkez hitz egiteko tartea hartu dute.

Aurkezpenean, esan zenuten gogorra izan dela liburua idaztea. Hainbesterako?

ENEKO POU: Bai, oso gogorra izan da. Aspaldidanik geneukan liburu bat idazteko asmoa. 7 pareta 7 kontinente ere proiektuak bazeukan liburu bat, baina egia da orduan ez geneukala hainbesteko maila intelektualik horretarako. Horrek ez du esan nahi gaur egungoa ere handia denik [barrezka]. Bestalde, gu beti jardunean aritu gara, hori izan da gure lehentasuna. Ez geneukan denborarik liburuetarako!

IKER POU: Aspaldi da idazten hasiak ginela. Atalen bat edo beste idatzita geneuzkan. Aipatutako proiektu hori 2008an amaitu genuen, eta ordurako bageneukan zerbait idatzita. Orain, pandemiak eragindako egoerak dena azkartu du. Gu ez gara idazleak, eta liburua bera oso luzea da gainera. Ez da idaztea bakarrik, argazkiak aukeratu, denen baimenak bildu, haien kalitatea... Sekulako lana izan da!

Zer kontatzen duzue liburuan?

E.P.: Gure ibilbidea kontatzen dugu. Oso txikitatik hasi eta urte hauetan guztietan egin ditugun gauzen laburpen bat da. Erabakirik zailenetako bat hori izan da, gauzak aukeratzea. Gauza asko egin ditugu urte hauetan guztietan. Goi mendietako alpinistekin alderatuta, askoz ere gauza gehiago egin ditugu. Azkenean, entresaka egin behar izan dugu! Abenturaz osaturiko liburu bat dela esango nuke.

I.P.: Kirolaz harago, jendeak pertsonalki ere ezagutu nahi izaten gaitu, eta alde horretatik bitxikeria asko ere kontatzen ditugu bertan. Gaur egun, kirol kontuak gehienek badakizkite, baina arlo pertsonala ere erakustea ondo egon da. Jendeak oso gogoko izaten du kirolarien beste aldea ere ezagutzea.

Etxekoekin eman diozue hasiera liburuari.

E.P.: Aitonaz hitz eginez hasi gara. Liburua aukera bat izan da etxekoei omenaldi txiki bat egiteko ere. Egia da jende bati agian ez zaiola gustatuko, baina denekin asmatzea oso zaila izaten da horrelakoetan.

Epilogoan aipatzen duzue: mendia asko aldatu al da azken urteetan?

I.P.: Gure iritzia askotan bota izan dugu, eta liburuan ere gogoeta eta iritzi asko idatzi dugu. Mendiaren balioak zein diren ondo ikasi dugu oso txikitatik, eta horiek defenditzen saiatzen gara.

E.P.: Baietz esango nuke, aldatu dela. Lehen, mendia zerbait erromantikoa zen, lehia kutsu bat zuena. Hori beti izan da horrela! Baina, gaur egun, lehiak garrantzi handiegia hartu du. Hori ere liburuan atera zedin nahi genuen, inor mindu gabe, noski. Guk ere mendian korrika egin dugu txikitatik, eta espedizio guztietarako korrika entrenatu izan gara. Guk ere badugu kronometroa, eta lekuetara ahalik eta azkarren joaten saiatzen gara. Baina, Ikerrek esan duen moduan, oso garrantzitsua izan da geure balioak zein diren idatzita uztea.

Sareetan asko mugitzen zarete zuek. Odolak dagoeneko liburu bat idaztea eskatzen zizuen?

I.P.: Sareena beste mundu bat da. Gaur egun, bertan ez bazaude, badirudi ez zarela existitzen. Sareetan ere egon behar da, eta liburua ateratzea oso interesgarria da. Urteak generamatzan entzuten zerbait atera behar genuela, baina inoiz ez genuen garairik onena topatzen. Sareetan, askotan, oso zaila izaten da jendearengana iristea, istorioak oso txikiak direlako. Gaur egun, jendeak zerbait azkarra nahi du, eta ahal baldin bada, motza. Liburuak aukera eman digu gauzak askoz gehiago sakontzeko.

E.P.: Liburuarekin beste jende batengana iristeko aukera izango dugula iruditzen zait. Gaur egun, denetik egin behar da.

Kirolari gehienek erretiroa hartu ondoren idazten dituzte liburuak. Ez zarete erretiroan pentsatzen hasita egongo ba?

E.P.: Ez, ez! Argi geneukan gauzak egiten ari ginen bitartean idatziko genuela liburua. Askotan galdetzen digute zein izango den gure B plana, eta beti gauza bera erantzuten diegu: «Planarekin jarraitzea!». Iruditzen zaigu liburu honek planarekin jarraitzen lagunduko digula, zalantzarik gabe. Oso hartu-eman ona izaten ari gara jendearekin.

Urteetan aurrera zoazte biok ere. Noiz arte ikusiko zaituztegu hormetan zintzilik?

I.P.: Oraindik gauza asko ditugu biok egiteko! Motibazioak eta gorputzak irauten duten bitartean jarraitzea gustatuko litzaiguke. Oso motibatuta gaude: hasi ginenean baino gehiago agian! Gauza asko egiteko gogoa dugu oraindik, eta arazoa hori da, denbora falta zaigula denak egiteko! Adinean gora goazen arren, esperientzia izugarria pilatu dugu urte hauetan guztietan. Kirol eskaladan agian ez dugu hainbesteko mailarik jada, baina bide berrietan eta espedizioetan gure mailan ibiltzeko moduan gaude oraindik. Halere, askotan egun on bat izan arren, hurrengo bi egunetan txikituta egoten gara! Gazteekin alderatuta, hori da aldea, denbora gehiago behar dugula indarberritzeko.

E.P.: Iker oso indartsu dago! 2018an Artaburu bidea osatu zuen, eta ez zion zailtasun gradurik eman, eta, geroztik, nahiz eta munduko eskalatzailerik onenak Margalefetik [Herrialde Katalanak] pasatu diren, inork ez du errepikatu. Nik argi daukat Iker oraindik ere munduko eskalatzailerik onenetako bat dela.

Hainbeste urtean eskalatzen ibili eta gero, nondik ateratzen duzue oraindik motibazioa?

E.P.: Lehen Ikerrek aipatu du, eta egia da hasi ginenean baino motibatuago gaudela. Gaztetan, beti pentsatzen duzu nahi duzun lekuetara joateko denbora asko izango duzula, baina, denborarekin, konturatzen zara ez dela horrela, ez dela posible nahiko genukeen leku guztietara iristea. Horregatik, gauzak eta espedizioak aukeratu behar ditugu. Guri, mendian egotea gustatzen zaigu. Batzuk badira espedizio bat egin eta urte osoa espedizioaz hitz egiten pasatzen dutenak. Errespetatzen dugu hori ere, baina guk, espedizio batetik itzultzean, beste batera joan nahi izaten dugu. Naturan egotea ezinbestekoa da guretzat! Txikitatik ikasi genuenpozik egoteko mendian egon behar dugula.

Proiekturik ba al daukazue begiz jota?

I.P.: Alpinismoko proiektuak ditugu, batez ere, elkarrekin egiteko. Kirol eskaladan ere jarraitu nahi dugu, gehienbat azken urte honetan besterik ez dugulako egin. Gaur egun, gehien gustatzen zaiguna espedizioak egitea eta bide berriak irekitzea da. Motibazioarekin jarraitzen badugu, edozertarako prest gaude!

Gaur egun egia da egiten den guztia ondoren saltzen jakin behar dela?

E.P.: Gu honetatik bizi gara, baina beti jakin izan dugu bi gauzak desberdintzen. Batetik, alde komertziala daukagu, baina inoiz ez ditugu baztertu mendiko balioak. Horiek defendatzen saiatu gara ahal izan dugun aldiro! Argi daukagu inoiz ez garela gezurretan ibiliko alde komertzialean probetxua ateratzeko. Pentsatzen duguna esateko ez dugu inolako arazorik izan inoiz, baina babesleak ondo zaintzen saiatzen gara.

I.P.: Horrela da, bai. Sareetan ibiltzea ere lana da, gure lanaren beste zati bat.

Geroz eta zailagoa al da babesleak mantentzea?

I.P.: Ez da erraza! Jendeak kanpotik gauzak erraz ikusten ditu, eta askok esaten dute dirutza irabazten dugula, baina ez da horrela. Urtetik urtera babesleak mantentzeko, lan handia egin behar da, eta inork ez du dirua erregalatzen entrenatzeagatik eta mendira joateagatik. Azkenean, gauza asko egin behar dira babesleentzat; besteak beste, produktuak sortu.

E.P.: Jendeak pentsatzen du talde bat daukagula guretzat soilik lanean, Kilian Jornetek eta Alex Honnoldek duten antzera. Baina gu hiru bakarrik gara lanean, Iker eta biok eta, laguntza behar dugunean, Jordi Canyi kameraria. Ez daukagu beste inor atzean! Baina, azken urteetan, gauza asko aurrera ateratzea tokatu izan zaigu. Ez dago sekreturik: lana, lana eta lana.

Hemendik gutxirako erronka jakinik ba al daukazue?

I.P.: Lehenik, irteteko aukera izan behar dugu! Uda partean, Himalaiara edo Andeetara joatea gustatuko litzaiguke. Bi lekuetan ditugu gauza interesgarriak egiteko. Altuera eta zailtasuna uztartzen dituen espedizio batean pentsatzen ari gara. Ez da zortzimilako batera izango, ez dugulako esperientziarik oraindik. Baina ziur dakiguna da mendi teknikoak izango direla, 5.000, 6.000 edo 7.000 metrokoren bat. Gutxinaka joango gara pausoak ematen. Zailtasunetik gehiago joko dugu altueratik baino. Oraindik ere gauza zailak eta teknikoak egiteko moduan ikusten dugu geure burua.

Zu, Eneko, egon zinen zortzimilako batean. Iker, aldiz, zu ez zara inoiz joan. Baztertuta al dauzkazue zortzimilakoak?

I.P.: Ez dut inoiz baztertu zortzimilako batera joatea, gehienbat esperientzia probatzeagatik. Nire ahalmena probatzeko aukera ederra litzateke, baina gaur egun dagoen zirkua kontuan hartuta… Diru asko eskatzen du, baina, gauza ezberdinak egin nahi baditugu, esperientzia gehiago pilatu beharko genuke. Horren ezean, betiko bideetatik igo beharko genuke, eta horrek ez nau batere betetzen. Horretarako, nahiago dut bakarrik egongo ginatekeen leku batera joan.

E.P.: Estiloa oso garrantzitsua da mendian, eta gaur egungoa ez dugu ulertzen. Gauza asko normalizatu egin dira Himalaian: esaterako, soka guztiez hornituta egotea, oxigenoa eramatea, pisua ere ahalik gutxiena... Horretarako autonomia izatea eskatzen du mendiak. Eraman beharreko guztia eramateko gai ez bazara, agian ez zaude behar zenukeen tokian.

Zer behar du gaur egun goi mailako alpinismoan ibili nahi duen eskalatzaile on batek?

E.P.: Eskalatzaile osoa izatea eskatzen du. Denetik behar du. Esaterako: Iker Karreraren ahalmen fisikoa, Alex Honnolden erraztasuna arrokan eskalatzeko, Will Gaddek izotzetan eskalatzeko daukan abilezia, eta alpinistikoki Steve House bezalakoa izatea. Lehengoan, eskaladako webgune batean irakurri nuen agian eskalatzailerik osoena Iker anaia izango dela, eta nik ere iritzi hori daukat.

Alex Honnold aipatu duzuenez, ez al zaizue burutik pasatu sokarik gabe eskalatzeko dagoen moda horretan saiatzea?

E.P.: Oso polita da, baina gehiegi arriskatzen da.

I.P.: Ameriketako Estatu Batuetatik dator moda hori, baina urtero jende asko hiltzen da horretan. Europan oso jende gutxik egiten du. Zerbaitegatik izango da.

Eskaladaren gorakada nabarmena da azken urteetan. Udan jokatuko diren Olinpiar Jokoengatik bakarrik izan al du gorakada?

I.P.: Geroz eta jende gehiago ikusten da eskalatzen, eta ikusi besterik ez dago zenbat eskalada murru berri ireki dituzten. Eromena da! Eromen hau pasatzen denean asko itxi egingo dituzte, baina, bitartean, gero eta eskalatzaile gehiago egongo dira. Horietako asko kirol eskaladara pasatuko dira ziurrenik. Hori bai, alpinismora geroz eta jende gutxiago pasatuko da. Abenturen eta arriskuen garaia amaitzen ari da.

E.P.: Eskalada murruetako diziplinek, batez ere, izugarrizko gorakada izango dute hurrengo urteetan. Ikerrek esan bezala, asko ireki dira; dibertigarriak dira, gorputza lantzen da, giro bikaina egoten da, tabernak ere bai...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.