Naparrari buruz idatziko du Alonsok

Tene Mujika beka irabazi du Jon Alonsok, Joxe Migel Etxeberriari buruzko proiektu batekin

Joxe Migel Etxeberria Naparra. BERRIA.
Inigo Astiz
2017ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Gorpurik ez. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea izan zen Joxe Migel Etxeberria Naparra, eta errefuxiatuta bizi zen 1980ko ekainaren 11n desagertu egin zenean. Egun batzuen ostean, Batallon Vasco Españolek hartu zuen bere gain haren hilketa, baina gorpurik ez da agertu oraindik. Haren historia kontatu nahi du Jon Alonsok (Iruñea, 1958). Idazlearen hitzetan, ez ziren lagun izan, baina «kointzidentzia hutsez», ikaskide izan ziren urte gutxi batzuez, Iruñeko jesuiten eskolan, eta Naparrari buruzko liburu proiektu batekin irabazi du orain Euskal Herriko historia hurbilaz ez-fikziozko lanak idazteko Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortutako Tene Mujika beka. Urtebete izango du liburua idazteko.

Familiaren ahalegina

Memoria ariketa bat proposatzen du Alonsok. «Biktimak gora eta behera ari gara, eta oso ongi dago, baina ez ditzagun ahaztu urtetan ahaztuta egon diren beste biktima batzuk». Etxebarriaren inguruko jendearen eta familiaren lekukotzak biltzea da idazlearen asmoa, eta haien esfortzuaren garrantzia azpimarratu du egileak. «Haiek mantendu dute Naparraren memoria bizirik, eta merezi du egin duten ahalegin hori gizarteari jakinaraztea».

Naparrarena ez zen kasu bakana, Alonsok dioenez, eta beste bi izen aipatu ditu adibidetzat: 1978ko sanferminetan Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguezena, eta 1976an desagertu zen Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-ena. «Horrelako asko gertatzen zirenez, Naparrari beharbada ez zitzaion behar zuen garrantzia eman. 38 urte geroago ikusten duzu, eta ohartzen zara horrek izan zuen dimentsioa handiagoa izan zela momentu hartan pentsatu genuena baino».

Gainera, gaurkotasuna hartu du gaiak, abian baita Etxeberriaren gorpua topatzeko ikerketa. Horregatik, «ahal bada», gorpuaren aurkikuntza ere kontatu nahi lukeela dio Alonsok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.