Sanferminak Iruñean

Esku bete lan, suziriaren zain

Sanferminetarako prestaketek Iruñeko erdigunea eraldatu dute. Azken orduko aferak bukatuta, Nafarroako hiriburuan prest dira gaur eguerdian jaiei hasiera emateko.

Langile bat sanferminetarako arropa denda bat prestatzen, festak hurbil dauden seinale. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iruñea
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Iruñeko Alde Zaharrak irudi berezia eskaini ohi du sanferminen aurreko egunetan. Taberna asko erdi itxiak ikus daitezke. Ez daude geldi; festak prestatzen aritu dira jo eta su. Atzoko irudi bat: kamionetak gora eta behera, turistak mapei begira sigi-saga, eta tabernari estresatuak banatzaileekin hizketan. Uztail hasierako egunetatik at, ia errepikaezina da nahasketa hori. Hemen daude sanferminak.

Prestaketa lanak ezinbestekoak dira tabernen funtzionamenduan. «Uztailaren 4an eta 5ean prestatzen dugu dena», esan du Arkaitz Zudairek; Nabarreria plazako Ezkia tabernako langilea da, eta, sanferminen aurretik, zerbitzatzen beharrean, edaria deskargatzen eta ordenatzen egon da. Urtean zehar ezkutuan geratzen da lan hori. Egun hauetan, baina, iruindarren errutinarekin uztartzen da. Estafetako Erretegia tabernako Koldo Muñozek onartu du ziurgabetasunean pasatzen dituela egun hauek: «Dena azken orduan egiten ari gara, eta gertakariak iritsi ahala ebazten».

Baina badira lasaiago dabiltzanak. Herri Sanferminen gunean,Gaizka Azketaren arabera, «ia dena» prest dago. Burua bestelako arazoetan du: «Udalaren mehatxuen harira, ordutegiak aurreratu ditugu, eta badakigu kontuz ibili beharko dugula, isunekin ito nahi baikaituzte», azaldu du Azketak. Hala ere, jendea txandetan izena ematen ari denez, eskerturik dago Herri Sanferminetako kidea.

Jaien termometro bereizgarri bat turismo bulegoa da. Maria Rodriguez bulegoko langileren esanetan, turista bakan batzuez aparte, gainerakoak sanferminen kontuez galdezka joaten dira. Baina denak ez dira kanpotarrak: «Hemengo asko ere etortzen dira jaietako programa eskatzera», aitortu du Rodriguezek.

Iruindarrak dira, ordea, sanferminen zentroa; eta azken orduko joera dutenek lepo dute agenda. Karrikiri elkarteak duela bi aste bete zuen lokaleko aurrealdea kamiseta zuriz eta zapiz. Hala eta guztiz ere, azken orduko jendearen joera berretsi du Belen Juanikorenak, elkarteko langileak: «Gaurkoa da [atzokoa] egunik biziena».

Eroslea nongoa den argi

Beatriz gozo dendan berdin dabiltza. Sanferminen lehen bi egunetan itxi egiten dute denda, eta Lurdes Gomezek egun hauetan kiloka saltzen ditu pasta eta opilak. Erosketa motaren arabera sumatzen omen du Gomezek nongoak diren bezeroak: «Iruindar askok jaietako bazkarietarako enkargu handiak eskatzen dituzte, eta kanpotarrek, aldiz, pare bat opil besterik ez».

Udalak ere izan du zer eginik. Aurten, 70etik gora ostalaritza gunek izango dituzte eskuragai edalontzi berrerabilgarriak. Indarkeria matxistaren kontrako argibide gunea ere atzo goizean ireki zuten.

Zoramena duela egun batzuk hasi zen. Gaur, Pamplonesak izango du jaien hasierari su ematearen ohorea. Hamalau egun aurretik. Eguerdian, prestakuntzek bidea egingo diote festari; kamioiek, jende andanari; eta turisten mapek, jai giroaren bat-batekotasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.