Gasteizko Jaiak, gazte ez diren horientzat ere bai

Gasteizko jaietan, bihar izango litzateke blusa eta neska beteranoen eguna, baina bigarren urtez bertan behera utzi dituzte festak. Pandemiak gogor jo ditu adinekoak, eta, beraz, hildakoak oroitzeko meza bat egingo dute. Hala ere, argi dute: datorren urtean jaiak egingo dira, eta haiek ere kalera aterako dira.

Ezkerretik eskuinera: Jose Mari Melgosa, Tomas Diaz de Gereñu eta Jose Luis Gaiarre, blusa eta neska beteranoen kuadrillako kideak. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Duela 44 urte sortu zuten Gasteizko blusa eta neska beteranoen kuadrilla, 1977an. Ordutik, beste hainbat bezala, Gasteizko jaietan kaleetan barrena ibiltzen da lagun talde bat hori. Jose Maria Melgosa, Tomas Diaz de Gereñu eta Jose Luis Gaiarre kuadrilla horren parte dira, eta, are, 17 urte zituztenetik baita egunerokoan ere. Blusa talde beretan egon dira bizitza osoan, eta orain 30 urte inguru beteranoetara jauzi egiteko hautua egin zuten. Azken bi urteetan, izurria dela-eta, ezin izan dituzte jaiak nahi bezala gozatu, baina, hala ere, ez dute esperantzarik galdu: uste dute datorren urtean ospatuko dituztela Andra Mari Zuriaren jaiak, eta argi dute: Gasteizko jaiak ez dira soilik gazteentzat; beteranoek ere gozatzen dute.

Hiru kideen arabera, hiriko jairik garrantzitsuenak dira, eta, horregatik, urteak daramatzate jaietan kalera ateratzen. Gaiarre, esaterako, 16 urtetatik da blusa kuadrilla baten parte, eta, sekula huts egin gabe, aste osoan atera izan da Gasteizko jaietan. Diaz de Gereñuk ere ilusio «handiz» itxaroten ditu festak gaztea zenetik, eta azaldu du jaiak «bereziak» izaten hasten direla uztailaren 25etik, uste baitu orduan hasten direla. Hain zuzen, bi aste lehenago ospatzen dute Santiago eguna. Adin tarte bakoitzean, jendeak kontu ezberdinak bilatzen ditu jaietan; Diaz de Gereñuren kasuan, gaztea zenetik gorputzak «martxa» eskatzen zion, eta blusa eta neska beteranoen kuadrillan egoteak «jai giroaz gozatzeko» aukera ematen dio oraindik. Melgosak, berriz, kuadrillaren sorrera izan du gogoan; uste du beharrak eragin zuela duela 44 urte beteranoen taldea sortzea, «aurrez gazteen gauza bat zelako».

Jaien aldaketa

Hala ere, denboraren poderioz, jaiak aldatu egin dira, baina, bereziki, zenbait ohitura. Diaz de Gereñuk esan du aipagarriena kuadrilla bakoitzak zahato kolektiboa eraman beharrean kubatak eta katxiak eramatea izan dela. Hirurek ere faltan sumatzen dute gazte jendea zahatoarekin ikustea, baina Melgosak aitortu du beraiek ere «gauza bera» egingo luketela oraindik gazteak izango balira. Iraganari erreparatuz, Gaiarrek oroitarazi du gazteak zirenean «estatus ekonomikoak» baldintzatzen zuela herritar bakoitzaren jaiak ospatzeko modua.

Gaupasak ere gogoan izan dituzte, eta barre artean aipatu dute haiek gazteak zirenean ez zela ohikoena halakoak egitea. Goizean goizetik egunak gehiago aprobetxatzen zituzten. «Azken urteotan ez da dianarik egin; gazteak ginenean 09:00etan biltzen ginen hainbat kuadrilla, eta elkartu ostean horietako bakoitza kaleetan barrena abiatzen zen, baina, orain, gazteak lanean edo lo daude ordu horretan», azaldu du Melgosak. Diaz de Gereñuk gaineratu du lehen lantegi eta enpresa guztiak «ixten» zituztela jaietan, baina orain hori aldatu egin dela, eta jende askok lanean jarraitu behar duela.

Hala ere, Gasteizko jaien izaera herrikoia nabarmendu nahi izan du, besteak beste, Diaz de Gereñuk: «Oso jai herrikoiak dira. Adin guztietako jendearentzat antolatzen dituzte, eta, guretzat bezala, gauza asko eskaintzen ditu». Melgosaren ustez, «askotarikoak eta zabalak dira», eta, gainera, biek uste dute edonork pasatu ahal dituela «festa bikainak ia dirurik gastatu gabe», gaur egun «sekulako eskaintza» dagoelako.

Haientzako egun bat

Abuztuaren 8a izaten da blusa eta neska beteranoen eguna. Pandemiagatik, aurten ere ezin izango dute biharko eguna ospatu, baina, urterokoan, aurretiazko prestaketa lanak beharrezkoak izaten dira egitaraua prestatzeko. Diaz de Gereñuk, beraz, aipatu du «hutsunea» sentitzen duela barrenean, batez ere «bi hilabete lehenago» hasten direlako bihar ospatu beharko luketen eguna prestatzen.

Melgosak ere pozik bizi ohi du blusa eta neska beteranoen eguna: «Oso berezia da. Goizeko lehen ordutik guztiok gozatzeko ekintzak izaten ditugu». Haren arabera, hasteko, 09:00etan meza bat egiten dute, eta, ostean, Andre Mari Zuriari aurreskua dantzatzen zaio. Kuadrilletako emakume eta gizon banari ere zapi bana oparitzen zaie, urte askotan taldearen parte izan direlako. «Eguerdian Plaza Berrira joaten gara pote batzuk hartzera, eta, bukatzeko, ehun pertsona inguru biltzen gara bazkaltzeko», erantsi du Melgosak.

Urteak aurrera joan ahala, gainera, nesken presentzia asko areagotu da beteranoen kuadrillan, eta Gaiarrek hori azpimarratu nahi izan du: «Aspaldi, ez zen ia emakumerik ateratzen blusen eta nesken kuadrilletan. Orain, blusak baino gehiago dira neskak». Melgosak ere andreek taldean duten garrantzia nabarmendu du, eta aipatu du guztiek elkarrekin «primeran» pasatu ohi dutela.

Aurrera begira, zer?

Hirurak kontziente dira batez ere adin nagusienekoengan pandemiak eragin duen kalteaz. «Sasoi betean zegoen jendeak utzi egin gaitu», esan du, triste, Gaiarrek. Melgosak ere badaki jai giroaz gozatzen zuten asko hil egin direla, taldean zeudenak eta ez zeudenak: «Ez dakigu zehatz-mehatz kuadrillen parte ziren zenbatek utzi gaituzten, baina koronabirusarengatik gure ezagun batzuk hil dira».

Horregatik, aurten, joan den urtean bezala, bihar ez dute ezer berezirik antolatuko beteranoek, eta soilik meza bat egingo dute San Migel elizan, 11:30ean. Ostean, aurresku bat dantzatuko dute elizaren kanpoaldean, eta, aldi berean, izurritearen erruz hil diren guztiak oroituko dituzte. Gaiarrek, ordea, gogorarazi du meza horrek pertsona kopurua mugatuta izango duela, osasun neurriak direla eta.

Datorren urteari dagokionez, hiru beteranoek ez dakite oraindik zer gertatuko den, geroa ez baita ziurra. «Izurriak segitzen du, eta auskalo zer gertatuko den», ohartarazi du Diaz de Gereñuk.

Hala ere, hirurek uste dute pandemia pasatuko dela, eta aurten «joan direnak omentzea» tokatzen dela. Dena dela, ez dute dudarik: datorren urtean berriro ere kuadrillan gozatu nahi dituzte Gasteizko Jaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.