Etxekoa, gatz puntuarekin

Lore espezie dezente bistaratu da aurten ohi baino lehenago: 'Armeria euscadiensis' endemikoa, esaterako. Ez dago erregistro nahikorik joera orokorra dela esateko, ordea.

Armeria lorea, aurten, Jaizkibelgo labarretan. ANAÏS MITXELENA LARRAÑAGA.
Gorka Erostarbe Leunda.
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Bakana da. Kresala eta harkaitza behar baititu, aire gazitua eta arroka behar baititu. Armeria Euscadiensis lorearen bizi baldintzak honela definitzen ditu Itxaso Garai Fraisoro eskolako irakasleak (Basoa eta natura ingurunearen kudeaketa): «Itsaslabarretan graduazio bat izaten da aireko gazitasunari dagokionez. Kontzentrazio altuena itsaslabarraren behealdean izaten da; goialdean txikixeagoa da. Armeria goi horietan hazten da, hareharriari loturiko lurzoruetan. Kresalaren gazitasuna behar du. Itsaslabarretako goi parteetako lorea da».

Bakana da. Euskal Herriko kostaldeko gune jakin batzuetan baino ez baita loratzen. Ez beste inongo kostaldetan, ez beste inongo labarretan. Gipuzkoako Jaizkibeletik Uliarako tarte horretan, eta Bizkaian beste guneren batean. Armeria «endemismo bat da», terminologia zientifikoa erabiliz: «Bertakoa da, autoktonoa, eta zabaldu ez dena. Populazioa oso bakartua da. Baldintza ekologiko oso jakin batzuk behar ditu, oso puntu gutxitan gertatzen da, eta ez dauka mekanismo eraginkorrik dipertsatzeko».

Ponpoi arrosa bat txorten luze-luze batekin. Bakana eta ederra. Eta aurten oso garaiz loratu da, garaiz ikusi dute. «Berez, maiatzean ateratzen zen. Martxoan ikusi izan da aurreko urteetan. Aurten, otsailean ere bai», adierazi du Mikel Etxeberria Aranzadi elkarteko kideak.

Cambridgeko ikerketa

Armeria ez da aurten aurreratu den lore bakarra, udaberritik negurako ernetze prozesua egin duena. Lilipak apur bat aurreratu dira aurten, baina negutiarrak dira berez. Izenak salatzen du Sanjose Lorea (Primula vulgaris) ere martxo erdialdekoa dela, baina urtarrilean loraturik ziren haietako asko. «Martxoaren erdialdean edo hasieran etortzen zen; aurten dezente lehenago ikusi ditugu. Loratze ikusgarria izaten du; errepideetako ezpondetan ikusten dira asko. Loraldi hori bat izaten da».

Loratze goiztiarra joera iraunkorra da, edo aurtengo kontu hutsa? Itxaso Garairen iritzian, «erregistroak falta dira» loratzea aurreratu dela baieztatu ahal izateko: «Logikak esaten du baietz, klima aldaketak eta tenperaturen igoerak eragiten duela efektu hori, loratze goiztiarra, baina ikerketak falta dira»

Iritzi bertsukoa da Mikel Etxeberria ere: «Urte dezentetako laginketa jarraituak egitea beharko genuke, eta oraingoz ez dugu halakorik». Ez Euskal Herrian behintzat, baina biek ala biek aipatzen dute Cambridgeko Unibertsitateak oraintsu plazaraturiko ikerketa bat. 407 landare espezie ikertu dituzte 1987tik 2019ra bitartean, eta ondorioztatu dute haien loratzea hilabetez aurreratu dela klima aldaketaren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.