Berriz hasteko indarra hartzen

Gazako herritarrek ofentsiba militarra amaitzea nahi dute; baina Israelen hilabete bateko erasoaldi odoltsuaren ostean, bermeak nahi dituzte galdutakoa berreskuratu eta lehengora ez itzultzeko

Gazaren sinbolo bihurtu da Khuza'a herrixka, hiru eguneko inbasio militarra jasan ostean. Irudian, bertako herritar batzuk, su-etenean zehar, hondakinetatik manta batzuk eskuratu ostean. OLIVIER WEIKEN / EFE.
Ane irazabal
Gaza
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Khuza'a herriko hondakinen gainean Palestinako eta Hamaseko banderak bakarrik gailentzen dira. «Bonbardaketa bakoitzaren ostean, etxeko teilatu suntsituetan jartzen ditugu, bizirik gaudela aldarrikatzeko, eta erakusteko inoiz ez dugula amore emango». Mohamed Abu Ibrahim nekazariaren hitzak dira horiek.

Abu Ibrahimen etxea nekez antzeman daiteke hondakinen artetik; izan ere, Israelgo misil batek zeharo suntsitu zuen duela bi aste. Mohamed eta haren familia UNRWA Errefuxiatu Palestinarren Nazio Batuen aterpe batean zeuden ordurako, baina auzokide askok ezin izan zuten alde egin. Orain, kanpadenda bat ezarri du hondakinen aurrean. Egurrezko lau makilak eta izara batek osatutako egitura bat du bere behin-behineko aterpe berria. «Ez dut dirurik nire etxea berreraikitzeko, baina ez dut herritik alde egingo. Hutsetik hasiko gara».

Gazaren sinbolo berria bilakatu da Khan Yunis hiriaren ekialdean dagoen Khuza'a herrixka. Hango biztanleek hiru eguneko inbasio militarra pairatu zuten. Ez anbulantziarik, ez gobernuz kanpoko erakunderik, inor ez zen barrura sartu. Errepidean, Israelgo tankeek utzitako markak ikus daitezke oraindik.

Gazako herritarrentzat erresistentziaren eredu bilakatu dira Khuza'ako biztanleak. «Hamas da Gaza askatu nahi duen mugimendu bakarra. Non dago Mahmud Abbas? Non daude gainerako herrialde arabiarrak?», galdetu du Axraf izeneko gazte batek.

Gazako nekazari eremuak Hamasen gotorleku izan ohi dira, baina Israelgo erasoaldi honek biziki handitu du mugimendu islamistaren ospea. 2008ko eta 2012ko gerretan gertatu zen bezala, oraingoan ere Hamasek zuzendu du Israelen kontrako erantzuna. Khuza'an eta ondoko herrietan nekez ikus daitezke Hamasenak edo Jihad Islamikoarenak ez diren banderak. «Al-Qassam brigadengatik ez balitz, indarrez hartuko gintuzkete israeldarrek. Tunelek harro sentiarazten gaituzte», uste du Abu Ibrahimek.

Hain zuzen, «erresistentzia» da gazatarren ahotan gehien entzuten den hitza. Erasoaldi edo bonbardaketa bakoitzaren ostean, borrokatzen segitzeko deia egin ohi dute gazatarrek. «Hilabete bat daramagu bonben azpian, eta lur jota gaude, baina ezin dugu amore eman. 1.850 hildako izan ditugu, denak lehen bezala jarrai dezan?», nabarmendu Ebaa izeneko ikasle batek. Herritarren artean badago blokeoa amai daitekeen esperantza bat: «Palestinako fakzioek indar erakustaldi bat egin dute; beraz, bada garaia Israelek inposaturiko zigor hau amaitzeko»; hala uste du Ebaak.

Nekea eta ardura

Edonola ere, badira mugimendu islamistarekin oso kritikoak diren herritarrak ere. «Gazatar guztiok sufritzen dugu Israelen blokeoa, ez Hamasek bakarrik. Nork eman die denon ordezkari gisa jokatzeko eskubidea?», adierazi du Mira izeneko irakasle batek. Gaza Youth Breaks Out (GYBO) mugimenduko kidea da Mira. 2011n sortutako talde horretan ehunka gaztek parte hartzen dute.GYBOk askatasuna du helburu, alderdi politikoen eta nazioarteko erakundeen influentzia gaitasunaren gainetik. Mugimenduaren lema argia da oso: Ez Israel. Ez Hamas. Ez Fatah. Ez NBE. Ez UNRWA. Ez AEBak.

Egunotan, nekea suma daiteke gazatarren aurpegietan. Hilabete bateko ofentsiba militarrak ondorio latzak utzi ditu, eta egoera humanitarioa biziki larria da. «Erasoaldiaren osteko ondorio politikoek arduratzen naute, baina nola iraungo dugu bizirik aurrerantzean? Noiz itzuliko digute argindarra? Noiz emango digute edateko ura?», nabarmendu du Um Mohamed izeneko emakume batek.

Izan ere, ondorio politikoen gainetik, egunerokoak arduratzen ditu gazatarrak, jakin baitakite zaila izango zaiela berriz ere hastea. «Batzuek eta besteek garaipenaren banderak altxatuko dituzte, baina gerra hau ez du inork irabazi. Galtzailea nor den argi dago, ordea: gu, Gazako herritarrak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.