Latinoamerikako herrien borroka. Testuingurua

HERRIA ZUTITU EGIN DA

Latinoamerika etengabeko gatazka giroan da aspalditik, eta aurten herritarren protestak izan dira hainbat herrialdetan gobernuen aurka. Ezkerreko eta eskuineko indarren arteko liskarrean segitzen du lurraldeak, eta, adituen ustez, ezegonkortasun egoera ez da bukatuko.

HERRIA ZUTITU EGIN DA.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Sua, tiroak, barrikadak, atxiloketak, zaurituak eta hildakoak Latinoamerikan, indigenek Abya Yala esaten zioten lurraldean. Berriz. 1492az geroztik, askotan. Indar kolonizatzaileek Amerika aurkitu zutenetik, kontinente horretako azpikontinentea esaten zaion Latinoamerikak ezin izan du gainetik kendu zapaltzailearen berunezko oinetakoa. Orduan kolonialismoak bezala, orain kapitalaren eredu neoliberalak hango lur aberatsak ustiatzea du helburu, eta ekonomiaren bandera dute gerrarako estandarte. Duela 527 urte, armadak eta militarrak bidali zituzten kolonizatzaileek; orain, bertako poliziak eta militarrak ari dira, baina guztietan trajedunak dituzte atzean, agintari. Bertakoak eta, bertakoen gainetik, kanpokoak. Latinoamerikaren desditxa: berezko aberastasun handi baten jabe izatea.

Hangoa dena hangoei kendu, eta han ez ezik handik kanpo ere negozioa egitea du xede neoliberalismoak. Jite horretako hainbat neurri hartu izanak sutu egin ditu herritarrak, eta, amaitzear den urte honetan, lehertu egin da kontinente handiaren barruko kontinentea. Herriak nahikoa dela esan die indar kontserbadoreei, eredu neoliberalaren aldekoei. Indigenak, langileak, emakumeak, gazteak... kalera atera dira hainbat herrialdetan. Ekuadorren, Lenin Morenoren eskuineko gobernuak erregaietarako laguntza kendu izanak eragin zuen herria sutan jartzea; Txilen, Sebastian Piñera kontserbadorearen gobernuak metroko txartela 30 peso garestitzeak haserretu zuen herria, eta Augusto Pinocheten garaiko konstituzioa [1980koa] eraldatzeko konpromisoa adostu dute alderdi eta eragile guztiek; Kolonbian, herriak esan zion Ivan Duque zentro-eskuineko presidenteari ez daudela ados hark ezarritako ingurumen politikarekin, ezta gizarte eta ekonomia arlokoekin ere; Haitin, bertako dirua debaluatu izanak eta inflazioak gora egin izanak sutu zituen herritarrak Jovenel Moise zentro-eskuineko presidentearen gobernuaren aurka; Hondurasen, gizarteak ez zuen onartu Juan Orlando Hernandez presidente kontserbadorea berriz aurkeztea hauteskundeetara. Perun ere izan ziren protestak, Martin Vizcarra eskuineko presidenteak Kongresuaren jarduna eteteko hartutako erabakiaren aurka.

Gobernuek indarra erabiliz erantzun diete herriaren altxamendu horiei. Polizia eta armadak kalera atera dituzte, eta zaurituak, hildakoak eta atxilotuak zientoka izan dira lurralde osoan. «Gehiegizko indarkeria» erabiltzea leporatu diete nazioarteko hainbat erakundek gobernu horietako batzuei, eta, Txilen, Piñerak onartu egin behar izan du herritar guztien eskubideak «errespetatu gabe» geratu zirela. Ez dira garairik onenak indar kontserbadoreentzat Latinoamerikan; Ekuadorren, Txilen eta Kolonbian kalea galdu duten bezala, bozak ere galdu dituzte Argentinan eta Mexikon, ezkertiarren mesedetan. Alberto Fernandez peronista presidente izendatu berria da Argentinan, eta Andres Lopez Obrador buru duen ezkerreko koalizioak irabazi zituen Mexikoko hauteskundeak duela urtebete.

Galtzeko ez da sortu, baina, eredu neoliberalaren barruko mugimendu guztia, eta irabazia du agintzeko aukera ere bi herrialdetan: Uruguain, ezkerreko Fronte Zabala alderdia oposiziora bidali du hamabost urteren ondoren Luis Lacalle Pou presidente berriaren Alderdi Nazionalak. Beste garaipena bortizki lortu dute kontserbadoreek, Bolivian: Evo Moralesen aurkako estatu kolpea prestatu, landu eta gauzatu dute, indar militarren ezinbesteko eta ohiko laguntzarekin, eta bere burua presidente izendatuta ari da Jeanine Añez abokatu eskuindarra azaroaren 12tik. Moralesek Boliviatik alde egin behar izan zuen, eta, Mexikon egon ondoren, Argentinan da orain. Añezen gobernuak atxilo hartzeko agindua eman zuen abenduaren 19an.

Brasil da gori-gori dagoen beste herrialdea. Jair Bolsonaro militar ohi ultraeskuindarrak urtebete egingo du presidentetzan hiru egun barru, eta Langileen Alderdiko buru eta herrialdeko presidente ohi Luiz Inacio da Silva Lula-ri berretsi egin diote kartzela zigorra epaitegiek, azaroaren 8tik libre bazen ere —2018ko apirilaren 7tik egon zen preso, ustelkeriagatik zigortuta—. Kalean ez da izan batzuen eta besteen arteko istilurik, ez eta Gobernuaren aurkako mobilizazio handirik ere, oraingoz.

Venezuelan ere ari eta ari dabiltza eskuineko indarrak Nicolas Maduro presidentearen aurka, baina indarra galduta dabiltza azkenaldian, Juan Guaido buru zuen saialdiak porrot egin eta gero.

Gobernu aldaketak

Ezegonkor jarraitzen du Latinoamerikak, ezker-eskuin lehia horretan erabat barneratuta. Ez da gaurko kontua ahulezia hori. Ziklikoki gertatu izan da, eta orain berriz ari da gertatzen. Urte batzuetan atzera eginda, hango herrialdeak independente bilakatu zirenetik XIX. mendean, bertako hainbat eragilek ez dute bakean utzi, kanpoko indarren laguntzaz, AEBak akuilu. Aurreko mendean jazo ziren estatu kolpeak dira horren adibiderik argiena: Txilen, militarrek indarrez eraitsi zuten Salvador Allende presidentearen gobernua 1973an; hiru urtera ere ez zen iritsi haren agintea, eta «bere burua hil zuen» bertsio ofizialaren arabera; 1989an, AEBek Panama inbaditu zuten Manuel Antonio Noriega diktadorea kargutik kendu eta atxilotzeko. Beste kasu batzuk ere badira: lehenago, Venezuelan, 1948an, Romulos Gallegos presidentea eraitsi zuten; 1954an, Paraguain, Federico Chaves kendu zuten agintetik, eta Guatemalan, Jacobo Arbenz; 1963an, Juan Bosch presidenteari tokatu zitzaion Dominikar Errepublikan; urtebete geroago, Joao Goularti kendu zioten agintea Brasilen; Argentinan, 1966an eta 1976an jo zituzten estatu kolpeak: lehendabizikoan, Arturo Ilia jo zuten, eta bigarrengoan, Maria Estela Peron harrapatu zuten bete-betean; Bolivian, 1971n utzi behar izan zuen agintea Juan Jose Torres militarrak; Uruguain, bi urte geroago, Juan Maria Bordaberry presidenteak irauli zuen herrialdea, militarren laguntzaz; El Salvadorren, 1979an, Carlos Humberto Romero kendu zuten kargutik; eta Perun, 1992an gertatu zen estatu kolpea, Uruguaikoaren molde berekoa, Alberto Fujimori presidenteak agindu zuelako.

Mende honetan ere gertatu dira lurraldean zehar estatu kolpeak edota saialdiak, berriki Bolivian gertatua ez baita kasu bakana. Brasilen, kargutik kendu zuten Dilma Rousseff 2016an; lau urte lehenago, Paraguain, Fernando Lago kendu zuten agintetik; Hondurasen, Manuel Zelayaren txanda izan zen 2009an, eta bost urte lehenago, Haitiko Jean-Bertrand Aristide presidentea herrialdea uztera behartu zuten. Venezuelan, 2002an, Hugo Chavez bota zuten, baina bi egun geroago agintea berreskuratu zuen.

Chavezen agintaldia izan zuten mugarri, hain zuzen, kontinenteko ezkerreko indarrek. Mende honen aurreneko hamarkadan, loratu egin ziren gobernu aurrerakoiak: Venezuelan, 1999an izan zen aldaketa; Brasilen, Luiz Inacio da Silva Lula-k 2003an lortu zuen agintea, eta urte hartan bertan iritsi zen boterera Nestor Kirchner Argentinan; Uruguain, Fronte Zabaleko Tabare Vazquezek 2005ean irabazi zituen hauteskundeak, eta ondoren Jose Mujicak; Rafael Correa 2007an izendatu zuten Ekuadorko presidente; eta Evo Morales 2006an bihurtu zen Boliviako presidente. Herrialde horietatik, Venezuelan eta Argentinan soilik jarraitzen du ezkerrak boterean, eta Nikaraguan Daniel Ortega sandinistaren aurkako protestek ez dute etenik. Eskuina da agintari gainontzekoetan: Brasilen, Haitin, Hondurasen, Perun, Uruguain, Ekuadorren eta Bolivian.

(Testuak jarraitzen du infografiaren ondoren).



Ezkerra eta eskuina

Latinoamerikako egoera politiko gatazkatsuak begi asko dauzka begira, eta barrutik barrura begirada luzatuta daukatenetako bat Breno Altman da (Sao Paulo, Brasil, 1961). Kazetariak, Opera Mundi webgunearen sortzaileak, BERRIAren eskariz lurralde osoari atera dion lehendabiziko argazkian, antzeko ikusten ditu ezkerreko indarrak eta eskuinekoak: «Biak daude ahul, inon ez baitaude sendotuta indar aurrerakoien eta indar kontserbadoreen gobernuak». Ahulezia horren fokua gizarteari begira jarri duenean, «gatazka eta definiziorik eza» ikusi ditu.

Begiak ondo irekita ari den beste analista bat Gisela Brito da (Buenos Aires, 1986). Soziologoa eta analista politikoa da, Celag elkarteko (Latinoamerikako Geopolitikako Estrategia Zentroa) kontseiluko kidea, eta «gatazkan» ikusten du lurraldea: «Alde batean, gobernu aurrerakoiak daude, eta, bestean, neoliberalismoaren barrukoak, eta horrela jarraituko dugu», azaldu du telefonoz bestaldetik.

Gatazka giroaren gorakada eta zabaltze honetan, Altmanek «ezegonkortasun prozesu bikoitza» aipatu ditu eragiletzat: «Eredu neoliberala garatu nahian dabiltza gobernu kontserbadoreak lehenik, baina eredu hori akituta dago». Argentina, Txile eta Kolonbia jarri ditu adibide gisa: «Hazkunde maila eta garapen kapitalista lortu ditu Txilen eta Kolonbian, baina aberastasuna kontzentratuz, gizarte mailako ezberdintasunak areagotuz, prekaritatea sustatuz, pribatizazio basatia eginez eta eskubideak zapalduz. Gizarteko sektore asko aurka jarri zaizkie bertako gobernuei, eta Argentinan, hauteskundeak galdu ditu Mauricio Macrik». Ezegonkortasunaren bigarren eragile moduan ere indar kontserbadoreak aipatu ditu, baina, kasu horretan, gobernu aurrerakoien aurka: «Boliviakoa da azkeneko kasua, nola kendu duten Evo Morales agintetik gobernu diktatoriala ezartzeko, eredu neoliberalari erabat lotua. Bolivian agintzen ari dira boto bat bera ere eskuratu gabe». Brasil ere multzo horretan jarri du bertako kazetariak, eta, kasu guztietan, indar kontserbadoreen barruan kokatu ditu gizarteko klase ertaineko geruzak, «gobernu aurrerakoiak kanporatzeko».

Moralesen aurkako protesta bat Cochabamban, joan den urrian. Jorge Abrego / EFE

Britok gordin asko egin du egungo egoeraren analisiaren sarrera: «Neoliberalismoa ez da bateragarria demokraziarekin. Austeritate fiskala sustatzeko neurriek galarazi egiten dute herritar guztien garapena, estrukturala den ezberdintasuna sustatuz». Ezberdintasun horiek ikusirik herria altxatu egin dela esan du, Txileko eta Kolonbiako adibideak gogoan. «Argentinan, aldiz, eskuinak bozetan galdu du agintea».

Argentinako soziologoak beste aldagai bat ere sartu du Latinoamerikako egoeran: «Lurraldean gertatzen ari dena bada geopolitikako gatazka ere. Oso aberatsa izanik baliabide aldetik, munduko potentzia asko dabiltza hemengoaren atzetik». Altmanen ustez ere, «eragin handia dauka» nazioarteko botere ekonomikoak Latinoamerikako egoeran: «Funtsezko lurralde bat da munduko lehia geopolitikoan, eta borroka hori pil-pilean dago orain. Gure lurraldeak erregaiak dauzka, mineralak... Merkatu zabala da, 650 milioi bizi garelako bertan, eta aukera ekonomiko handiak dauzka gure lurraldeak». Geopolitikaren barruan talka dagoela dio: «AEBek berreskuratu egin nahi dute lehen Latinoamerikan izan zuten boterea, eta Txina eta Errusia ere lehian sartu dira gurean». Borroka horretan bi herrialde horiek nola ari diren zehaztu du: «Bat eginda daude indar aurrerakoiekin, AEBen eragina neutralizatzeko, batetik, eta nazioartean indar aurrerakoi horiek bat egin dezaten AEBen kontra, bestetik».

Akatsak

Mende honen hasieran, ematen zuen indar aurrerakoien gobernuak luzerako izango zirela. Itxaropen handia zabaldu zen lurralde osoan, behingoagatik Latinoamerikak arnasa beste erritmo batean eta lasai antzean hartzeko modua izango zuelakoan. Lularen garaipenak eta aginteak egundoko ikusmina eta itxaropena hedatu zituen kontinentearen barruko kontinentean, Brasil «gakoa» delako lurraldean, Altmanen arabera. Baina usteak erdia ustel gertatu ziren orduan ere, eta herri xehearen poza azkar batean zapuztu zen. Ez bakarrik indar kontserbadoreen atzapar luzeengatik: «Ezkerreko gobernuek ere hanka sartzeak egin zituzten», azaldu dute Altmanek eta Britok.

Brasilgo kazetariaren ustez, ez ziren fin aritu horretan: «Iraultza politikorik egin gabe, ezin da aldaketa ekonomiko eta sozialik egin, eta analisi historiko eta estrategiko okerra egin zuten horretan. Azken batean, iraultza horrekin lortuko litzateke estatua herriaren zerbitzura egotea». Iraultza hori gauzatzeko estatuko eragile eta botere guztiek ondo lotuta egon behar luketela nabarmendu du Altmanek: «Historikoki, burgesiaren oligarkiek ez dute inolako erreformarik onartu, eta, adibidez, lanaren erabateko esplotazioaren, lurraren monopolioaren eta AEBetako kapitalaren mende dago Latinoamerikako kapitalismoa. Ezkerreko gobernuak hori aldatzen saiatu izan direnean, eta ez naiz ari kentzeaz, oligarkiek estatu kolpeekin erantzun dute, ordena demokratikoa hautsiz, gobernuak berriz bereganatu eta ezer ez dadin aldatu». Horretan ikusi du ahul ezkerreko mugimendua Altmanek: «Jarrera horien kontra ondo prestatuta egon den bakarra Venezuela izan da».

Zein litzateke, baina, analisi historiko eta estrategiko zuzena ezkerraren ikuspegitik? «Estatuaren instituzioak aldatu beharko lirateke, militarrei aurre egin, eta herria politikoki antolatu, hezi eta mugitu». Bide horretatik jo ordez, gobernu iraultzaileek beste bat okerra hartu izan dutela adierazi du: «Ezkerrak uste izan du ekonomia garatzea eta ongizatearen bidetik jtzeaz nahikoa izango zela herrialdeetako burgesiak otzantzeko, baina hori ez da horrela; ez, behintzat, kapitalismoa krisian dagoen garaietan. Burgesiak ez du onartzen konpentsatzeko neurririk, haien aurretik gobernu ezkertiarrek egindakorik, eta lehengora itzultzen dira, gobernuak kenduz eta haien agenda ezarriz».

Britoren ustez, «normala» da gobernu horiek hanka sartzeak egin izana, «ez dagoelako gobernurik estatua akatsik gabe kudeatzen duenik». Soziologoaren arabera, gobernu aurrerakoiei herritarrek ematen dieten babesa era horretan neurtzeko joera dago: «Gizarteko ezberdintasunak zenbateraino murrizten dituzten neurtzen zaie, baina gehiengoen alde gobernatzeak badu kostu handi bat ere: menderatzaileen pribilegioak aldatzea, haien ustez berez dagozkien eskubideak direnak». Gaineratu du gobernu aurrerakoiek gobernua eskuratu izana ez dela izaten agintea eskuratzearen parekoa: «Eskuineko indarrak eta ekonomian kontzentraturiko sektoreak, komunikabide handiak eta sistema judiziala ahaztu gabe, eragile politikoak dira, eta eginahalak egiten dituzte gobernu aurrerakoien legitimitatea erauzteko, hainbat metodo erabiliz: jazarpen judiziala, lintxamendu mediatikoa, boikot ekonomikoa eta abar».

Komunikabide handi horien eraginaren inguruan, Altmanek dio «elite kontserbadoreen eta talde kapitalisten bozgorailu eta haien benetako alderdiak» direla. Kazetariak garbi dauka zer lan egiten duten hedabide horiek: «Estrategiak eta narratibak antolatzen eta prestatzen dituzte gobernu aurrerakoien aurka egiteko eta eredu neoliberalari eusteko. Ezinbesteko lana egiten dute horretan, eta hedabide multzo horietan pentsamolde antidemokratiko handia dago. Monopolioa dira, azken batean».

Ivan Duque presidentearen aurkako elkarretaratze bat egin zuten abenduaren 8an, Kolonbiako Bogota hiriburuan. ‘Ura eta bizitza uneko politikaria baino garrantzitsuagoak dira’ irakur daiteke kartelean. Mauricio Dueñas Castañeda / EFE

AEBen interesen alde

Hedabide multzo handi horiekin ez ezik, AEE Amerikako Estatuen Erakundearen lan eta jarrerarekin ere oso kritikoak dira Brito eta Altman. «AEBetako Estatu Departamenduaren segida baino ez da», kazetari brasildarraren arabera. «Ez du inolako autonomiarik; haren morroi zintzoa baino ez da, kontserbadoreen aldeko lana egiteko». Harago ere joan da erakunde horren azterketan: «Moralik ez duen erakunde bat da». Brito bat dator: «AEBen interesen aurkako gobernuak ezegonkortzeko plataforma politikoa da azken urteetan».

Berriki, Bolivian Moralesen aurkako estatu kolpea gauzatzeko garrantzitsua izan da Amerikako Estatuen Erakundearen jarduna, tresnak eman zizkielako eskuineko indarrei presidentearen aurka egiteko. Urriko hauteskundeak iruzurra izan zirela salatu zuen erakundeak txosten batean, eta, Altmanen eta Britoren iritziz, «inolako informazio fidagarririk gabe egin zuen, hauteskundeetako kontaketan aritzen diren adituen iritzi teknikoen kontra». Altmanek gogora ekarri du Fidel Castrok bere garaian erakundeari buruz esandakoa: «AEBen kolonien ministerioa dela esan zuen».

Latinoamerikak zainak irekita zituela esan zuen Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak 1971. urtean, izenburu bereko liburuan. 48 urte geroago, odoletan daude oraindik ere zain horiek, eta jarioak ez dauka mozteko itxurarik. Antzinako indigenek «heldutasun betean» ikusten zuten «lur berria» zen Abya Yala. Joan dira mendeak, gatazkak, gerrak eta hildakoak ordutik. Baina zauriak irekita jarraitzen du, eta hura ixteko modu bakarra dagoela ohartarazia du Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiak: «Herrialde guztiok bat egiten ez badugu, Latinoamerikak amore emango dio globalizazioari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.