Jaurlaritzak kode etikoa ezarriko die langile guztiei enplegu publikoaren legean

Gurasotasun baimenak berdintzeko proposamena jasotzen du legegaiak. «Prekaritatea bere mesederako erabiltzea» egotzi dio LABek gobernuari
Erkoreka eta Azpiazu, atzo, gobernu kontseilu osteko agerraldian.
Erkoreka eta Azpiazu, atzo, gobernu kontseilu osteko agerraldian. BERRIA

Jon O. Urain -

2019ko urtarrilak 30
Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak atzoko bileran onartu zuen enplegu publikoa arautzeko lege proiektua. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak agerraldiaren ostean adierazi zuenez, lege egitasmo horren bidez «kontziliazioa, berdintasuna eta familia eredu berrien errespetua» sustatzea da gobernuaren asmoa, funtzio publikoaren bitarteko kontratuen tasa jaisteaz eta «estandar etikoak zerbitzu eta aurrekontu publikoak kudeatzen dituzten pertsona guztiengana helarazteaz» gain: «Langile publikoek integritatearen eta gardentasunaren printzipioak errespetatzen dituztelarik beteko dute beren lana».

Orain arte Jaurlaritzako goi kargudunei soilik ezarritako kodea langile publiko guztiei zabaltzeko asmoak polemika sortu zuen iazko irailean, beharginen adierazpen askatasuna kolokan jartzen zuelakoan. ELAk erantzun zuen «irmo» erantzungo ziola asmo horri, eta CCOOk «nagusikeriaz» aritzea egotzi zion Eusko Jaurlaritzari.

Horrez gain, Jaurlaritzak zenbait kontziliazio neurri ezarri nahi ditu lege egitasmo horren bitartez, Erkorekak azaldu zuenez. Esaterako, legeak aurrera eginez gero, seme-alaba bat izaten duten bi gurasoek hamasei asteko baimena izango lukete, %100ean ordaindua. Baimen horiek ezingo lirateke eskualdatu, eta jarraian hartu beharko lirateke. Gaur egun, amak hemezortzi asteko baimen bat har dezake, eta beste gurasoak, lau astekoa. Era berean, edoskitze baimena ere moldatu nahi du Jaurlaritzak: aurrerantzean, 150 orduko baimena izango da urtebetetik beherako haurrak zaintzeko. Hizkera ere zaindu nahi du gobernuak; hortaz, legegaian ez darabil amatasun edo aitatasun baimen kontzepturik, eta guraso baimenez mintzo da.

Bestalde, Erkorekak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko helburua dela enplegu publikoa «egonkorra eta kalitatekoa» izatea. Horretarako, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du 13.500 lanpostuko deialdi publiko bat egiteko, «ahalik eta lan-egonkortasun handiena» bermatzeko: «LEP berriek lantaldeak gaztetzea berekin ekar dezaten nahi dugu».

ELA sindikatua, ordea, ez dator bat; uste du onartutako lege proiektuaren bidez Jaurlaritzak «betikotu» egingo duela sektore publikoaren behin-behinekotasun «tasa handia». Gogora ekarri du sindikatuak 200 alegazio baino gehiago aurkeztu zituela, eta salatu gobernuak ez duela sindikatuekin negoziatu: «Testua aurreko legealdian aurkeztu, eta legebiltzarreko izapidean erretiratu zen testuaren kopia hutsa da».

LABek ere desadostasuna agertu du. Enplegu publikoaren «prekaritatea bere mesederako erabiltzea» leporatu dio Iñigo Urkullu buru duen gobernuari: «Langile publikoen behin-behinekotasuna parametro jasangaitzetaraino eraman ondoren, Jaurlaritzak bere interesak behingoz asetzeko probestuko du egoera, eta zerbitzu publikoen eredu neoliberalena ezartzera animatu da». Sindikatuak uste du «arazo partzialak pakete osoetan saldu» nahi dituela gobernuak; hala egin zuela aurrekontuen negoziazioan eta beste hainbeste egin nahi duela enplegu publikoaren alorrean ere: «Arazo larria arintzeko aitzakiarekin, lege proposamenaren neurri neoliberal guztiak pakete bakarrean onartzea nahi du Jaurlaritzak».

UGTri ere ez zaio proposamena gustatu. Sindikatuak ohartarazi du lege proiektuak ez dituela langile publikoen «egungo arazoak konpontzen», ezta jasotzen ere UGTrentzat «oso garrantzitsuak» diren gaiak: adibidez, behin-behineko kontratazioa gehienez %8koa izatea.

1989tik indarrean

Atzo onartutako lege egitasmoarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko langile publikoen lan esparrua arautzen duen legeria eguneratu nahi du Jaurlaritzak. Izan ere, indarrean dagoen testua 1989koa da, eta, azken bi legealdietan hura eguneratzen saiatu badira ere, saio horiek bertan behera geratu ziren, babes politiko nahikoa ezin lortuta. Gobernuak prestatutako proiektua azken sei urteotan Eusko Legebiltzarretik igaroko den hirugarrena da. Kontuan hartu behar da lege horrek sektore publikoan lanean ari diren 110.000 langileren oinarrizko baldintzak finkatzen dituela, administrazioaren maila guztietakoak: gobernua, foru aldundiak eta udalak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna