Uemak «pozez» hartu ditu Hernani, Astigarraga eta Asteasu

Deban egindako batzar nagusian, mankomunitateko kideek aho batez onartu dute hiru udalerriak taldera batzea. Gaur egun, 97 udalerrik osatzen dute Uema, eta 300.000 lagun bizi dira horietan

Uemako kideak bozkatzen, Debako Luzaro ikastetxean egindako batzarrean, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Iosu Alberdi.
Deba
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Debako (Gipuzkoa) Luzaro ikastetxean egindako batzar nagusia baliatu du Hernaniri, Astigarragari eta Asteasuri (Gipuzkoa) ongietorria egiteko. Hiru udalbatzarrek azken asteetan egin dituzte mankomunitatera batzeko eskaerak, eta hark aho batez berretsi ditu haiek. Hala, iritsi berriekin, 97 dira Uema osatzen duten udalerriak.

Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak adierazi du «oso pozgarria» dela mankomunitatera beste hiru kide batu izana, eta baita haien sarrera aho batez onartu izana ere. Halere, batu izanean baino gehiago, horra iristeko moduan egin du azpimarra: «Prozedura eta egiteko modua poztekoa da, adostasun oso zabalarekin iritsi baitira honaino». Mankomunitatea hedatu izana proiektua eta «euskararen lurgunea» sendotzeko urratsak direla azaldu du: «Poliki-poliki, bagoaz». Hala, hartutako bidea «egonkortzea» eta «indartzea» jo ditu aurrera begirako helburutzat.

Astigarraga izan da Uemara batzeko eskaera egiten azkena; atzoko osoko bilkuran onartu zuen udalak eskabidea gauzatzea. Xabier Urdangarin alkateak azaldu du udalerri hura asko aldatu dela azken urteetan, biztanleak nabarmen ugaritu direlako, besteak beste. «Herri txikia izatetik herri koxkor bat izatera pasatu gara; kanpotik jende asko etorri da, eta haur asko jaio», argudiatu du. Egoera horretan, euskara «integraziorako eta kohesiorako» elementu garrantzitsua da, haren esanetan. Hala, Uemaren «eskarmentua» eta sarean lan egiteko modua baliatu nahi dituzte «urrats kualitatibo garrantzitsuak» egiteko: «Bihartik aurrera, Uemarekin batera lan egingo dugu».

Pili Legarra Asteasuko alkateak udalerri horren erronkei aurre egiteko «lagungarritzat» jo du Uema. Besteak beste, kale erabilera bultzatzea dute helburu, beheranzko joerari aurre egiteko. «[Pedro Jose Elizegi] Pello Errotarren eta Bernardo Atxagararen herria izanik, ezinbestekoa da guretzat Ueman egotea», gehitu du.

Hernaniko alkate Xabier Lertxundik, berriz, euskararen normalizazioaren aldeko apustuan egindako urrats gisa jo du Uemara batu izana: «Saretzea eta indarrak batzea da, euskararen normalizaziorako lanean jarraitzeko».

Uemak salto nabarmena egin du sorreratik. 1991n egindako lehen batzarreko 17 kideetatik 97ra igaro da; agintaldi honen hasieran, 86 kide ziren. Gainera, hiru kide batuta, Uemako udalerriek 300.000 biztanleko langa gainditu dute: «Zehazki, gaur egun 302.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute Uemako kide diren herriek».

Lanerako asmoz

Mankomunitateko kideek urteko balantzea egiteko ere baliatu du batzarra. Besteak beste, Arnasa Gara kanpainaren barruan egin duten Arnasetik bideo-sormen lehiaketa nabarmendu dute, «arnasguneen garrantzia jendarteratzeko» urrats gisa. Horrez gain, Salto udalekuek izandako harrera eta «herritarren kontzientziazioan sakontzeko» urratsak ere azpimarratu dituzte batzarrean.

Proiektu horiekin batera, Uemak azken urtean egindako ikerketak ere izan dituzte hizpide. Gazteen ikus-entzunezko kontsumoa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen bilakaera soziolinguistikoa eta Udalerri euskaldunetako haurrak ikerketa. Azaroan aurkeztu zuten azken ikerketa hori, EHUko DREAM taldearekin eta Soziolinguistika Klusterrarekin batera. Haurren profiletan eta hizkuntza praktiketan aldaketa «nabarmenak» gertatzen ari direla ondorioztatu zuten, eta horretan eragiten duten 148 faktore identifikatu zituzten.

Datorren urtean ere jarri dute begia. Martxan jarri nahi dituzten proiektuen artean aipatu dituzte euskara eta kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibiatik (Gipuzkoa) beste udalerri batzuetara zabaltzea, Uema sendotzeko pausoak ematea eta «udalerri euskaldunen lurgunea» hedatzea. Gainera, hauteskunde urtea izanik, agintaldi aldaketekin batera hautetsi berriak «ahalduntzeko» lan egin nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.