Lasa eta Zabalaren kasuko kalteak erreparatzeko eskatu du Foro Sozialak

Foroaren arabera, urrats horiek balioko dute «biktimen kategorizazioa gainditzeko» eta «horien eta senideen erreparaziorako»

Irati Urdalleta Lete.
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Datorren urtean 40 urte beteko dira GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu zituenetik. Horren harira Foro Sozial Iraunkorrak dioenez, urteurrena «agenda instituzionalean txertatu» behar da aurrera egin ahal izateko: «Biktimen kategorizazioa gainditzen lagunduko duen urrats berri gisa, eta biktima horien eta haien senideen erreparaziorako». Horretarako, bi pauso eman behar direla nabarmendu du Foro Sozialak. Batetik, Espainiako Gobernuak eta gobernuko presidenteak «eragindako kaltea aitortu» behar dute. Eta, bestetik, kasuaren balorazioa egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak kasu hori bere agenda instituzionalean sartu eta «zabalkunde pedagogikoa» eman behar dio.

Aurten 39. urteurrena den heinean, Foro Sozialak gogora ekarri ditu gaiari dagozkion zenbait auzi. Batetik, adierazi du hamalau desagertze behartu dokumentatu direla; erdiak argitu gabe daude, eta beste erdietatik luzeenak Lasa eta Zabalaren kasuak izan ziren—gorpuak identifikatu zituzten arte 11 urte eta erdi pasatu ziren—. Bestetik, kasu horretan «giza eskubideen urraketa guztiak betetzen» direla azpimarratzeaz gain, Foro Sozialak adierazi du «urraketa bereziki larria» gertatzen dela «egileak funtzionario publikoak direlako».

«Estatuaren biktimek pairatzen duten tratamendu asimetrikoa gainditzeko» oraindik «asko» gelditzen bada ere, Foro Sozialak adierazi du «aurrerapausoak» eman direla «estatuaren biktimen egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea bermatzeko». Hala, nabarmendu du torturatuei buruz Kriminologiaren Euskal Institutuak eginiko txostenak eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako legeak «tresna egokiak» direla horretarako.

Itxaronaldi luzea

1983an desagerrarazi zituzten, baina 1995 arte ez zen Lasa eta Zabalaren aztarnarik izan; urte hartan identifikatu zituzten bi gazteen gorpuzkiak. 2000ko apirilean eman zuen auziko epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak: Enrique Rodriguez Galindo, Angel Vaquero, Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilak, eta Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibila zigortu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.