urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Sinpatikoak

2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Udako gau baten gerta zekizukeen txarrena zen. Kalabazak ematea baino txarragoa zen «oso jatorra zara» esatea, «oso lagun ona zara, baina...». Eta «laguna» izatea halako baten kalteko zerbait bihurtzen zen. Gerora, ziur aski, beste gauza askoren gainetik estimatuko dituzun dohainak dira, baina adin baten, «sinpatikoa» izatea gauzarik okerrenetakoa da, izate horrek bestearentzat ez zaren erakargarritasun eta pultsioak ezkutatzen dituelako (maita nazazu gutxiago, goza, goza, goza nazazu gehiago...)

Mundura begiratzeko txoko honetan, tarteka mundutik gurera erreparatzeko tartea hartzea ere ez dago txarto. Ez ote garen herri «sinpatiko» bihurtu, labur esanda. Espainian aspaldi nabari zen halako zerbait, katalanak bihurtu ziren gaitz guztien pagaburu, eta, Espainiako aniztasunaren mosaiko kostunbrista paregabea osatzen dugu andaluziarren aldamenean. Frantziak, ziur aski autoestima handiagoa izanik —motiborik ere ez zaio falta errepublikari, hegoaldeko monarkiarekin alderatuta—, klasismo kolonial batez egiten dio trufa probintzietako edonori: aski du paristar sofistikatua Bretainiara, Korsikara zein euskaldun basatiengana bidaltzea istorioa endredoz betetzeko.

Kanpo begiradak hori du, bere interesen arabera egokitzea bestea. Baina oraingo hau desberdina izan ote den. Euskaldunok ondo dakigu bestea izaten. Ondo dakigu, halaber, gureentzat gure izaten, behar dena antolatzen, ez katalanek bezala munduaren liluragarri, baina bai geure buruarentzat eta gure herrialdea txundituta uzteko eran. Ederto azaltzen zuen Miren Amurizak, izan euskararen aldeko lasterketa bat edo gazte mordo baten abentura Euskal Herrian gora eta behera oinez udako eguna joan eguna etorri.

Oraingoan, alabaina, haien eta gure munduek ez ote duten bat egin. Zein neurritan onartu ote dugun gure nortasun sinpatikoa, eta identitate horretatik aritzea. Ez naiz kritika gisa esaten ari, orain arte arrotz eta bitxi egiten zaidan zerbaiten konstatazio legez baizik. Zuetariko gehienoi legez, ziur aski, niri ere itzel nekagarria zait gure ekimenetako edozeinek halabeharrez halako karga transzendentala izan behar hori. Pragmatikoago bihurtu gara; lehen futbolari baino ez genion onartzen gure kirolariek Espainiako lehiaketetan parte hartzea, orain ia naturaltasunez bultzatzen dugu Olinpiar Jokoetara joan gura duen gure atleta, Espainiako edo Frantziako banderaren azpian lehiatuko dela jakinik ere.

Ez dakit gu aldatu garen. Ez dakit Tourra den, gure nortasun, arrangura eta exijentziei neurria hartzen jakin diena, eta bere interesetarako baliatzen. Sasoi batekoaren aldean, egun xingola beilegiz betetako etapa bat izango litzateke Espainiaren amesgaiztoa. Frantziak larrialdi egoeran eta jihadismoaren psikosian egin ditu azken urteok, eta, halakorik egon ez delarik ere, berehala oldartu da Polizia gasarekin pelotoiaren erdian, inor Tourra laborari-protesta baten salaketarako baliatzean. Itzuliak behar zuen karrera amaiera apoteosikoa, errepideak jendez gainezka, paisaia ederrak, euskaldun suhar bezain sinpatikoak, eta era berean duin eta errespetagarriak, Alpeetako irudi tamalgarririk gabe.

Tourrak bazekien hori ez zela musu-truk ere, txalogarria euskarak bere lekua izateko egin den negoziazio lana. Baina halako baten gure ikurrak, ez ikurrina soilik, presoen banderolak, performanceak, euskarazko leloak larreetan eta giza irudiak... denak ageri ziren helikopteroko irudietatik, hedabide indartsuek hainbestetan ezabatu eta ezkutatutako irudiak naturaltasunez erakusten zituzten gure pantailetan, gure iruditeria guztia postal sinpatiko horren zati bihurturik. Errealizadoreari oihu egiteko gogoa: «Barka, betiko euskaldun gaiztoak gara!».

Berriz diot, ez da inolako kritika. Egun itzela Tourrarentzat, eta euskaldunontzat ere bai, sarritan beharrezko ditugu autoafirmazio ariketa horiek ere. Ez zitzaigun arrangurarik falta, egoera politiko orokorretik, ikastolen egoera zehatzera; ez dira hiru aste Parisen jarrera koloniala salatzen zela, euskarazko eta bretoierazko azterketak zuzendu ez zituztelarik, eta haren salaketa Senperetik Ezpeletaraino eraman behar zela. Izan zen salaketa, baina ohiko politesse eta irribarre faltsuz onartu beharrean, beso zabalik bereganatu ditu, euskaldun atabikoak halako batez Tourraren paisaia loriatsuan txertaturik.

Ez dakit ez ote den lehen aldia horrelako ekimen erraldoiak etorri eta geuk ere beso zabalik geure egiten duguna, ohiko kritika transzendentaletatik edo boikoterako deietatik kanpo. Gure arrangurak eta mezuak era positiboan emateko modua baliatu dugu, beste aldeak ere boikot egin beharrean hauspoa emanda. Kezka bakarra, hauspo horrek ez ote duen arrangura eta mezua bera neurri baten neutralizatzen. Baina ez da sasoi zaharretako kopeta beltzetarako eskaria, inondik ere. Datorrena baliatu, eta gure arrangurak alai baina efikaziaz zelan landu etengabe pentsatu beharreko ariketa da, besterik ez. Bizitza osoa gaiztoarena egiten, arraroa da sinpatiko rol berri hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.