Prekarioen aldeko aldarria

LABek jendetza elkartu du Iruñean, Huerta de Peraltako «garaipena» ospatzeko, eta langile prekarioak «ahaldundu eta antolatu» daitezen. Borrokak «merezi duela» esan dute

LABek deitutako manifestazioa, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
xabier martin
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
«Landatik hirira, prekaritatearen aurka» zioen LABek atzo deitutako manifestazioan erakutsitako pankarta nagusiak. «Huerta de Peraltatik beste sektoreetara» ere esan zezakeen, hori baita sindikatu abertzaleak helarazi nahi zuen ideia nagusia, Iruñeko kaleetan zehar ibili zen martxan. Prekarioak asko daudela, sektore askotan, eta Nafarroako landa eremuko langile migratzaileek «borroka eredugarria» egin dutela esan zuten. Haiek bezala, «ahalduntzera, antolatzera eta mobilizatzera» deitu zituen LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk askotariko sektoretan prekaritateak jota dauden langileak. «Epika berriak sortzen ari gara. Borroka sindikala ez da mugatzen industriako gizon zurietara. Emakumeak, migranteak... Guztientzat eta guztiekin aritu behar dugu, ekintza sindikala berritzen eta sektore berrietara zabaltzen».

Iruñeko manifestazioak argi islatu zuen sektore desberdinen bat egitea lan baldintzen hobekuntzaren defentsan. Gipuzkoako zahar etxeetako langileak azaldu ziren beren pankartarekin; Pentsiodunak Martxan-eko kideak ere bai, 1.080 euroko pentsio minimoaren eskakizunarekin; eta baita enplegu zentro berezietakoak ere. Klase borrokaren aldeko martxa izan zen, finean. Traktore bat joan zen manifestazio buruan, landa eremua ordezkatuz, eta, haren atzetik, Huerta de Peraltako beharginen haurrak.

Lan duina, bizi duina leloa zeraman pankarta nagusiak, eta haren atzetik Azkoiengo langile migratzaileak joan ziren. Udalatxe plazan, langile batzordeko presidente Houssine Yagoubik hartu zuen hitza, langileek jasotako babesa eta elkartasuna eskertzeko, eta ozen esateko borrokatzea merezi duela, «emaitzak ekartzen dituela».

«Irabazi egin duzue»

Haren atzetik, LAB sindikatuko idazkari nagusia aritu zen, Garbiñe Aranburu. Oier Gomez preso ohia gogoratuz hasi zuen hitzaldia, haren heriotza dela eta, baina berehala sartu zen manifestazioaren mamian. «Klase elkartasuna adierazteko eguna da gaur, borrokaren balioa ospatzeko eguna; ahaldundu egin zarete, nahikoa dela esan duzue», esan zien Huerta de Peraltako langileei; «antolatu egin zarete, eta irabazi egin duzue». Langile horiek gizartean «enpatia» eragin dutela azaldu zuen, baina «klase kontzientzia ere» piztu dutela nabarmendu zuen. «Gaur, inoiz baino gehiago, klase subjektua batzeaz aritu behar dugu, antolatzeaz eta borrokatzeaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.