Alba Berlin 81-57 Kirolbet Baskonia

Ukenduak ez du berehala eragin

Kirolbet Baskoniak hagitz partida txarra jokatu du Ivanovicen estreinakoan, eta Alba Berlinek erraz irabazi dio. Erasoan gabezia handiak erakutsi dituzte gasteiztarrek

Dusko Ivanovic Kirolbet Baskoniako entrenatzailea, atzo, Berlingo Mercedes Benz Arenan. OMER MESSINGER / EFE.
mikel rodriguez
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Alba Berlin. Mattiseck, Hermannsson (18), Giedraitis (17), Nnoko (11), Sikma (10)—hasierako boskotea—, Mason (5), Rasodavljevic, Giffey (9), Eriksson (11), Schneider, Nikic, Ogbe.

Kirolbet Baskonia. Henry (2), Stauskas (9), Shields (11), Shengelia (1), Eric (10) —hasierako boskotea—, Vildoza (6), Gonzalez, Janning (5), Diop (3), Garcia, Fall (8), Polonara (2).

Markagailua. 23-15. 41-26 (atsedenaldian); 57-37 eta 81-57. Epaileak. Mogulkoc, Zamojski eta Peerandi. Ez zuten inor kanporatu.Bestelakoak. 8.818 ikusle.

Dusko Ivanovic «etxera» itzuli zela adierazi zuen Kirolbet Baskoniako zuzendaritzak joan den asteartean. Denboraldi txarra egiten ari da taldea, eta emaitzak ez ezik, itxura bera du kezkagarria. Ukendu bat behar zuen gaitza sendatzeko, zaleei ilusioa pizteko, eta entrenatzaile montenegroarra berriz fitxatzea izan da taldeakaurkitu duen irtenbidea. Estraineko partidan, ordea, gaitza zenbaterainokoa den konprobatzea bertzerik ez du egin ahal izan. Izan ere, Alba Berlin goititik beheiti nagusitu zitzaion atzo Baskoniari, Euroligako hamahirugarren jardunaldian (81-57).

Erasoan hagitz trakets, eta defentsan bigun, erraztasun anitz emanez aritu ziren gasteiztarrak. Emaitza: berriz ere saskiratze gutxi —57 puntu baino ez, hamabigarren jardunaldian 55 bakarrik egin zituztenean, Real Madrilen aurka—, eta defendatu beharreko uztaia etenik gabe zulatuta. Taldean ezinbertzeko inportantzia duten jokalariak, berriz, ia guztiz desagertu ziren atzokoan. Nabarmenena, Tornike Shengeliaren jarduna: puntu bakarra sartu zuen, eta egin zituen biko sei jaurtiketak huts egin zituen.

Partidako lehenbiziko minutuetako berdinketa Rokas Giedraitisen hiruko batetik aitzinera hautsi zen. 11-8koa paratu zuen hegaleko lituaniarrak, eta 9-0 bateko partzialak ireki zuen tartea. Bigarren laurdenaren lehenbiziko minutuetara arte Albak ez zuen guztiz ihes egin markagailuan, baina Baskonia hagitz itxura kaskarra ematen ari zen, eta horrek, ezinbertzean, egoera okertu baino ez zuen egin.

Baskoniak bigarren laurdenean sei minutu baino gehiago behar izan zituen lehenbiziko saskiratzea egiteko. Erasoan jokoa ezin harilkatu ibili zen —11 aldiz galdu zuen baloia lehenbiziko bi laurdenetan—, eta defentsan nahi adina erraztasun utzi zizkion Berlingo taldeari.

Baskoniako jokalari garrantzitsuak itzalita zeuden bitartean, Albarenak ezin biziago aritu ziren. Giedraitisek 12 puntu sartu zituen partidaren lehenbiziko erdian, ia bere batez bertzeko osoa adina —13,4koa zuen partidaren hasieran—. 17rekin bukatu zuen. Martin Hermansson joko antolatzaile islandiarra, berriz, bigarren zatian nahieran sartu zen Baskoniaren taulaperaino, eta partidako saskiratzaile onena izan zen, 18 punturekin. markagailuko aldea hazi baino ez zen egin minutuak igaro ahala, 81-57 bukatu arte.

Porrot argia eta mingarria, sailkapenean okerrago zegoen talde baten aurka; orain, sei garaipen eta hamar porrot ditu Baskoniak, eta bortz garaipen eta 11 porrot Albak. Gasteiztarrek Zaragozan jokatuko dute asteburuan, ACB ligako partidan. Ivanovicen ukendua eragiten hasiko ote den ikusi behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.