Betis 1 Alaves 2

Lehen Mailan segituko du Alavesek

Irabazi egin dio Betisi haren zelaian, Joseluk eta Elyk bigarren zatian sartutako golekin, partida eskasa jokatu arren. Jardunaldi bat geratzen denean lortu du mailari eustea

Alaveseko jokalariak, Betisen kontrako lehen gola ospatzen. JULIO MUÑOZ / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Betis. Dani Martin; Emerson, Mendi, Feddal, Pedraza(Alex Moreno, 46.); Guido Rodriguez, Canales, Edgar (Juanmi, 57.min.); Joaquin, Fekir (Aleña, 83.min.) eta Iglesias.

Alaves. Roberto; Marin,Laguardia, Ely, Tachi; Edgar (Pere Pons, 64.min.), Camarasa, Fejsa (Manu Garcia, 46.min.), Rioja; Burke eta Joselu.

Golak. 0-1. Joseluk (53. min.); 0-2. Elyk (77. min.). 1-2. Lorenek (94.min.). Epailea. Medie Jimenez. Txartel horiak: Betiseko Feddal, Alex Moreno, Guido Rodriguez eta Juanmari; eta AlavesekoTachi, Edgar, Joselu eta Robertori. Txartel gorriak: Betiseko Juanmiri (90. min.)eta Alaveseko Elyri (95. min.).

Alavesek Lehen Mailan jarraituko du, etxeko lanak egin zituelako atzo Betisen zelaian. Irabazi beharra zeukan, emaitza horrekin nahikoa zuelako helburua gauzatzeko, eta horixe egin zuen. Ez zuen partida ona egin, baina ezta beharrik ere. Leganes edo Celta izango da jaitsiko den hirugarren taldea, atzo Mallorca joan baitzen behera. Aurretik, Espanyolek galdu zuen maila.

Betisi baloiaren jabetza ematea erabaki zuen Alavesek, lapurtu eta kontraerasoan ateratzeko, baina estrategia guztia ia hankaz gora joan zitzaion bosgarren minutuan, Borja Iglesiasek gola sartu zuelako. Baina ez zuen balio izan, Medie Jimenez epaileak jokoz kanpokoa adierazi zuelako.Handik bi minutura, Burkek sekulako aukera izan zuen, baina Dani Martin atezainak kendu zion gola. Gasteizko taldea ez zen gehiago azaldu Betisen areara lehen zatiko azken jokaldira arte.

Betis eroso aritu zen baloiaren jabe, eta erraz antzera egiten zuen aurrera. Aukera batzuk ere sortu zituen, eta Alavesek defentsako plana aldatzea erabaki zuen: jokoaren hasiera galarazten saiatzen hasi zen, presioa eginez, baina ez zuen lortu etxekoen jokoa geratzea, eta Juan Ramon Lopez Muñizen taldea ez zebilen eroso zelaian. Lehen zatiaren bukaeran, bi aukera on izan zituen Betisek, Fekirren eta Iglesiasen bidez, baina Roberto jarri zitzaien parean. Eskas aritu zen Alaves lehen zatian, eta Betisek, askoz gehiago egin gabe, gutxi behar izan zuen gola sartzeko. Bigarren zatirako, gasteiztarrek beste zerbait behar zutela nabarmena zen, eta heldu zen behar zuen hori.

Zer hobea gola sartzea baino, eta horixe egin zuen Joseluk 54.minutuan, zortzi minutu lehenago sekulako aukera garbia hutsegin eta gero. Burkeren pase doitua dotore amaitu zuen aurrelariak, sasoiko 11. gola sartzeko, eta Alavesi sekulako arnasa emateko. Lehen Mailan jarraitzeko aukera esku-eskura zeukan. Aldeko golaren ondoren, lehen zatian erabili zuen bide batera itzuli zen Alaves defentsan, lerroak atzeratzeko hautua egin zuelako. Ez zuen, baina, baloia lapurtzen, kontraeraso bat kateatu, eta partida erabakita uzteko. Betisek zuenez baloia eta arabarren areara iristen ari zenez, sufritzea tokatu zitzaion Alavesi. Arnasa pixka bat Burkeren kontraeraso batek eman zion 73. minutuan, baina Dani Martinek geratu zion jaurtiketa. Ezin izan zuen gauza bera egin 76.minutuan, Elyren zartakoa area txikitik sarera joan zelako korner batean.

Partida eskuan zeukan Alavesek, eta ez zion ihes egin, Lorenek 94. minutuan etxekoen gola sartu bazuen ere. Emaitza estuak, baina, estutasuna eragin zion taldeari, nahiz eta Betisek ez zion aukerarik sortu. Azken minutuetan, epaileak Betiseko Juanmi eta Alaveseko Ely kaleratu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.