elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Tankeak ez beste guztia

2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Halako batean, aspaldi samar, deskubritu zuen ahizpetako batek gerra ez zela etengabe tiroka eta bonbapean zegoen espazio eta denbora. Gerraren erdian eguneroko bizitzak jarraitu egiten zuela: erosketak egin, arropak lixibatu, otorduak prestatu… eta, areago, bazegoela tarterik baita jolaserako eta aisialdirako ere. Filmetatik jasotako gerraren ikuspegi monolitikoa aldatu egin zitzaigun ahizparen aurkikuntzarekin, eta lasaitu ederra hartu genuen.

Aurtengo udan behin eta berriz etorri zait burura deskubrimendu hura, Kataluniako berri jaso ahala. Kontua da eszenategia justu alderantzizkoa dela; hau da, bakean bizi den lurralde baten aurrean gaude, baina gerra zantzuak ageri dira han-hemenka plano ezberdinetan. «Gerra demokratikoa» deitu dio Martin Aranburuk Bartzelona eta Cambrilseko erasoen kontrako manifestaldiaren ondoren sortuko omen denari (BERRIA, 2017-08-29).

Hainbat fronte ditu gerra horrek, eta oraingoz bistakoena mediatikoa da. TVEko telediarioetan pieza antologikoak ari dira botatzen. Adibidez, Junts Pel Sík eta CUPek trantsizio legearen ardatzak aurkeztu dituztela? Ba informazio hori ilustratzen dute Rajoyk eta Pedro Sanchezek egindako bileraren irudiekin. Eta horrela dena. Kataluniako PPko García Albiol eta Ciutadanseko Ines Arrimadas Puigdemont presidentea halako bi agertzen dira gutxienez. Goebbels-kumeren batek zuzentzen ditu nonbait TVEko albistegiak.

Prentsa estatalista ildo eta proportzio beretan dabil. Mozorroa aspaldi erantzi zuen El País-ek Bartzelonako erasoa independentzia zaletasunarekin lotu zuen editorialean. Suso del Toro idazleak «suntsipen masiboko armak» deitu die Madrilgo hedabideei; galiziarrek daukaten tremendismorako joera ez da esajeratua gertatzen kasu honetan.

Gerra hau hizkuntzaren esparruan ere garatzen da, kazetari batek Josep Lluis Trapero Mossoen buruarekin izandako liskarrak erakutsi zuen bezala. Hizkuntzan autonomoak izatea, hizkuntza propioa eduki eta erabiltzea, ez zaie ametitzen katalanei. Eskerrak anabasa honetan umoreak ere toki izpi bat hartzen duen, sarean zabaldu duten «katalanez egindako isiltasun minutua»-ren kontrako protesta adibide.

Guztiaren beharrean egon behar dute erreferendumaren aldeko kataluniarrek. El Prat aireportuko seguritateko langileen greba erabili nahi izan zuen Madrilek Govern-aren aurka egiteko. Abuztuaren 17-18ko erasoak eta gertakari horien kudeaketa osoa, zer esanik ez. Oraingoz azken sugetzarra CIAk Mossoei bidali omen zien abisuarena da. Eta etorriko dena? Puntu honetara iritsita, banakoaren eta taldeen erresistentzia ahalmenari buruzko galderak sortzen zaizkit. Erreferendumaren aldekoen eta independentisten tokian jarri eta noraino eutsi ote dakiokeen pultsuari. Nola konbentzitu ote daitezkeen zalantzan daudenak.

Goierriko ardandegi ezagun batean, familia kataluniar bat, Bartzelonakoa. Txakolina eta sagardoa erosi dute. Eta urriaren baterako, ze animo? Hitzetik hortzera erantzun du gizonak: «Tankeak ateratzen ez dituzten bitartean...».

2017ko urriaren lehenekoa ez da izango duela ehun urteko Urriko Iraultza, Sobietar Batasuna ekarri zuen hura —ezta beharrik ere—. Baina gaur egun Europan martxan dagoen prozesu sozial eta politiko garrantzitsuena dela, zalantzarik ez. Jokoan dago ez bakarrik herrialde baten independentzia, baita sistema politiko baten aldaketa ere, monarkiatik libratu eta errepublika eraikitzeko. Jokoan dago, bide batez, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubideari bidea zabaltzeko aukera.

Eta bitartean, Jaurlaritza osatzen duten alderdietatik bat(PSE-PSOE) Rajoyri laguntzen katalanen kontrako gurutzadan; bestea, berriz, (EAJ) haren gobernuko kontuei babesa ematen. Biak ala biak, klaseko salatari beti esaneko eta gorrotagarriarena egiten. Ez al da iraingarria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.