Ana Malagon.
ARKUPEAN

Ez da aldarrikatzen den zerbait

2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
America's got talent telebistako lehiaketan gertatu zen. Hamabi urteko Darci Lynne, Little Miss Oklahoma 2017 lehiaketako parte hartzailea ere izan zitekeen neska bat, aldamenean untxi panpina bat zuela agertu zen agertokian.

Amets amerikarra da. Hamar urterekin bere lotsa patologikoari aurre egiteko panpina bat eskatu zien gurasoei. Bi urte beranduago, telebistan zegoen, mundu guztia bere ahotsarekin liluratzen. Publikoa zutik, malko eta txalo artean. Konfetia sabaitik behera. Horraino dena normala.

Dena normala Darci Lynnek bentrilokiaren aldarrikapen bat egin izan ez balu.

Inork ez du bentrilokia aldarrikatzen. Bentrilokia ez da aldarrikatzen den zerbait. Bentrilokia konturatu gabe gure bizitzetatik desagertu zen gauza horietako bat da. Kitto bentrilokia. Ez dugu faltan botatzen.

Birkbeck University-ko Steven Connor irakaslearen arabera, 50-60ko hamarkadetan 400 ziren Erresuma Batuko sabeliztun profesionalak. 2000. urteko hamarkadan, 15 besterik ez. Oraindik sabeliztun baten batek Las Vegas-eko aretoren bat betetzen du eta Vent Haven izeneko nazioarteko batzar bat dago Kentucky-n urtero. Jendea joaten da, argazkiak ikusi ditut. Pozik ematen dute. Bizirik eta guzti.

Euskal Herriko errepideetan, begiratzen ibili naiz, sabeliztun bakarra dabilela uste dut: Elvi. Ez dakit nola doakion. Ikusten baduzu, agurtu nire partez.

Dekadenteak diren gauza guztiekin gertatzen da: orain sinesgaitza iruditzen zaigun urrezko aro bat izan zuen bentrilokiak ere. Bisuteria aro bat beharbada. Baina badakit, ez dago zertan iraintzen hasi.

Urrezko aro hartakoa da Edgar Bergen. Chicago aldean zegoen jatorri suediarreko beste tipo bat zen 30-40ko hamarkadetan Charlie McCarthy izeneko pertsonaia bati esker famatua egin zen arte. Gaztarotik bere heriotzaren bezperara arte elkarrekin eman zuten bizitza Edgarrek eta Charlie panpinak antzokietan, zineman, irratian, telebistan... eta etxean.

Edgar Bergen baino ezagunagoa da Candice Bergen aktorea, Rich and Famous filmean jet-set etxekoandrea eta 80ko hamarkada amaieran, Murphy Brown telesaileko kazetari protagonista. Hori guztia baino lehen, Edgar Bergenen alaba izan zen Candice Bergen. Charlie McCarthy panpinak baino gela txikiagoa zuen alaba bat. Gosarian, Edgarrek belaun bakoitzean esertzen zituen Charlie eta Candice eta azken honek ere hitza hartzeko aitak lepoan egiten zion keinu baten zain egon behar izaten zuen.

Gaur Egungo Gurasoâ„¢ batzuen ametsa izan behar du horrek.

Aita hil zenean, Candicek ez zuen dirurik jaso. Charlie McCarthyk, aldiz, guztioi ondo etorriko zitzaizkigukeen 10.000 dolar. Smithsonian museoan dago gaur egun. Edgar Bergen, Kaliforniako hilerri batean. Candice, mirari bat badirudi ere, bere senean.

Bentrilokiak sortutako ezinegona panpinen betileei egotzi zaie historikoki, baina beldurgarriagoa iruditzen zait sabeliztunak beraien etxeetan irudikatzea.

Politikoki zuzenak ez ziren ateraldiak izan ziren urrezko aroko sabeliztunek eskaini zuten material nagusia. Gu ere bagaren gu desatsegin hori gorpuzten jarri zituzten panpina lotsagabeak. Barreren bat eragingo zuten horrekin. Lurrera erortzen utzi eta aulkiaren azpian oinarekin ezkutatzen den barre motahori.

Orain ez da panpinarik behar. Sare sozialetako troll-ak, komediante kaxkarrak eta zutabegile konbustibleak ditugu. Gauza bat esango dut. Ez diet hauei desatseginaren meriturik kenduko, baina sabeliztunek teknika zail bat ikasi behar izaten zuten. Panpinen maleta eraman.

Ez naiz ni ere bentrilokia aldarrikatzen ari. Bentrilokia ez da aldarrikatzen. Beraz, ni kontsolatzeko dela diozun arren, hitz egin behar dizudan bakoitzean ez duzu zergatik nire lepoa atzetik laztantzen ibili. Urduri jartzen nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.