Athleticek ezin du erraztasunik eman defentsan Sevillari irabazi ahal izateko

haritz gallastegi
2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako joan den osteguneko final-zortzirenetako joaneko partidak argi eta garbi erakutsi zuen Sevillari irabazteko ezinbestekoa dela neurketa guztian kontzentrazioari eustea. Defentsan egindako hutsek ez dute atzera bueltarik. Pablo Machinen taldea orekatua da. Bere atea ondo zaintzen du, eta zelai erditik aurrera ligako talde gehienak baino talentu handiagoa dauka. Hortaz, beti da kontrario arriskutsua, baina markagailuan aurrea hartzen duenean are eta indartsuagoa da. Eroso sentitzen da. Talde zuri-gorriak garesti ordaindu zituen Kopako partidan atzean eginiko kaleak. Horren ondorioz, oin eta erdi du lehiaketatik kanpo.

Baina aurrez ere jakinekoa zen Gaizka Garitanok ligan zuela burua. Lehendik ere larria zen egoera, baina Rayo Vallecano esnatu denetik —hiru garaipen lortu ditu jarraian— estutu egin da sailkapena talde guztientzat. Izan ere, Athletic ere oso ondo ari da azken jardunaldietan. Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik jokoan izan diren hamabi puntuetatik zortzi irabazi ditu. Azken lau partidetan ligan puntu gehien eskuratu duen hirugarren taldea da. Baina ez da nahikoa. Lehen itzulia amaitzeko beste urrats bat egin gura dute zuri-gorriek. Horretarako, Ibai Gomezen laguntza izango dute. Neguko merkatuan fitxatutako lehenak —Fernando Llorente ere itzultzetik gertu dago— hiru lan saio egin ditu taldearekin, eta prest dago elastiko zuri-gorria berriz janzteko. Baliteke hasieratik jokatzea, gainera. Sevillan, Nolitok min hartu du, eta baliteke Munir iritsi berriak debuta egitea.

ATHLETIC-SEVILLA

Athletic. Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Beñat, Dani Garcia, Cordoba, Muniain, Ibai; eta Williams.

Sevilla. Vaclik; Navas, Gagnon, Kjaer, Sergi Gomez, Escudero; Banega, Roque Mesa; Sarabia; Andre Silva eta Ben Yedder.

Epailea. Gonzalez Fuertes.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 16:15 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.