Albistea entzun

HIRUKOTIK

Ondo(rioak)

Mikel Reina -

2022ko irailak 27

Denboraldiaurreak ondorio sakonak ateratzeko balio ez badu ere, asko laguntzen du taldeen inguruko lehen azterketa egiteko. Azken finean, sasoiko fase honetan ezartzen dira urte osoan mantenduko diren oinarriak. Zutabeak eraikitzen dira, gainontzeko karga denak hartuko dituztenak. Ostiralean hasiko da ACB liga, amaituko dira probak. Taldeek, gainera, arau berri bati egingo diote aurre: defentsaren aldean baloia ateratzen denean, epaileek ez dute baloia ukitu beharko. Horrek bizitasuna emango dio jokoari, jabetza gehiagora jokatuko da, eta jokalari azkarrak sortu, mentalki eta fisikoki. Hori bai, landu beharra dago. Dagoeneko trikimailuak ikusi dira. Horrez gain, ACB ligan bakarrik jartzea ez du zentzu handirik. Gaztetxoen mailatik aurrera kentzen da arau hori harrobian.

Esperantzara kondenatua. Alde horretatik, Euskal Kopa lehen aukera ona izan zen Baskoniaren eta Bilbo Basketen ideiak azaleratzeko. Txapeldunetik hasi beharko. Gasteiztarren enegarren proiektu saiakera da, aurpegi berri bat eta esperantza asko. Joan Peñayorrak hasieratik argi utzi nahi izan zuen Buesa Arena betetzea duela bere helburua. Unicajaren aurka hasiko dute, eta jaia dute prest. Uda ez da erraza izan. Kirol zuzendariek taldearen beharrizanak aztertzen dituzte lehendabizi. eta gero jokalariak aukeratu. Postu edo hutsune bakoitzerako, ordea, ez dago izen bakarra, ezta gutxiago ere. Asko izan behar dituzu, ez bat edo bi, gutxienez hiru edo lau. Gainera, lehenengo talde handiek egin behar dituzte erosketak. Baskoniari azpimarratuak zituen bi izenek ihes egin diote: Roland Smits eta Ignas Brazdeikis. Biek ala biek Zalgiris Kaunas aukeratu dute, Baskoniaren aurretik. Zer pentsatua eman behar die horrek. Akaso etxetik hurbil jokatzea. Izarrak ez diren horien artean, proiektu erakargarri bat izatera itzuli behar da Baskonia. Bitartean apustuak egin beharko ditu, arriskatu. Horietako bat Markus Howard da. Begiz joa nuen jokalarietako bat da NCAAtik irten zenetik. Bestea Carsen Edwards zen. Lehen aipatutakoa, Fenerbahcek fitxatu du. Joko sortzaile bikaina da estatubatuarra. Shane Larkinekin alderatu zuten askok. Howard jaurtitzaileagoa da, ez du hainbesteko erraztasunik botean. Defentsako lana Darius Thompsonen ardura izango da. Jendea harritu egingo da jokalari honekin, hori bai, ez da estatubatuar ohikoa. Taldeak behar duen profila da, eta, aldi berean, beste beharrizan bat sortzen duena. Horren bila daude gasteiztarrak. Beste joko sortzaile bat, hain zuzen ere. Mateusz Ponitka batu beharko dugu ezezkoa eman dutenen zerrendari. Giedraitis jaurtitzen duen jokalari batean geratu da, ez du aurrerapauso hori eman, eta ezin zaie hori eskatu Raieste, Sedekerskisi Marinkovici edo Kurucseri. Zerbait aurkitu beharko dute. Uztaipeko jokoan ere hankamotz geratu dira, zentimetroak eta kiloak falta zaizkio Gasteizko taldeari goi mailan lehiatu ahal izateko.

Aldaketak hasieratik. Bilbo Basketek bestelako ezusteak izan ditu: lesioak. Beste behin Rafa Pueyok bizkor mugitu behar izan da bulegoetan. Adam Smithek Andrew Goudelockek baino gehiago eman dezakeela uste dut. Puntuak sartzeaz gain Smithek, hobeto aurkitzen ditu taldekideak. Antolatzaile postuan jokatu dezake, eta aurreko sasoian hain emaitza onak eman zituen aldaketa errepikatu: Hakanson eskolta lanetan jarri. Talentua behar dute bilbotarrek, batzuetan lana egitearekin ez baitu nahikoa izango Francis Alonsok, adibidez, erregulartasuna erakutsi beharko du urrutiko jaurtiketan. Rabaseda defentsako lanetarako dago, eta Reyesek moduan, baloi barik jokatzen aurkitu beharko ditu puntuak. Gainera, denboraldi honetan ere bi txapelketa jokatuko dituzte: ACB liga eta Txapeldunen Ligan. Jaume Ponsarnauk oreka aurkitu beharko du, eta txapelketa bakoitzeko helburuak zehaztu. Ez da erraza izango. Jokalarien jarduna, garrantzia eta egoera fisikoa kontrolatu beharko ditu. Bilboko taldeak, agian, talentu txikiagoa du. Baina indar handiagoa dauka. Kyserrek eta Witheyk ondo babestuko dituzte Miribillako uztaiak, eta beste aldean gainetik jokatu beharko dute. Blokeo zuzenetik elikatu beharrekoak dira. Sulejmanovici esker taldea gehiago mugituko da, eta Andersonek taldea zabalduko du.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.