PLAZATIK

Xalotasunaz

Andoni Egaña -

2016ko azaroak 13
Badakigu dena; ez da deus ez dakigunik. Badakigu Trumpek zer esan eta egin zituen, noiz eta non. Badakigu Hillary Clintonek zer egin eta esan zituen nola eta zergatik. Badakigu bakoitzak zenbat boto eta non lortu dituen; bakoitzari zenbat gizonezko-emakumek eman dion babesa, zenbat azal zurikok eta zenbat etorkinek ere badakigu. Eta akaso, dena badakigulako zaigu dena hain ulergaitz. Konplikatu egin gara. Edo egin gaituzte.

Xalotasuna sumatzen dut faltan. Susmoa dut berriak askoz gutxiago zirenean errazagoa zela edozer zela ere norbere mundu ikuskerara ekartzen. Datu pilaketak ez zuen garuna brumartean galarazten. Haurrei gertatzen zaie; telebistako sugetzarretan ere halatsu ematen da. Aski da nor «zintzoa» den eta nor «gaiztoa» argi sailkatua edukitzea, gertaeren interpretazio orduan eroso sentitzeko.

Hartuko nuke neuretzat, esaterako, Kennedy hil zutenean geneukan xalotasun hura. «Zintzoen» artean geneukan nonbait sailkatua hirurogeiko hamarraldian. Ikastolan kantatzen genuen: «Kennedy gure laguna zan, anai bat bezela, askatasunaren Kennedy zergatik zaude hila?». Ez nekiena zen kantu haren doinua ere Imanol Urbietarena zenik!

Xalotasun bera sumatu dut euri-egun hauetan Odolaren mintzoa-ri aspaldian zor nion birbegiratua ematean Xalbadorren Kennedyri buruzko bertsoetan. «Azaroaren hogeitabia, ilundu ta berehala/ mundu guziak entzun izan du ihurtzuri bat bezala/ Amerikako president ona tiro batez hil dutela/ horra Satanen herrazko lana, ezin daiteke bertzela». «Gisa hortako berri tristeak zer latza duen emaiten!/ aurrerapenen mendean ere gaixtakeriak irauten/ gaitz pentsurik ez dugunak ere guhauren baitan sar gaiten/ gizonaren bizia zonbaitek zer estimutan daukaten!». «On izaitea kaltegarri da orain hemendik aintzina/ onarenagtik, zuri, Kenendy, dautzute lana egina/ jendeak aski erakutsi du zutaz hartu duen mina/ etzen hoinbertze nigar entzunen gaixtoa izan bazina».

Xalotasuna (eta hizkera, eta joskera modua eta gauzak argi eta bitxi aldi berean adierazteko gaitasuna, besteak beste) miretsi nuen duela hilabete, jaio zela mendea burutu zelarik, Manuel Matxain aietearraren bertsoak irakurtzean. Hark ere Kennedyri bertsoak jarri beharra sentitu zuen. «Ezin sinistaturik nago oraindikan/ gertatu denarekin Ipar-Amerikan/ berri negargarriak gaur datoz handikan/ Dallas deitzen dioten herri batetikan». «Beltzari emanarren bihotz gogor sona/ zuriak ez du eman ikasbide ona/ batere kulpik gabe hil dute gizona/ herria zaindutzeko jarria zegona». «Kennedy izanarren aintari prestua/ hark ere ezin egin denaren gustua/ anai beltzai luzatzen ziolako eskua/ galdu degu betiko gizon on askua». « Zeinek ez dakit baina nola edo hala/ lepotik zuzen asko sartu zion bala/ batzuk esaten dute Oswald hura zala/ gehientsuenek berriz, besteren bat dala». «Tiroak adituta mugitzen hasi zan/ baina ezertarako denboraik ez izan/ bihotz gabeko batzuk nahi zuten gisan/ andrearen ondora erorita hil zan». «Gelditu gabetandik kotxe hura bera/ azkar eraman zuten hospital batera/ gogor saiatuarren berari eustera/ hilda sartu zan ta ezin bizirik atera». Gertaerak argiago kontatzeko modurik ez da. Logika tematiagorik ere ez. Baina logikak nondik abiatua eskatzen du, eta egun, abiapuntu gehitxo dauzkagu aukeran, zorionez.

San Frantziskoko Euskal Etxean ari ginen, duela sei urte, Maialen Lujanbio eta biok han bertako bertsolari birekin kantuan. Gaia eman ziguten: «Zer egin daiteke Kaliforniako egoera ekonomikoa hobetzeko?». Maialenek ahalik eta neurona gehien martxan jarri eta ideia konplikatu samar bat argi samar botatzea lortu zuela gogoan dut. Neurerik ez dut gogoan, aintzat hartzeko modukorik joan ez zen seinale. Han bertako bertsolari batek hamahiru silaba aski izan zituen ideia borobiltzeko: «Demokrata guztiak itsasora bota!». Xalo-xalo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna