Aritz Galarraga.
Patxi Ezkiagaren heriotza. IRITZIA

Begiak itxita izaten zituen irakaslea

2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea

Aitorpen batekin hasiko ditut lerrook —eta, erlijio-gizon bati eskainiak daudenez, ez dirudi hasiera posible guztien artean fedegabeena—: Donostiako Loiola auzoan dagoen La Salle ikastetxetik pasatutakoa naiz neroni ere (euskal jende ilustre ugarirekin partekatzen dut ohore hori: Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Josu Landa). Taldetxoa ginen herritik, Hondarribiko ikastolako ikasle onentsuenak —eta gero ni—. Bigarren hezkuntza egitera joanak, garai hartako BUP eta COU, 14 urtetatik ia 18etara. Egia esan, ez dut lasalletarra izatearen oroitzapen bereziki onik (txar-txarrik ere ez, nahiz eta beti irudikatu izan dudan eskola publikoak hiritar zibiko errespetagarriagoa egingo nindukeela). Baina ditudan oroitzapen onen artean, bat nabarmendu beharko banu, hori litzakete Patxi Ezkiaga. Irakasle izan nuen, inoiz izan dudan onenetakoa, hain zuzen ingelesekoa. Gogoratzen dut BBCko albistegiekin esnatzen gintuela goizero, belarria egiteko asmo bakarrarekin. Explote all the consonants! zen haren esaldi fetitxea. Gerora nire ingelesa ez da askorik hobetu, baina ez dut uzten kontsonante bakar bat ere ondo lehertu gabe. Gogoratzen dut klasean begiak itxita izaten zituela, esan beharrekoa auskalo nondik ekarri beharko balu bezala, erabat kontzentratuta. Klaseak, eta, kontxo, azterketak ere bai. Ez nintzen ni kopiatu zalea —erdipurdiko ikaslea bai, baina formala ere banintzen—. Noski, Ezkiagaren enegarren azterketan, proba egitea erabaki nuen, mahai azpitik apunteak ateratzea. Ez dakit nola, begiak beti —azterketa hartan ere bai— itxita izaten zituen irakasle hark ikusi egin ninduen. Pausoa luzatu gabe, ohiko erronda egiten ariko balitz bezala, nigana zetorren: pare bat segundo gelditu zen nire aurrean; baina aurpegian ikusi nion desilusio keinua ez zait sekula ahaztuko. Ez zuen ezer esan, errondan abiatu zen berriz. Azterketa egiten jarraitu nuen, ezer pasa ez balitz bezala. Egun hartatik aurrera ez naiz inoiz gehiago saiatu kopiatzen. Gero, idazlea ere bazen. Ez dut gogoan harekin inoiz literaturaz hitz egin izana. Ikusiko ninduen noizbait liburu artean. Ikastetxeko azken egunean ale mardul batekin etorri zitzaidan, Haize hurbila, EHUk argitaratu zion poemen antologia. Eskaintza bat zekarren: «Hurbileko haizea behar dugu, baina baita begirada mundu zabalari irekia izatea ere». Nork eta klasean begiak itxita izaten zituenak. Bizitzaren kasualitateak, orain irakasle naiz neroni ere, haur kozkorragoena. Berez, gure irakasgaiak motibazio handiagoarekin egitera etortzen diren horietarik. Ez dut uste Ezkiagaren pasioaren ehuneko bosta ere transmititzen diedanik. Agian Euskadi Irratiko albistegiak jartzen hasiko naiz, datorren ikasturtetik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.