Euskal Herriko Itzulia

Borak xake eman du

Emanuel Buchmannek erakustaldia eman du Arrateko etapan, eta bideratua utzi du garaipena Itzulian. Ion Izagirre bigarren da, liderrarengandik 56 segundora

Borak xake eman du.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Arraten txapeldunek bakarrik irabazten dutela dio esaerak. Egunkari orrialde horituetan agertzen diren aspaldiko balentriak kontatzen dira oraindik Eibarko (Gipuzkoa) tabernetan. Igoerako irabazleen zerrenda ikusgarriari begiratu baino ez dago hezur-haragizko mitoz beterik dagoela gogoratzeko. Orain zale gazte direnek noizbait euren seme-alabei kontatuko diete 2019 urrun hartan Emanuel Buchmannek (Bora) egin zuena. Alemaniarrak Euskal Herriko Itzulian aspaldian ikusi den erasorik ausartena jo zuen. Helmugatik 31 kilometrora ihes egin, eta 1.08ko aldearekin iritsi zen Arratera. Eguna seigarren postuan hasi zuen, eta lider amaitu zuen. 54 segundora du Ion Izagirre (Astana). Ormaiztegiarrak Max Schachmanek (Bora) gorriak ikusi zitzan lortu zuen —hirugarren da orain atzo arteko liderra—, baina haren taldekide bat du aurretik.

Arratekoa ederra izan zen, igoera mitikoa Itzuliarentzat galga bat dela uste duten iritzi guztiak isilarazteko modukoa. Hurrengo urtean Eibarrek ibilbidean pisua galduko badu ere, antolatzaileek argi dute Arratek tokia izan behar duela urtero. Atzo, gainera, mendatea baino gehiago, xake taula bilakatu zen. Zuriekin, Bora-Hansgrohe taldeak jokatu zuen, eta beltzekin, Astanak. Alemaniako taldeak Schachmann liderra, Patrick Konrad bigarren sailkatua eta Buchmann seigarrena zituen. Astanak, berriz, Ion Izagirre hirugarren sailkatua, Jakob Fulgsang hamargarrena, eta Gorka Izagirre eta Luis Leon Sanchez bezalako zaldi eta alfil saiatuak.

Borak abantaila egoera nabarmena zuen, eta ondo erabili zuen partida irabazteko. Estrategia eta taktika maite duen zaleak gutxitan bezala gozatu zuen. Astanak mugitu zuen lehenbizi pieza, Arribinietako koskan, Arrateko lehen igoeraren aurretik. Estutu,eta Schachmannek egunik onena ez zuela ikusi zen.

Benetako lehen mugimendua, baina, Arrateko lehen igoeran iritsi zen, Matsarian. Porlanezko bide hori ia inork ez du erabiltzen. Arratera igotzeko bi bide hobe daude, eta, gaur-gaurkoz, txirrindulariak torturatzea da haren zeregin nagusia. Ferra itxurako bederatzi bihurgune, %15eko pendiza duen kilometro bat, eta eta %14ko beste bat. Ordurako, jokalari bakoitzak peoi bat bidalia zuen aurrera: Astanak Sanchez, Borak Muehlberger. Gorka Izagirrek igoera ikusgarria egin zuen anaiaren mesedetan, eta Schachmannek igoera osoa faboritoen tropeltxoaren atzealdean egin zuen. Sufritzen zihoan, eta, tontorretik kilometro batera, Ion Izagirrek astindua jo zuen hura atzean uzteko. Baina ondo eutsi zion liderrak.

Jota zirudien Schachmannek, baina bertan zen. Astanak bere mugimendua egin zuen, eta Borak aldapa behera erantzun zuen. Buchmann bidali zuen aurrera. Sanchez aurretik zen oraindik, eta Sergio Henaok (UAE) eta Valentin Madouasek (FDJ) jarraitu zioten. Borak ordurako jakingo zuen Schachmann sufritzen ari zela, eta pieza on bat bidali zuen aurrera: seigarren sailkatua zen Buchmann, 1.10era, eta iaz, laugarren izan zen Itzulian. 31 kilometro falta ziren helmugarako.

Lau kilometro aski izan zituzten 35 segundoren aldea lortzeko, eta, une horretan, Astanak Sanchez geldiarazi zuen. Atzean behar zuten bere laguntza. Orduan hasi zen Buchmannen benetako erakustaldia. Kilometroak irensten hasi, eta tartea handitu zuen. Trabakuan utzi zituen Henao eta Modouas, eta segundoz segundo hautagaitza sendotu zuen. Helmugarako hogei kilometrora lider zen jada, eta Arrateko lehen maldetan bi minuturen aldea zuen. Altxor bat.

Atzean, Mikel Landa (Movistar) mugitu zen lehenbizi, eta haren arrastoan Ion Izagirre, Fuglsang eta Adam Yates (Mitchelton). Elkarlanean, tartea jan zioten alemaniarrari, baina ez nahikoa. Buchmannek 1.08 atera zien atzekoei, eta horri gainsariak gehitu zizkien. Orain, 54 segundoren aldea du Ion Izagirrerekiko, eta elastikoari eusteko «indartsu» dago. Itzuliko xake partida oraindik ez da bukatu, baina Borak xake eman du jada, eta pieza aproposak ditu gaur matea gehitzeko.

Hiru mendate bukatzeko

Gaur da azken etapa. Eibarren hasi eta bukatuko da. 118 kilometro eskas ditu, baina azken 56ak oso gogorrak dira: Azurki (6,4 kilometro eta %6,8), Kortazar (5,2 kilometro eta %8,5) eta Asentzio (7,3 kilometro eta %5,1) kateatuko dituzte. Kortazar da berritasuna, Soraluzen gora (Gipuzkoa), eta tontorrera iritsi aurretik Bergararako (Gipuzkoa) bidea hartuta. Igoera erdia porlanezkoa da. Hura jaitsi eta Asentziora joko dute, Elgetan (Gipuzkoa) behera Eibarrera iristeko. Han, bost kilometroko itzulia egingo dute. Erdigunean dago helmuga. 4.675 metroko desnibela du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.