PLAZATIK

Berrogei urte

Andoni Egaña

2017ko ekainak 18
Lozorroan netzan telebista marmartiaren parean. Eta entzun nuen zerbait —hitzen batzuk, musika egokiren bat...— ernarazi ninduena. Ongi burututako iragarki bat zen. Berrogei urte atzera joz, argazki bilduma eskuetan, iraganaren errepasoa egiten ari ziren gizonezko bat eta emakumezko bat. Aipagai izan zituzten 1977.eko hauteskundeak. Ez ziren nolanahikoak botatzen zituzten esaldiak: «Politikariek uste izango dute, gainera, guretzat aski dela lau urtean behin botoa ematea...!». Belarriei argizaria kendu eta begiei emanda adi jarri nintzaion pantailakoari. Ez alferrik. Egungo jendartearen isla baino ez zen. Auto bat saldu nahi ziguten. Hibrido bat, oker ez banago. Hainbeste zeremonia horretarako! Dezepzio punttu bat. Zerbait gehiago itxaroten duzulako zure aldetik zerbait jarri eta aurreikuspenak, hurrik ere, betetzen ez direla jabetzean sentitzen duzun hori.

Aste honetan bete dira berrogei urte Espainian frankismo garaiko derrigorrezko etenaren ondoren hauteskundeak burutu zirela. Hirurogeita hamazazpiko ekainaren 15a zen. Eta oroitzapenak geure gisara eta komenentziara moldatzen ditugun buztin pusketak direnez, datu objektiboei ere begiratu bat botatzea erabaki dut. Uneari ezin egokiago deritzot, berrogei urteko tartea izan baitzen Errepublikarekin azken hauteskundeak burutu zirenetik ordura —berrogeita bat eta hiru lau hilabete zehatzagoak izatera— eta beste hainbeste pasatu dira ordutik hona. Hala neukan oroimenean eta wikipediak arrazoia eman dit. Gaur egun harrigarri gertatzen bazaigu ere, astegun buruzurian burutu ziren hauteskunde haiek. Asteazkena zen, ez asteburua, ekainaren hamabost hura. Langileek baimen-orduak izango zituzten botoa ematera joateko. Orain, astegunez burutzera, ikusiko nuke zenbait nagusiren musajea langileak eskubide horri heltzeko unea iritsi zaiola eta badoala esatean. Ez nuen gogoan zenbateko parte-hartzea izan zen, eta datu horrek harritu egin nau. Espainian %79 joan zen botoa ematera, gehien-gehienak bizitzan estreinakoz. Hauteskundeak diren bakoitzean «demokraziaren festa» aipatzen dutenei ordutik honako parte-hartzearen jaitsiera jarriko nieke gustura begien aurrean. Eta bada beste datu bat ahaztu behar ez genukeena. Hauteskundeetan herriaren ahotsa islatzen dela esaten digute, baina orduko haietan ez zen hori guztiz egia. Diputatuen Kongresurako herriak aukeratu zituen ordezkariak, baina Senaturako ordezkarien bostetik bat Erregeak izendatu zituen zuzenean. Franco hatsa luzatzen iaioa zen bezala zen nonbait Juan Carlos hatza luzatzen trebea.

Gainerakoan, 77ko hauteskunde haiek merezimenduak gauza bat direla eta botoen kopurua bestea, erakutsi ziguten. Francoren alde nabarmen eta ez hain nabarmen aritutakoek osatutako koalizioak lortu zuen gehiengoa Espainian. Bigarren taldea PSOE izan zen, oposizioaren buruzagitza bereganatuz, Francoren aurkako borrokan hainbesteko agerraldirik egin ez bazuen ere. Alderdi Komunistakoak eta haien ezkerretara zeuden taldeak, aurreko hamarraldietako lanaren ordaina behar hainbatekoa izan ez zen ustearekin geratu ziren. Hego Euskal Herrian, izan zen abertzale eta ezkerreko zirenen arteko eztabaida parte hartu edo ez. Batzuk joan egin ziren hautetsontzietara eta besteak ez. Nolanahi ere, Bizkaian eta Gipuzkoan botorik gehien lortuta, PNV-EAJ izan zen garaile. Orain ezustekotzat hartuko ez genukeena, orduan askorentzat hala gertatu zela onartu beharko da. Ustezko merezimendu eta boto kopuruaren arteko harremana oker ulertuta zebiltzan —genbiltzan?— nonbait hasiera hartan.

Hamabost urte nituen eta badut kez eta pipa janez osaturiko buruzagien arteko eztabaida erdi-klandestinoen oroitzapenik. Ordutik min eta ezin ugari pilatu dugu; dezepzio gehiegi; zorion eta umore une eder asko ere bizi izanak gara. Orduan atera zuten «berrogei urte eta gero hau!» leloak egun ere baluke zentzurik askorentzat. Kontu gehitxo auto baten baitan kabitzeko. Hibridoa bada ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna