Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Ostikada erlauntzari

Maximilian Schachmannek irabazi du erlojupekoan, ezustekoa emanda. Mikel Landa ez beste faborito guztiak hamalau segundoren tartean daude

Ostikada erlauntzari.
Imanol Magro Eizmendi.
<i>Zumarraga</i>
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Erlojupekoa Euskal Herriko Itzulian lehen egunean jartzeak bi egoera ekar zitzakeen. Bat Zumarragatik (Gipuzkoa) lider sendo bat irtetea zen, lasterketa kontrolatzeko ardura bere gain hartuko zuena; eta bestea, erakargarriena, hautagai nagusiak tarte txikiekin barreiatuko zituena. Azken horrek eraso festa bihur zitzakeen hurrengo egunak, eta ostikada jasotako erlauntza bat tropela. Bada, azken horren paradigma gertatu zen atzo, eta, oraingoz, Maximilian Schachmann (Bora) izango da ziztada horien jopuntua.

Alemaniarrak erakustaldia eman zuen Zumarragako inguruetan. Espezialista da banakako lanetan, eta zaleak gogoan izango ditu aurtengo Kataluniako Voltan bakarrik ihes egiteko eginiko saiakera ugariak. On Kixote gazteak etapa bat ehizatu zuen Katalunian, eta beste bat lortu du Euskal Herrian. Helmugan ezin zuen harridura ezkutatu. «Ez nuen halakorik espero; etaparen ezaugarriak ez ziren onak niretzat. Ez dakit nola irabazi dudan. Oraindik ez dakit nolako txirrindularia naizen, eta ez dakit eutsi ahal izango diodan». Une oro ondo ikusi zuen bere burua. Hain ondo, ezen, bizikletaz aldatzea aurreikusten zuen arren, lehian ari zela aldatu zuela erabakia.

Ordekalaria da, eta ez igotzaile txarra. Helmugan iritzia eman zuten txirrindulariek errespetua eskatu zuten harentzat. Haiek ezagutzen dute hobekien. Borak taldeak, gainera, beste ordezkari bat sartu zuen lehen hamarren artean: Patrick Konrad. Talde indartsua da, baina ez dirudi hurrengo egunetako etapak kontrolatzeko adinakoa. Gainsariak handiak dira helmuga eta esprint berezietan, altxor handia, eta Schachmannek berak irten beharko du postua defendatzera.

Haren atzetik mugimendurik ez baita faltako. Erlojupekoan alde handiak egotea espero zen, baina ez zen halakorik egon, eta ia faborito guztiak hamalau segundoko tartean sartu ziren. Mikel Landa (Movistar) izan zen hautagai nagusien zaku handitik kanpo gelditu zen bakarra. Murgiarra, berak hala aukeratuta, oso goiz irten zen erlojupekoan. Eguraldiarekin arriskatu zuen, baina haren iragarpenak ez ziren onak. Errepide bustiarekin egin zuen ibilbide osoa, eta baldintza horietan ezin zen miraririk egin. 54 segundo galdu zituen Schachmannekiko. Hala ere, gustura bukatu zuen. Baina badaki sailkapen nagusiko lehen postuko lehiatik kanpo gelditu dela.

Schachmannen atzetik Daniel Martinez (Education First) helmugaratu zen, beste ezusteko gonbidatu bat festan. Edo ez hain ezustekoa: egun, Kolonbiako erlojupeko txapelduna da, eta Paris-Nizan etapa bat irabazi zuen. 22 urte baino ez ditu, eta Kolonbiako belaunaldi gazteko beste ale bikain bat da. Hark egin zuen denborarik onena Antioko igoeran, eta bera da mendiko sailkapeneko lehen liderra. Pasadizoa ere utzi zuen, bukatu eta hotelerako bidea hartu baitzuen, eta ez zuen bete podiumeko protokoloa. Martinezek 888 euroko isuna ordaindu beharko du. Haren atzetik helmugaratu zen Michal Kwiatkowski (Sky). Ibilbide perfektua zen harentzat. Irten aurretik, irteerako arrabolan, trantze sakonean zegoela zirudien. Bete-betean lehiatzera irten zen, eta emaitza bikaina lortu zuen.

Astana, erasora

Faborito ofizialen zerrenda Kwiatkowskirekin hasten da, eta hamalau segundoren tartean helmugaratu ziren Julian Alaphillippe (Deceuninck-Quick Step), Adam Yates (Mitchelton), Konrad (Bora), Ion Izagirre (Astana) eta Enric Mas (Deceuninck-Quick Step). Hortik atzerakoek zail izango dute podiumeko lehian sartzea. Deigarria da Alaphilippen kasua. Berak esana da Euskal Herrira iritsi arte ez zekiela erlojupekorik zegoenik, eta atzo goizean ikusi zuen aurrenekoz. Haren denbora oso ona da, eta, gainsarien ehizan trebe aritzen bada, faborito nagusi bilaka daiteke.

Ion Izagirre izan zen lehen euskal ordezkaria, zazpigarren, irabazlearengandik 22 segundora eta Kwiatkowsirengandik hamabira. Errepide nahiko lehorrarekin aritu zen, eta ez zen gustura gelditu. Gorako bidean izugarri ondo aritu zen, markarik onenetan hirugarrena egin baitzuen, baina aldapa behera segundo askok egin zioten ihes. Astanak du lasterketako talderik indartsuena —Pello Bilbao 12. izan zen, 32 segundora, eta Jakob Fulgsang 16., 38ra—, eta, orain, erasora jotzea dagokio. Izan ere, Ion Izagirre ez da beste aurkari batzuk bezain trebea gainsarien ehizan. Gaur du Astanak lehen aukera, Nafarroan. Lurbideen eguna izango da, baina ikusi eta probatu dituzten guztiak bat datoz: ez dira hain zakarrak. Ea euriarekin berdin jarraitzen duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.