Mikel Oiartzabal. Realeko jokalaria

«Jokatzen badira, ligako azken 11 partidak finalak izango dira»

Realari une onean eten zitzaion sasoia, eta orduko sentipenak berreskuratu nahi ditu Mikel Oiartzabalek. Jokalari eibartarrak uste du taldekideak «gogor» ari direla lanean: «Ahalik eta lasterren itzuli nahi dugu lehengora, urtea goian amaitzeko».

REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Realean pisu handia duen jokalaria da Mikel Oiartzabal (Eibar, Gipuzkoa, 1997). Zubietako haztegiko harribitxia da, lehen taldeko kapitainetako bat. Zelaian eta handik kanpo txuri-urdinen erreferenteetako bat da. Baloiarekin aterantz jotzen duen gisan erantzun ditu galderak ere: zuzen, itzulinguru gehiegi eman gabe. Entrenamenduetara itzuli izanaz, taldearen egoeraz, bere jokoaz eta hurrengo helburuez mintzatu da.

Itzuli zarete Zubietara. Argi izpi bat ikusi duzue?

Bai. Guretzat, gertuago ikusten dugulako jokatzea, eta baita jendearentzat ere. Ez dakigu jokatuko dugun ala ez, baina zerbait berria da, ezberdina.

Zer sentitu duzu lehen lan saioetan?

Lehenengo egunetan, nekea. Ohitura galduta geunden. Pixkanaka, egunek aurrera egin ahala, hobeto sentitu gara. Normala den moduan, erritmoa hartuz joan gara. Gehiago egiteko gogotsu gaude, ahalik eta ondoen egoteko.

Orain artean hartu gabeko prebentzio neurri jakin batzuekin ekin diozue. Alde horretatik ere ezohikoa izan da.

Bai. Futbolean, edo edozein kiroletan, ordu asko igarotzen ditugu entrenatzaileekin, fisioterapeutekin, sendagileekin, taldekideekin... Horrenbeste denboraren ondoren berriz ikusi, eta ezin ukitzea arraroa egiten da. Baita eskularruekin korrika egitea, maskararekin ibiltzea eta abar. Beharrezko neurriak dira; egoera hau ez da txantxetakoa, larria da. Espero dut pixkanaka hobera egitea.

Nolako garrantzia du lan saioei ondo berrekiteak?

Oso garrantzitsua da. Bi hilabete igaro dira azken partidatik, eta, itzulera honetan, nahiz etxean gauzak egiten aritu, ez da gauza bera. Ohitura galtzen du gorputzak, sufritu egiten du, eta lehen egunetan garrantzitsua da lesiorik ez egoteko prebentzioa egitea. Gero, pixkanaka lan karga igoko dugu.

Talde guztia ari da entrenatzen. Seinale ona da hori.

Bai. Halere, egoera honetan normala eta posiblea da [koronabirusarekin] positibo ematea, edo birusa hartzea. Ez dago gure esku ehuneko ehunean, nahiz eta prebentzioa egin ez kutsatzeko. Edozein detaile txikirekin harrapatu dezakezu, eta logika baten barruan sartzen dugu egunen batean halako zerbait gertatzeko aukera. Normalizatua dugu, eta ez dugu arazorik.

Lesioren bat izateko arriskua handiagoa da orain?

Azkenean, bi hilabete pasa egon gara geldirik. Talde batzuetan, izan dira lesioak. Hau denboraldi-aurre bat bezalakoa da, eta halakoetan ohikoak dira lesioak. Guri, oraingoz, ez zaigu halakorik gertatu, eta gauzak ondo egiten ari garen seinale da.

Alemaniako Bundesliga martxan jarri dute. Esperantzari ate bat zabaltzen dio horrek?

Ez dakit jokatzeko esperantzarik ekarri duen. Gutxienez, bi hilabeteren ondoren telebistan futbola ikusi dezakegu. Egunero ikusten genuenontzat luze egin da, eta ziur jende asko egon zela telebistaren aurrean.

Laugarren zarete Espainiako Ligan, eta Kopako finalerako sailkatuta zaudete. Bilakaera bikaina eten dizue birusak.

Bai. Egia da momentu oso on batean geundela, bai joko aldetik, baitaemaitza eta sentipenen aldetik ere. Talde barruan ikusten genuen ondo ari ginela, jendearen jarrera ona zela jokatu ala ez, eta edozeinek edonoiz jokatu zezakeela. Hori oso garrantzitsua da talde bat urte bukaeran goian egoteko; ez da hamabi edo hamahiruren lana. Denona da, eta lan egin behar dugu une hori itzul dadin.

Geldialdiak hoztu egin du orduko sua?

Uste dut denoi gertatu zaigula gauza bera. Hain sentipen arraroa da, ez dakizu bihar zer gertatuko den. Egoera oso aldakorra da. Behin martxan jartzen bada, ikusiko dugu nola aurre egin.

Gauzak ondo bidean, datorren hilean berrekin nahi diote ligari. Gaur-gaurkoz posible ikusten duzu?

Ez dago gure esku, edo oso portzentaje baxuan dago. Erabakia hartu behar duenak hartuko du, eta ziur nago jendearentzatonena egingo dutela, eta jendearen egoera fisikoa kontuan izango dutela. Egia da entrenatzen hasita gertuago ikusten dela itzulera, baina ez dakigu jokatuko dugun ala ez, ez baitakigu birusak nola eboluzionatuko duen.

Klub batzuetako jokalariek azaldu dute ez dutela itzultzeko baldintzarik hautematen. Ez itzultzeko eta orain arteko lana ezerezean geratzeko aukerak ezinegona sortzen du?

Egoera eta kasu ezberdin asko daude. Guztiak errespetatu behar dira, iritzi denak, baina niretzat, pertsonalki, egun hauetan hartu diren neurriak seguruak izan dira; ez naiz arriskuan sentitu. Egia da partidak jokatzean ezin direla kontaktuak kontrolatu, baina berez, denok egoera onean egotea bermatuko da. Klub bakoitzak bere ikuspuntua izango du, bere egoerak dituelako, eta errespetatu egin behar dira.

Onenean jarrita, demagun jokatuko direla ligako 11 partidak. Txapeldunen Ligako postua duzue jokoan.Hori da helburua?

Asko dago jokoan. Itzultzen bagara, 11 partidak finalak izango dira. Dena estu dago goialdean, eta guk ahalik eta goren egon nahi dugu. Ez da erraza izango; gainontzeko taldeak ere gure egoera berean daude. Ni, pertsonalki, ondo nago, eta jendea ondo ikusten dut, lanean zentratuta. Saiatu behar dugu gure onena ematen sasoi-aurre txiki honetan, azken partidetarako ahalik eta ondoen egoteko.

Zeintzuk izango dira partida horietako gakoak?

Lehen partidetara ez gara bete-beteaniritsiko. Normala da:bi hilabete geldirik egon ostean, hilabete azkarrean sasoi ona hartzea, taldeak lehengo jokoa hartzea, oso zaila izango da. Posible bada, eta horretarako ari gara lanean. Garrantzitsua izango da partida bakoitza azkena balitz bezala jokatzea. Une bakoitzari garrantzi handia ematea.

Talde handiak eta aurkari zuzenak izango dituzue kontrario. Ez da samurra izango, ezta?

Partida oso zailak ditugu aurrean: etxean eta kanpoan. Hau dena gertatu arte oso sentipen onak nituen, taldea konfiantzarekin ikusten nuen, gauzak ondo egiteko gogoz. Askotan hori garrantzitsuagoa da, ia gorputza baino gehiago. Taldea indartsu ikusten dut, eta gauzak ondo ateratzeko konfiantza dut.

Itzultzekotan, ateak itxita jokatuko dituzue neurketak. Etxeko partidetan zaleen babes falta nabaritzeko arriskua dago?

Denon aurka egiten du horrek. Futbola jenderik gabe ez da gauza bera, baina egoera kontuan hartu behar da. Larria da, eta ateak ixtea, denon hobe beharrezkoa. Ez dakigu zer bilakaera izango duen, eta hobera egingo duela pentsatzen dut. Hobetze prozesu horretan, jendea pixkanaka zelaira batuz joango da.Nik nahiago dut jendearekin jokatu, baina une honetan normala da.

Horrela gelditzeak zer sentipen utzi dizu?

Pena, taldea oso ondo zegoelako. Jokatzen zuenak jokatuta ere maila ona ematen zuen, eta oraintxe ez gaude liga hasiko den ala ez pentsatzen, ez baita gure erabakia. Pentsatzen duguna da ahalik eta lasterren lehengo sasoi hura berreskuratzea.

Taldea bai, baina zu ere ondo ari zinen sasoi honetan.

Momentu batzuetan nekea eta pisua igartzen nuen, baina pozik nengoen. Taldeari laguntzen ari nintzela uste dut, eta pertsonalki pozik nago egindakoarekin, taldealaugarren dagoelako. Niretzat, hori da garrantzitsuena.

Mikel Oiartzabalen unerik onenak sasoi honetan ikusi dira?

Uste dut momentuak direla. Partida batzuetan hobeto sentitu naiz, eta besteetan, okerrago. Beti esaten dut lehen gauza lana eta esfortzua direla. Dena ematen duzunean, gauzak errazago heltzen dira. Gauzak ondo irteten ez direnean, burua jaten eta ahalegindu gabe egoten bazara, orduan iristen dira arazoak. Momentu batzuetan ondo sentitu naiz, eta horri eutsi nahi diot.

Bai joko aldetik, bai kapitain gisa, Realeko erreferenteetako bat zara. Zer esanahi du horrek zuretzat?

Harro eta pozik nago. Hainbeste jendek nigan konfiantza izateak harro nauka, eta saiatzen naiz horri erantzuten. Egia da batzuetan ez dela erraza, eta aldapa gora egiten dela pixka bat, baina indartsu nago, eta horrela segitu nahi dut.

Etxeko jokalari batentzat gozamena izango da bere taldearekinhalako denboraldi bat egitea.

Bai. Beti esan izan dut bertako jendeak Reala modu berezi batean bizi duela, baina meritu guztia dute kanpotik etorri direnek ere. Nola sentitu duten Reala, nola jaso duten guk transmititu dieguna... Gure funtzioa hori ere bada: guretzat Reala zer den gainontzekoei transmititzea. Haiei iritsi zaie hori guztia, eta asteburuero ikusten ari gara taldearen alde dena ematen ari direla.

Bizitzaren parte handi bat daramazu Realean. Zer sentitu zenuen Espainiako Kopako finalerako sailkatu zinetenean?

Egun oso berezia izan zen niretzat. Hainbeste alditan pentsatzen duzu halakoetan... Azken urratsa falta zaigu, eta ez dakigu noiz izango den. Baina ea azken pauso hori eman eta urtea ondo ixtea lortzen dugun.

Zuk aipatu duzu ez dakizuela noiz izango den finala. Aukeran zer nahiago, ateak itxita ahalik eta lasterren jokatzea, edo beranduago eta zaleen aurrean?

Pertsonalki, hemendik gutxira izatea gustatuko litzaidake, baina ez litzaidake gustatuko jenderik gabe jokatzea. Ezinbestean, jendaurrean jokatu behar da, eta badirudi horretarako ezin dela aurki izan. Balantza batean jarri behar dira bi aukerak, eta erabakia hartu behar duenak hartuko du. Egia du guk pisu apur bat badugula hor, baina azken erabakia ez dago gure esku.

Berez, apirilaren 18an zen jokatzekoa. Zure taldekide batzuek esan dute finala ondo gogoan izan zutela eguna iritsi zenean. Zuk ere bai?

Egoera honetan, oso modu ezberdinean bizi izan nuen. Ez zara guztiz kontziente izaten, ez dakizu zer egunetan bizi zaren. Egunero gauza berak egiten dituzu, eta albisteen zain egoten zara. Behin jendearekin hitz egiterakoan gogoratzen duzu Sevillan egongo ginela, hori bai. Uste dut oso egun polita izango zela, bai guretzat, baita zaleentzat ere.

Dataren inguruko ezjakintasunak urduritzen zaitu?

Ez da gure kontua soilik: guztiona da. Azkenean, ez dakigu bihar zer gertatuko den, egoerakaldatzera egingo duen ala ez. Buruak kentzen duen hori da; ez dakizu zer egingo duzun bihar, ez dagoelako ezer argi. Gure esku ez dagoena ezin da kontrolatu. Datorrena etorriko da, eta kito.

Hil honetan lau urte beteko dira Realarekin debuta egin zenuenetik, eta dagoeneko pisu handiko jokalaria zara taldean. Nola baloratzen duzu hori?

Pozik nago, kontentu horrenbeste partida jokatzeagatik. Niri tokatu zait horren denbora gutxian hainbeste jokatzea, eta pozik egoteko arrazoia da. Espero dut hau hasiera besterik ez izatea, eta urte askoan jarraitzea.

Lau urte hauetan asko aldatu al zara?

Mentalki gehienbat. Lehen urtean, iristean, oso gaztea nintzen, eta ez nuen partida profesionalik jokatu. Ez Bigarren B mailan, ezta Bigarrenean ere. Ohitura eta esperientzia falta izaten da, eta hori egunero jende honekin aritzeak ekartzen du. Nahi ala nahi ez, aldatu egiten zara.

Penaltiak jaurtitzen aditu bilakatu zara. Zein da sekretua?

Aurretik irakasle ona nuela [Xabi Prieto]. Ikasiz joan naiz, entrenatuz, hala egiten delako. Badakit zer hobetu badudala, ordea, eta horretan saiatzen ari naiz.

Nola ikusten duzu Zubietako harrobia?

Realean beti izan da garrantzitsua. Normala den moduan, kanpotik etorri behar dute batzuek, baina Zubieta beti da lehen aukera. Hori ikusi dugu, eta guretzat eta txikientzat garrantzitsua da hori. Beste arrazoi bat da lanean segitzeko, eta gaztea zarenean ilusio handiagoa izatea dakar. Nire ustez, mantendu egin behar da hori: horrelakoa da Reala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.