Khimki 67-89 TD Systems Baskonia

Eguneko lana egin du: bulegoa jaso

Baskoniak erraz irabazi dio Khimki azken sailkatuari Moskun (67-89). Bigarren zatian hautsi du erabat partida. Euroligako kanporaketak jokatzeko aukera du oraindik

Tonye Jekiri saskipeko lanean nagusitsuna azaltzen, atzo, Moskuko partidan. SERGEI ILNITSKY / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Khimki. Shved (16), Zaytsev (8), Bertans, Monia (6) eta Mickey (13) —hasierako bostekoa—, Timma (3), Karasev (6), Vialtsev (11), Ponkrashov (2), Kadoshnikov (2), eta Voronov.
TD Systems Baskonia. Henry (2), Giedraitis (13), Sedekerskis (11), Polonara (7) eta Fall (14) —hasierako bostekoa—, Raieste (2), Vildoza (13), Jekiri (2), Diop, Peters (11), Dragic (13) eta Kurucs (1).
Markagailua. 14-24; 37-47 (atsedenaldia); 57-71; 67-89. Epaileak. Hordov, Gkontas eta Celik.Bestelakoak. 461 ikusle Arena Mytishchi pabiloian.

Lan errazeko egunak badaude. Baita kirolean ere. Justukoa egin, lanaldia bete, eta etxera. Baina egin egin behar dira lan horiek ere. Bai baitute arriskua: erraza izango delakoan, gogorik jarri ez, eta lanak egin gabe utzi. Atzo Moskun, TD Systems Baskoniak zeregin bakarra zuen: Khimki azken sailkatuari irabaztea. Bi garaipen baino ez errusiarrek Euroligan, eta azkeneko hamabost partidak bata bestearen atzetik galduta. Bete zuen berea Dusko Ivanovicen taldeak: bulegoa txukundu zuen, garaipena eskuratu, eta etxerako bidea hartu zuen.

Garaipena behar zuen Baskoniak, Euroligako kanporaketetan sartzeko aukerei eusteko, eta halaxe egin zuen (67-89). Aurreko bi partidetan ere irabazi egin zuenez, gertu ditu lehen zazpigarren eta zortzigarren lekuak, bi eta garaipen batera [gaurko emaitzen esperoan]. Hasi eta buka menderatu zuen emaitza. Jokoa ere bai ia partida osoan. Bi arlo hauetan egin zuen aldea: erreboteetan (48 Baskoniak, 24 Khimkik), eta hiruko jaurtiketetan (%54, eta %39). Hala ere, batzuetan, sendotasuna falta izan zitzaion defentsan eta erabaki onak hartzea erasoan, eta, nola Khmkik baduen kalitate handiko jokalaria, Alexander Shved, jaikialdia izan zuten errusiarrek (hamar puntu sartu zituen bigarren zatiko lehen bost minutuetan).

Bigarren laurdena amaitzeko bi minutu pasatxo falta zirela, puntu batera jarri zen Khimki, eta hirugarren laurdeneko hirugarren minutuan, zortzi puntura ere ibili zen. Lau laurdenak kontuan hartuta, Baskoniaren eskasena bigarrena izan zen, jolasean bezala jokatu zuelako, etxekoen mesedetan. Baina atsedenaldira joan aurreko azkeneko minutuetan, aldea zabaldu zuen Falli esker (saskiratzailerik onena Baskonian), eta hamar goitik bukatu zuen lehen zatia (37-47).

Bigarren zatian, hobeto

Partidako giltzak non zeuden agerian utzi zuen lehen zatiak: defentsan, eta erasoan aukerak baliatzea, errusiarren defentsako lan eskasa profitatuz. Biak bete zituen Ivanovicen taldeak, eta hori nabarmendu zuen entrenatzaileak: «Defentsan hobeto aritu gara, eta erasoan, zentzua eman diogu jokoari, baloia eremuan sartuz». Eraginkortasuna ere ez zenez asko jaitsi, hirugarren laurdenaren erditik aurrera, ospa egin zuen. Horri gehitu behar zaio Khimki ez dagoela lehiarako, eta,amore eman zuenez aurkariak ihes egin zionean, azkeneko laurden ia osoa gozoa izan zen Baskoniarentzat. Atzokoari segida emateko aukera datorren ostiralean izango du: Izar Gorria datorkio Gasteizera, atzealdean dabilen beste talde bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.