Oposizioko alderdiek ez dute Katalina maite

Iruñeko Udaleko oposizioko taldeek kritikatu dute Armada etorbideari Katalina Foixkoaren izena ematea. Espainiako armadaren alde agertu dira batzuk; besteak, erregina baten izena ematearen kontra.

Iruñeko Armada etorbidea hiriko etorbide handienetako bat da. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Arrazoiak erabat ezberdinak izan arren, Iruñeko udal gobernuan ez diren alderdiak batu ditu egungo Armada etorbideari Katalina Foixkoaren izena jartzeko erabakiak. EH Bildu eta Geroa Bai dira, beraz, izendapen berriaren alde dauden bakarrak. UPN eta PSN Espainiako armadaren alde agertu dira, eta horregatik ez dute izen aldaketa babesten. Aranzadi eta Ezkerra, berriz, Armada etorbidearen izena aldatzearen alde bai, baina Nafarroako Katalina izendatzearen kontra agertu dira.

Enrique Maia UPNko bozeramailearen ustez, Katalina Foixkoak beste toki bati eman beharko lioke izena, ez Armada etorbideari. «Asironen erabakia aldebakarrekoa izan da, Espainia eta haren instituzioak gorroto dituelako, eta ez Katalina Foixkoari inolako omenaldirik egiteko». Maiak beste toki bati izen hori jartzeko aukera izan zuenean, baina, ez zuen egin. Iturrama auzoan gertatu zen. Nafarroako Artxiboak hiru izen eman zizkion udalari aukeratzeko: Leonor Trastamarakoa, Atariaundia toponimoa edo Katalina Foixkoa. Lehenbizikoaren alde egin zuen Maiak.

Erabakia «aldebakarrekoa» dela ere salatu du UPNk, baina kaleen izendapena alkatearen eskumena da. UPNk gobernatu duen garaian ere «aldebakarrez» erabakitzen ziren izenak.

PSNk, Aranzadik eta Ezkerrak ere kontsentsu falta jarri dute mahai gainean. Hirurek uste dute udal gobernuak gainerako alderdiekin hitzartu behar zuela izendapena. PSNko Maite Esporrinek izen aldaketa baztertu du: «Katalina Foixkoari erabateko errespetua diogu, baina ez zen arma gisa erabili behar armadaren kontra egiteko». Erabakia «interes alderdikoi» eta «nazionalista» bati men egiten diolakoan dago.

Laura Berro Aranzadiko zinegotziak «alkatekeriatzat» jo du erabakia. Haren alderdiak nahiago luke Bakearen edo Berdintasunaren etorbidea balitz Armadarena. Izan ere, Nafarroako Katalina emakumea bai, baina «pribilegiatua» zela eta, ez diote ohorerik egin nahi. «Iruñean, oraindik, errege, militar, Elizako kide eta beste estamentuetako jende gehiegiren izenak ditugu kaleetan. Bien bitartean, behetik, herritarren bizitzak hobetzen eta hiria eraikitzen lagundu duten herritarren istorioak ahanzten dira». Armada etorbidearen izena aldatzea begi onez ikusi du, dena den, eta beste batzuk ere aldatzeko eskatu du.

Geroa Baik erabakia txalotu du, eta emakume bati etorbide handi baten izena jartzearen balioa nabarmendu du. Joseba Asiron Iruñeko alkateak, noski, erabakia defendatu du. Kritikei ere erantzun die. Katalina pribilegiatua zela diotenei «presentistak» izatea leporatu die, duela 500 urteko gertakariak egungo irizpideekin epaitzeagatik. Beste zerbait ere gogoratu nahi izan du: «Udal gobernu hau izan da emakume aitzindariei parke bat eskaini diena, Carmen Baroja Nessiren jaiotetxearen azpian plaka bat jarri duena, eta, batez ere, Maravillas Lamberto emakume zigortuari parke handi bat eskaini diona».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.